Mikel Zubimendi
Elkarrizketa
Hedoi Etxarte
Idazlea

«Emantzipazioarenak oihartzun egiten dit, ezaugarri baikorreko aberria»

1986an Iruñean jaioa, ‘Suzko lilia’, ‘Sinplistak’ eta ‘Sortaldekoak’ poema liburuen egilea da, prentsan zutabegile, Katakrak-en liburu-denda eta argitaletxeko langile. Euskaltzaindiaren Irailekoak poesia jardunaldietan ‘zer da aberria?’ hariari tiraka hitzaldia eman zuen joan den larunbatean.

Hedoi Etxarte idazlea.
Hedoi Etxarte idazlea. (Iñigo URIZ | FOKU)

Definitiboki, aberriarena gai konplexua da, galdera-mailuak lanean jartzen dituena. Eta poesian nola landu den errepasatzen duen hitzaldia emateak bertigoa eman behar du. Poesia… poesia delako, ezer ez eta, aldi berean, dena biltzen duelako. Memoria jasotzen duelako, nor garen gogoraziz, kontzientziak astinduz, sentsazioak piztuz, azalkeriari aurre eginez.

Horretan jardun da Lekeition Hedoi Etxarte idazle iruindarra. Galdera-mailuekin, zalantza-dantzan: Joxe Azurmendik Orixerekin hausnartu bezala, zer dugu aberriaren alde? Eta zer dugu aberriaren kontra? Klasea aberri gisa bizi daiteke? Zein da desjabetuen aberria? Ekoizpen moldeen jabe ez direnak ez direlako munduaren jabe ez bada beren beharrarena. Eta erantzunak aurkitu aldera ariketa tautologikoa proposatu zuen: bere etxeko liburuek gaiari buruz zer dioten aztertzeari ekin zion. Beste galdera batzuk luzatu dizkiogu gure irakurleekin ere aberriaz jardun dadin.

Aberria eta poesia, gai potoloak benetan, ezta?

Oso gai konplexuak dira eta zehatz ala zabal erantzun zitezkeen. Ariketa filologiko bat egin zitekeen, bilatzailea martxan jarrita: aberriaz nork zer dio. Nik beste ariketa bat egin nahi izan nuen, aberrian zentratu baina aberria aitzaki gisa eta maite ditudan poetak ekarri. Horretarako, etxeko apaletan nituen poemetara jo dut bereziki. Aberriari oso modu diferente erantzun dakiokeelako. Hitzaldia, gainera, uztailaren 14an osatu nuen kasualitatez, poema eta kantu mordoa sortu dituen 1789ko Frantziako iraultzaren egunean, nolabait, Frantziako aberri egunean. Baina astebete lehenago ala ostean eginez gero beste olerki batzuk egongo lirateke hemen, noski.

Che Guevarak NBEko Batzarrean oihukatu «Patria o muerte» hura gogoan, Lauxaetaren «Mendigoxaliarena» poemara iristen zara. Aberria ala hil, «dena emon biar yako matte dan askatasunari», aberriaren zentzu tragikoa izerditzen dute, ezta?

Aberria aho biko mailua bat da: jende xehearen askapenerako aldarri izan da eta izan da ere beste herri batzuk ala herri bat bera zapaltzeko aitzakia bat, oso kontzeptu zabala delako. Zentzu horretan, niri oihartzun egiten zidan aberria, interesatzen zitzaidana, emantzipazioaren aberria zen, batzuetan intentsitate handiz ala apal baina ezaugarri baikorreko aberria. Eta hortik jo dut, oso pasarte ezagunak dira Che Guevararena, posterrak daude, postalak, afixak Kuban, eta Lauaxetarekin berdin, Antton Valverdek 1970etan abestu zuen eta, gerora Eñaut Elorrietak ere. Zuk diozuna, aberria heriotzarekin, tragediarekin lotzen dute.

Aberria aho biko mailua bat da: jende xehearen askapenerako aldarri izan da eta izan da ere beste herri batzuk ala herri bat bera zapaltzeko aitzakia bat, oso kontzeptu zabala delako

Aurkitu duzu euskal aberriaren zentzu bitalagorik? Bizitzaren kontraesan eta lokatz guztiekin lotuagoa, nolabaiteko «Aberria eta bizi» bat?

Aberriaz asko idatzi da Euskal Herrian. Ez du zer ikusirik 2000ko hamarkadan Angel Errok idazten duenean ‘Aberriak ez zaitu behar nik beste. Badakit, denok zerbait eman behar dugu gutxi batzuek guztia eman ez dezaten. Baina nik ez zaitut zu eman nahi’. Ala Mikel Azurmendik 1970etan ‘Eta orain borrokarenean’ liburuan egiten duenarekin. Testuinguru historikoa dago, unean uneko politika eta poetak hartzen duen posizioa.

Lauaxetatik Lorcara, eta handik Gabriel Arestiren bankerorik gabeko aberrira. Zerorrek pausatzen duzu galdera: Arestiren aberria Euskal Herria ote? Klasea da aberria eta bandera gorria bere ikurriña?

Nik uste, zalantzarik gabe, Gabriel Arestiren aberria Euskal Herria dela, baina neurri handi batean, bere obran Espainia ere marko politiko propio bat da. Gertatzen dena da, aldi berean, Euskal Herriko intelektual erdaldunei kargu hartzen diela euskarari jaramon ez egiteagatik. Garbi dagoena da Arestik, Frankismoan, biak ikusten dituela zapalduak: Euskal Herria eta Espainia. Bere poemetan Arestik senidetasun bat osatu nahi du langile klasearen artean, ez nuke esango klasearekin aberri bat egiten duenik hori obrerismoa litzatekeelako. Bandera gorria bai dela Arestiren obra heldu osoan etengabe agertzen den ikono bat, ‘Motor Ibérica’ poeman Nafarroako banderarekin nahasten da esaten duenean ‘Zu, Nafarroa, Iruñea: Zure bandera gorriak bizi behar gaitu...’.

Aberriaren eraikuntzarako elementu zentrala hildakoen artean hautatuekin egiten den kontakizuna dela diozu.

Heriotza bi zentzutan da, gutxienez, dramatikoa. Batetik, jendea desagertzen da, ez dago bizirik, ez da elementu aktibo bat eta beraz presentzia galtzen hasten da bizi direnen oroitzapenen menpekoa delako. Bestetik, hil diren gehienez ez da inor, aurki, gogoratuko. Hautaketa horretaz ari da Karl Marx Luis Bonapartere Brumairearen hemezortziko pasarte horretan. Nor gogoratu erabakitzen dugunean, automatikoki eta nahiagabe, milaka lagun ahazten ari gara. Delikatua da eta, aldi berean, ezin da bestela egin.

Nor gogoratu erabakitzen dugunean, automatikoki eta nahiagabe, milaka lagun ahazten ari gara

Zureen sentitzen duzun aberriaren aitorpena Bertold Brecht-ek Alemaniakoari egindakoa da. Alemaniaren tokian jarri Euskal Herria, Oderretik Rhinera beharrean Aturritik Ebrora…

Gure amona Pilarrek, haren amona izan ezik, senide guztiak izan zituen kartzelan ala Intxortan 1936ko Arrasaten. Sarritan esaten zuen euskaldunek ereserki bakar bat izan beharrean egin behar genuena zela abesti asko izan eta abestu. Gerraren osteko Alemania galtzailean idatzi zuen Brechtek, oro har naziekin bat egin zuen horrekin bestelako aberri bat eraiki nahi zuten. Xaloa da poema, barea, neurri batean, normalki ereserkiak izaten direnaren oso bestelakoa.

Atzo, irailak 27, Txiki eta Otaegi euskal abertzaleak eta Frente Revolucionario Antifascista y Patriotico-ko Sanchez Bravo, Baena eta Garcia Sanz fusilatu zituzten eguna. Hausnarketa interesgarri batekin bukatu duzu hitzartzea.

Lehen aipatu ditugu ahaztuak, bazterrean geratzen direnak eta, zentzu horretan, tragikoa da fusilatu zituzten FRAPeko militanteen patua: inork ez ditu gogoratuko, zergatik? Haiek ere abertzaleak ziren, espainiar abertzaleak, baina espainiar abertzaletasuna ez da haien bidetik joan. Eta bada paradoxa: Francok Espainiaren alde hil zituen beste Espainia baten alde ari ziren militante antifaxista horiek. Bitxia litzateke, atzoko egunez aberriaz aritzea eta gertakizun horiek ez aipatzea.