
‘Azken batean’ nobela argitaratu berri du Lourdes Oñederra hizkuntzalari, ikerlari eta idazle donostiarrak. Bere hirugarren lan honetan, Elisa ama eta Elixabete alabaren arteko harremana da ardatza, indentitateaz, denboraren joanaz eta duintasunaren aldeko borrokaz hausnartzeko aukera emateko.
Asteazken honetan aurkeztu du bere lan berria Erein argitaletxeko Inazio Mujika Iraola editorearekin batera. Azken honek azaldu duenez, abiapuntua ama edo alaba ez den beste pertsonaia baten heriotza da, «Elisa amaren barrua lehenengo aldiz mugiarazten duena».
Horrela, oroitzapenak dira liburuaren «ardatz nagusia», baina baita familiako loturak, ama-alaben arteko «hurbiltasun nahasia», zahartzaroa, bakardadea «ezinbestean» eta «gure artean bizi izan dugun indarkeriaren arrastoak».
«Eleberri honek begirada sakona eskaintzen die indarkeriaren zauri oraindik irekiei, baina baita oroimenari, familiari eta Euskal Herriko historia hurbilean emakumeak izan duen paperari ere. Pertsonaien bidez, isiltasunaren eta erruaren pisua arakatzen du, erakutsiz nola biktimak askotan ikusezin bihurtu diren eta nola gizarteak aurre egin dien indarkeriari, justifikazio ideologikoari eta adiskidetzearen beharrari», laburbiltzen du Erein argitaletxeak.
Emakumearen ikuspegitik idatzita dagoela azaldu du Mujikak, bai idazleari esker eta baita protagonistei esker, ama emakumeen erresistentziaren irudikapena da eta. Hortaz, estiloari dagokionez, editorearen ustez, «xehetasunez eta memoria puskez josia» da, «intimoa».
Oñederrak berak ohartarazi duenez, idazleak «ahal duena» idazten du, «ez nahi nukeena erabat eta guztiz». Batez ere «ahal dudan moduan kontatzen» duela azaldu du; izan ere, «ez zait batere erraza gertatzen den istorioaren muntaketa egitea». Beti pertsonaietatik hasten da eta kasu honetan Elisa izan zen abiapuntua, baina alaba «berehala» etorri zitzaion.
Kontatzeko beharretik idazten duela gaineratu du, baina orain «idazlearen lana nik ikusten dudan bezala bukatu da eta hitza irakurleak izan beharko lukeela iruditzen zait». Behar horretaz gain, euskaraz idazteko motibazioa nabarmendu du, hizkuntza «bultzatzeko, osoa egiteko».
Bi min
‘Azken batean’ eleberrian, berak egindako besteetan bezala, pertsonaien arteko harremanean oinarritu da istorioa josteko, beraien arteko erlazioaren «korapiloetan harrapatuta», alegia. «Bi bizitasun, bi sufrimendu, bi biolentzia eta bi kalte mota» ageri dira, amarena eta alabarena.
Min horrek ETAren garaiko indarkerian du oinarri. Oñederrak honetaz idazteko erabakia hartu zuen biktimekin topo egin zuenean «lehen gaiaz hitz egiteko izan nuen gogoa nobelaraino iristeko gogoa hartu» zuelako. «Pentsatzetik sentitzera pasa nintzen eta emozio horrek ematen dizu erregaia ibilbide baten barrena abiatzeko», zehaztu du.

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

