
Andrzej Bargielen izena betidanik lotuta egon da zortzimilakoetan eskiekin egiten diren jaitsierekin. Harrigarria da alpinista eta eskiatzaile poloniarraren ibilbidea. Alde guztietatik begiratuta, oso-oso emankorra. Denera, zazpi erraldoi eskiatu ditu: Erdiko Shisha Pangma (2013), Manaslu (2014), Broad Peak (2015), K2 (2018), Gasherbrum I, Gasherbrum II (2023) eta Everest (2025).
Etena egingo dugu munduko mendi garaienean; izan ere, joan den irailean zerrendara gehitu zuen. K2-n bezala, Bargielek historia egin du Everesten: lehen jaitsiera integrala sinatu du oxigeno gehigarrik gabe. Igoera ere bai. Hori da poloniarraren ekarpen azpimarragarriena. Eta hori diogu lehen jaitsiera integrala Davo Karnicarrek egin zuelako duela bost urte, baina jaitsieran oxigenoz betetako botilak erabili zituen. Hans Kammerlanderrek eta Stefan Gattek ere ez zuten laguntza hori jaso igoeran zein jaitsieran, baina biek ala biek ezin izan zuten gailurra eta kanpaleku nagusia erabat lotu.
Eskiatzaile poloniarrak, denera, hiru ekinaldi behar izan ditu arrakasta hori lortzeko. Lehen biak 2019an eta 2022an izan ziren. Azken honetan, berriz, helburu handi hori erdietsi du. Jarduera historiko horren prozesuari dagokionez, esan behar dugu, girora egokitu eta gero, irailaren 19an gauerdia izateko ordu-erdi bat falta zenean, igoerari ekin ziola. Udaberriko denboraldian ez bezala, Everest ia hutsik zegoen. Bi egun behar izan zituen kanpaleku nagusia eta laugarrena (7.900 m) lotzeko. Berriro diogu: ez zuen oxigeno artifizialaren laguntzarik. Irailaren 21an, egun luze eta gogor batean murgildu zen. Ia 8.000 metroko altueratik irten zen. Aurreko egunetan bota zuen elurrak erritmoan eragina izan zuen; izan ere, urratsa zabaltzen gogor jardun zuen. 16 orduko eskaladaren ondoren, Bargielek munduko mendi garaienaren gailurra zapaldu zuen. Hain zuzen ere, arratsaldeko hiruretan. Igoera horretan Dawa Xerpa (“Speed Xerpa” goitizenez ezaguna) ondoan izan zuen.
Jaitsiera integrala
Nahiz eta lan eskerga egin behar izan zuen igoeraren azken egun horretan, lerrootako protagonistak minutu batzuk baino ez zituen egin talaia ikusgarri horretan. Ez zuen denborarik galdu nahi, eta jarraian eskiak jarri eta hegoaldeko isuriko ibilbide klasikoan sartu zen.
Bi etapa izan zituen jaitsiera horrek. Lehenbizikoan, bi ordu behar izan zituen gailurra eta hegoaldeko lepoa lotzeko. Tartean, Hillary irtengune teknikotik igaro zen. Hortik aurrera, jaitsiera «lasaitu» zen, eta arratsaldeko zortzietan, gauez, bigarren kanpalekura (6.400 m) iritsi zen.
Erabateko segurtasunez jarraitzeko bermerik ez zuenez, Bargielek atseden hartu zuen kanpaleku horretan. Biharamunean, goizeko zazpietan eskiak berriro jarri eta jaitsieraren bigarren eguna hasi zuen. Ordubete beranduago lehen kanpalekutik igaro zen. Ondoren, Nuptseko mendi-hegalak eta Khumbuko glaziar arriskutsuak zeharkatu zituen.
Sekzio hori, gainera, soka finkoren segurtasunik gabe gainditu zuen. Ibilbide egokienetik jarraitu ahal izateko, Bartek anaiak informazioa helarazten zion drone baten bitartez. Goizeko bederatziak izateko ordu-laurden bat falta zenean, eskiatzaile poloniarrak amaiera eman zion bi eguneko jaitsierari.
Jakina, jarduera historiko horren amaieran Bargiel pozarren zegoen eginiko ekarpenarekin: «Nire kirol ibilbidearen mugarri garrantzitsuenetarikoa izan da. Everest eskiekin jaistea amets bat izan da, eta azken urteotan helburu hori mamitzen egon naiz. Ez da batere erraza izan. Banekien udazkeneko baldintzak nahasiak zirela eta Khumbuko glaziarrean ibilbide seguru bat aurkitzea zaila izango zela. Inoizko erronka handiena izan da».
Aurreratu dugun bezala, poloniarrak zazpi zortzimilako eskiatu ditu. Beste zazpi geratzen zaizkio zerrenda hori itxi ahal izateko. Jakina denez, xede handi horrek urte asko eskatuko dizkio, baina Bargielek baieztatu du saiatuko dela; lehena izan nahi du helburu horretan. Ez dakigu lortuko ote duen, baina, bederen, orain arte eginiko ibilbideak Olinpoan jarri du.

Ikasle etorkinei euskara ikastea errazten dien Eusle programaren arrakasta

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
