
LAB sindikatuak Nafarroako Volkswageni exijitu dio suteen aurkako babes zerbitzuaren antolaketarako akordioa guztiz betetzeko, kanporatzea eteteko, brigada bakoitzeko bost suhiltzaile bermatzeko adina langile kontratatzeko eta detektatutako beharretara egokitutako baliabide teknikoak eta prestakuntza emateko.
Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, enpresa honek suhiltzaileen zerbitzua berehala kanporatzea erabaki du eta enpresa batzordeari proposatu dio indarrean dagoen akordioa aldatzea. Honek suhiltzaileak enpresako langileak direla ezartzen du, kanpoko enpresen parte-hartzerik gabe.
Enpresaren arabera, akordioa behar bezala ez delako bete hartzen dute neurria. Bi auditoria gainditu ez izanaren arriskuak eta Lan Ikuskarirzaren ebazpen bat bete behar izatea argudiatu dute. «Aitzakiak», LABen hitzetan.
2017ko epai baten ondorioz dira suhiltzaileak Nafarroako Volkswagenen plantillakoak, langileak legez kanpo lagatzeagatik epaitegira jo eta haien eskubideak aldarrikatzeko demanda irabazi ondoren, gogorarazi du LABek. «Suhiltzaileen zerbitzuaren kanporatzea mendeku ekintza argia da Volkswageneko zuzendaritzaren aldetik epaitegian koloreak atera zizkietelako langileek», salatu du.
Bost suhiltzaileko bost brigadek osatzen dute zerbitzua, 12 orduko txandetan. LABen arabera, egun batzuetan suhiltzaile bakarra egon da txanda bakoitzean, Nafarroako VWk uko egin diolako bitarteko langileak kontratatzeari, nahiz eta enpresako beste sail batzuetan ohikoa den hori egitea. Gainera, sindikatuak kritikatu du Giza Baliabideetako Zuzendaritzak absentismo maila altua argudiatu duela kolektiboan, gaur egun lantegiko gainerakoen antzekoa denean eta urtetan azpitik egon denean, LABen arabera.
«Volkswageneko Giza Baliabideen Sailaren arabera, suhiltzaileen zerbitzua, eredugarria izatetik, Nafarroako Gobernuko 400 suhiltzailerekin batera ikastaroak eginda, enpresa eta bertako langileak arriskuan jartzera pasatu da hiru urtean», dio LABek.
Sindikatuak adierazi duenez, Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren jokabidea «zekena eta zitala da; akordioa urratu dute eta honen ondorioak inolako erantzukizunik ez duen suhiltzaileen kolektiboari leporatu nahi dizkiote».
Langile, prestakuntza eta tresna falta enpresaren ardura direla defendatu du sindikatuak, kanporatzeak zerbitzuaren segurtasuna eta eraginkortasuna mehatxatzen dituela azpimarratuz. Zehaztu duenez, Lan Ikuskaritzak Nafarroako Volkswageni soilik adierazi dio orain arteko akordioa eta bere autobabeserako plana bete ditzala, bestelako neurririk hartu gabe.
LAB sindikatua, akordioaren sinatzaile eta akordioa ez betetzearen salatzailea, «kezkatuta» dago neurri honek suposatzen dituen aurrekariarekin, zerbitzuen kanporatzeak beste kolektibo batzuetara zabaltzea eragin dezakeelako bere ustez, hala nola, nominak, mantenua, prentsa tailerra, formazioa edo logistika.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

Un incendio provoca unos 40 muertos y 100 heridos en una celebración de Nochevieja en los Alpes
