NAIZ

Harresi horiaren aurrean olatu zurigorria Dortmunden

Txapeldunen Ligako lehen bidaia egin dute athleticzaleek Alemaniara. Orotara, 4.000 zaletu egongo dira Signal Iduna Park zelaian. Goiz-goizetik ikusi izan dira tapauka zuri-gorriak, eta 18.30etan kalejira egingo dute zelaira.

Eguraldi goxoa topatu dute Athleticeko zaleek Dortmunden.
Eguraldi goxoa topatu dute Athleticeko zaleek Dortmunden. (Athletic Club)

4.000 lagun heldu dira Dortmundera Bilbotik eta Bizkaia osotik Athleticen alde egiteko asmoz. Gehienek eserlekua izango dute bertako estadioan, Europako handienetakoa, non «harresi horia» delakoa nabarmentzen den. Baina, aurretik kaleetan ageri dena olatu zurigorria izan da, eguerdi partetik aurrera.

 

Kluba bera ere harro azaldu da bere zalegoak berriro emandako erakustaldia dela eta.

 

Zabaldu dituen irudietako batean, gainera, Oscar de Marcos eta Susaeta ageri dira zaleekin batera. Kapitain izandako bi jokalari ohi, alegia, orain beraiek ere harmailetatik taldeari bultzada emateko prest.

Batzuentzako bidaia ez da gaur hasi, bezperan baizik. Eta anekdota bat utzi du Bruselan, bertan diren Newcastle taldeko zaleak Athleticekoekin batu direla kaleetan, elkarrekin Txapeldunen Ligako alaitasuna partekatzeko. Union Saint-Gilloiseren zelaian dute norgehiagoka ingelesek asteazken honetan. Izan ere, azaroan bilbotarrek Ingalaterrako iparraldean dute hitzordua Newcastlen aurka jokatzeko.

 

Kalejiran atera dira 18.30ak aldera athleticzaleen elkargunetik, guztiok batera Signal Iduna Parkera abiatzeko. 

Gaueko norgehiagokarako atzerako kontua alaitu duen albiste bat ere izan da, ospagai: Youth League delakoan garaipen handia lortu dute Athleticeko futbolari gazteek. 0-4ko emaitzaz nagusitu dira Borussiaren aurrean. Arsenali ere irabazi zioten lehenengo partidan 3-1, oso ondo ekin dio taldeak lehiaketa honi. Izan ere, bigarren postuan kokatu dira lehoikumeak.