
Iragan berri den asteburuan, hain zuzen ere 26tik 28ra, mendi lasterketek festa handia izan zuten Canfranc-en (Huesca). World Athletics edo Atletismoko Nazioarteko Federazioak antolatuta, Traileko eta Mountain Running-eko Munduko Txapelketa jokatu zen. Festa handia diogu, hitzordu nagusi horretan, giro aparta eta lehia ederrak ikusteaz gain, 73 herrialdetatik 1.800 korrikalarik parte hartu zutelako. Kopuru oso esanguratsua izateaz gain, onartu behar da azken ekitaldi horrek maila handia izan duela.
Korrikalari horien guztien artean, euskal ordezkaritza zabala izan zen. Hain zuzen ere, espainiar federazioaren elastikoarekin bederatzi lehiatu ziren antolatutako ibilbide eta distantzia ezberdinetan: Naiara Irigoien, Onditz Iturbe, Malen Osa, Sara Alonso, Oihana Kortazar, Ines Astrain, Pello Berrizbeitia, Ekain Fernandez eta Ibai Larrea. Zalantzarik gabe, bederatzi lasterkari horietatik Alonsoren lana goraipatu eta azpimarratu behar da; izan ere, donostiarra izan zen euskal domina bakarra erdietsi zuena.
Euskal talde horren inguruko errepasoa hasteko, Uphill proba (6,4 km, 990 m+) aipatuko dugu. Nina Engelhard alemanak irabazi zuen 45:33 kronoarekin. Nahiz eta iazko Skyrunning-eko Nazioarteko Federazioaren mundiala irabazi zuen, Naiara Irigoien nafarrak ez zuen aukerarik izan postu on bat lortzeko. Hogeita seigarrena izan zen 51:01 denborarekin. Onditz Iturbe, berriz, desagertuta egon zen: 81. postuan amaitu zuen.
Sara Alonso, bigarren
Short lasterketak edo maratoiak (45 km, 3.400 m+) bertikalen lekukoa hartu zuen. Proba horretan euskal emaitza onena erdietsi zen. Hain zuzen ere, Sara Alonsoren eskutik iritsi zen. Tove Alexandersson suediarrak egundoko erakustaldia egin zuen. 5:04:20 denborarekin aise gailendu zen. Donostiarrak bigarren postuan bukatu zuen: irabazlearengandik 33 minutura heldu zen. Oro har, lehia bikaina egin zuen: «Den-dena eman dut, eta bigarren postu hori garaipen bezala hartu dut. Banekien suediarra irabazteko aukerarik ez nuela. Igoeretan apustu handia egin dut, eta ondo atera zait. Zilar horrekin amesten nuen, eta etxera ekarri dut». Oihana Kortazar ez zen batere fin ibili eta 48. postuan helmugaratu zen. Malen Osa, berriz, eroriko baten ondorioz erretiratu egin zen.
Bestalde, ultra distantzian (81 km, 5.400 m+) bi estatubatuar gailendu ziren: Katie Schide (9:57:59) eta Jim Walmsey (8:35:51). Ines Astrainek 26. postuan amaitu zuen irabazlearengandik ia bi ordura, eta Pello Berrizbeitia berrogeita bigarrena izan zen 10:20:21 kronoarekin.
Classic lasterketan euskal ordezkari bat lehiatu zen: Ibai Larrea. Antzuolarra oso ondo aritu zen proba azkar horretan (14 km, 775 m+). Hamazazpigarren postuan amaitu zuen; irabazleak 3 minutu eta 49 minutu atera zizkion. Amaitzeko, 20 urtez azpikoen mailan (8 km, 338 m+) Ekain Fernandez 29. postuan helmugaratu zen.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
