
Maderas de Llodioko langileek mobilizazio berriak iragarri dituzte aste honetan, enpresak aurkeztu duen aldi baterako enplegu erregulazio espedientearen (EEE) aurka eta eskualdeko enpleguaren defentsan. Bi hitzordu nagusi izango dira: urriaren 1ean, asteazkenean, elkarretaratzea egingo dute Logroñon, Garnica enpresaren bulego nagusien aurrean; eta urriaren 2an, ostegunean, manifestazioa egingo dute Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Legebiltzarrean.
Astelehen honetako prentsaurrekoan langileek esan dutenez, Garnicak –Maderas de Llodioren jabe den enpresak– ez du inolako justifikaziorik aurkeztu ekoizpenaren %40 Laudiotik kanpora eramateko eta 39 langile kaleratzeko. Egoera hori salatzeko eta deslokalizazioa gelditzea eskatzeko, Logroñoko elkarretaratzea «funtsezkoa» izango da. «Argi eta garbi esango dugu ez dugula onartzen deslokalizazio hau, eta enplegua bermatuko duten alternatibak bilatzea eskatuko dugu», azaldu dute Maderas de Llodioko langileek.
Urriaren 2an, aldiz, «instituzioen jarrera» salatuko dute. Hain zuzen ere, Gasteizko Legebiltzarrean eta Arabako Batzar Nagusietan egingo duten agerraldi eta manifestaziaren bidez, eskualdeko enpleguaren aldeko benetako konpromisoa exijituko diete erakundeei. Langileen ustez, «enpresak ez ditu justifikatu erabaki honen arrazoi produktiboak ezta antolakuntzakoak ere, ez ditu alternatibak baloratu», eta kritikatu dute «Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia beste aldera begira» daudela.
«Zeren zain zaudete esku hartzeko? Utzi langileak kriminalizatzen dituzten diskurtsoak erabiltzeari eta zuen ekintzarik eza justifikatzeari. Diru publikoa enplegua defendatzera bideratu behar da, ez kaleratzeak erraztera», adierazi dute.
Maderas de Llodioko langileek azpimarratu dute enpresan «ez dela inor soberan», eta euren helburua ez dela ekoizpena geldiaraztea, baizik eta «hobetu, zabaldu eta etorkizunean enplegu gehiago sortu» nahi dute. Horregatik, komiteak alternatiba bat proposatu dio enpresari, deslokalizazioa saihesteko eta tokian tokiko industria indartzeko.
Azken asteetan eskualdeko hainbat enpresa batzorde, Udal, hezkuntza zentro eta gizarte eragilek babesa adierazi diote Maderas de Llodi-ko langileen borrokari. Enpresa batzordeak eskerrak eman dizkie Tubacex, Tubos Reunidos, JEZ, Aiala Vidrio, Vidrala, Amurrio Ferrocarril, eta beste hainbat enpresa eta erakunderi, «borroka honi batzeagatik» eta mozio bidez euren elkartasuna adierazteagatik.
Maderas de Llodio enpresako langileak greba mugagabean daude irailaren 22tik, 151 langiletik 39 kaleratzea dakarren EEEaren aurka.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon
