Usurbilgo Aizpurua autobus konpainiak Irizarren azken belaunaldiko bost ibilgailu eskuratu ditu

Usurbilgo Aizpurua autobus konpainiak kapitulu berria zabaldu du bere ia 60 urteko historia luzean eta etorkizunera begira jarri da, Ormaiztegiko Irizar enpresaren azken belaunaldiko i6 Efficient modeloko bost ibilgailu erosiz.

Imanol Rego eta Aintzane Aizpurua, autobus berrien aurkezpenean.
Imanol Rego eta Aintzane Aizpurua, autobus berrien aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Autobus berrien aurkezpena bezeroekin batera ospatu nahi izan du garraio konpainia zuzentzen duen hirugarren belaunaldiak. Aintzane Aizpurua zuzendariak adierazi duenez, proiektua «1967an hasi zuten gure atton-amonek, bakoitza zekiena egiten», eta gaur egun, ia 60 urte igaro ondoren, «berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta teknologiaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, bezeroaren eskakizunei ahalik eta ondoen erantzuteko».

Zubietako jatetxe batean egindako ekitaldian Irizar Taldeko zuzendari Imanol Regok ere parte hartu du eta orain dela 50 urte baino gehiago Urepel modeloa saldu zionetik Usurbilgo konpainiarekin izan duten harremana nabarmendu du. Orain, Irizar i6 Efficiente modeloa da Aizpuruak eskuratu duena, «erosotasunean, segurtasunean eta eraginkortasunean erreferente bilakatu den ibilgailua». Izan ere, modelo honetako 2.400 autobus dabiltza munduan zehar.

Regok azaldutako datuen arabera, autobus berriek hainbat hobekuntza izan dute aerodinamika mailan, baita pisuan ere (950 kilo gutxiago) eta horri esker kontsumoa eta isuriak %13 gutxitzea lortu dute.

Berrikuntzarik ikusgarriena ispiluen desagertzea izan da. Horien ordez, ibilgailu berriek kamerak dituzte orain eta, aerodinamikaren hobekuntza ez ezik, segurtasunean ere aurrerapausoa ekarri dute, barruan dituen pantailei esker gidariak lehen baino askoz angulo gehiago ikus baititzake.

Aurkezpen ekitaldian autobus berri horietako baten diseinu berezia erakutsi dute, Mike Belindo (David Lopez Amezqueta) artista nafarrak sortutako bihotzen irudiekin osatua, bere esanetan, «bidaiatzea ez delako leku batetik bestera joatea bakarrik, esperientziak dira, emozioak».