BABESLEDUN EDUKIA

Elegantziak ez duela forma bakarra aldarrikatuko dute aurten Maritxu Kajoi egunean

Urriko lehen ostirala edo egubakoitza iritsi da eta Arrasaten dena prest dago Maritxu Kajoi eguna ospatzeko. Dotorezia, umorea eta aldarrikapena uztartzen dituen egun honetan, antolatzaileek hasunarketarako deia egin dute, «elegantziak ez dauko forma bakarra» aldarrikatuz.

Urtero bezala, aurten ere Maritxu Kajoik miraria egingo du ostiral iluntzean herriko plazan.
Urtero bezala, aurten ere Maritxu Kajoik miraria egingo du ostiral iluntzean herriko plazan. (MKJ)

Herriko txikitero baten ateraldiarekin hasi zen ospakizunak laster mende erdia beteko du, aurten 49. edizioa ospatuko baita, ohikoa den bezala, goizetik goizera luzatzen den jaiarekin.

Aurtengo kartela, beste urte batez, Ane Agirrek eta Miren Barrenetxeak egin dute eta, horren bitartez, ausnarketarako deia egin nahi izan dute antolatzaileek. Izan ere, Maritxu Kajoi ospakizuna «armairuak zabaldu, hautsa kendu eta atera beharrekoak ateratzeko» eguna izan ohi da. Baina aurten, elegantziak ez duela forma bakarra aldarrikatu nahi izan dute, «gorputz denek perimetro ezberdinen edertasuna daukien moduan». Horregatik, zera nabarmendu nahi izan dute: «Tradizinua ez deila kaixola izen, kultura oparo eta emankor baterako zubixa baizik».

Aurtengo jaietan ere elkartasuna adierazi nahi izan diote palestinar herriari eta honako mezua izango du eskapularioak: «Jaixa ez dau Israelek finantzietan, taberna laguntzailiek eta eskapulaixo zaliek bai!».

Ardozaleen patroiaren aldeko ospakizunei hasiera emateko, pasa den ostiralean Kooltur Ekintzak –Arrasateko ostegunak girotzen dituen lagun kuadrilla– urrezko enbutua jaso zuen Komisiñuaren eskutik, 2010etik herriari horrenbeste doinu emateagatik «eta kultura sold-out bat baino gehiago dela aldarrikatzeagatik»..

Urriak 3 honetako egitaraua goizeko 8.00etan botako diren etxafleruekin zabalduko da. 9.00etan gaupaseroen argazkia egingo dute eta 12.00etan txosnagunearen irekiera eta Burrunbazaleak txarangaren irteera izango dira.

Ohikoa den bezala, ekitaldi nagusiak arratsaldean izango dira: 19.00etan Oria txaranga eta helduen danborrada abiatuko dira eta 20.30ean Maritxuri lore eskaintza egingo zaio. Gauean ez da musika eskaintzarik faltako: 23.00etan dantzaldia hasiko da Luhartz taldearekin herriko plazan eta DJak txosnagunean, eta gaueko 00.30ean honako taldeak jardungo dira: Airon Maiden, Metalika, Merina Grease eta Ozeko Aztia.

Aurreko urteetan bezala, Maritxu Kajoi egunean indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak jarri ditu Udaleko Feminismoa eta LGTBI+ sailak, hala nola indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea, arreta puntua edota arretarako telefonoa. Azken hau urteroko telefono zenbaki berbera izango da: 688 809 137.

Bestalde, eta jai-gunearen eta alde zaharraren arteko jendearen joan-etorriak segurtasunez egin ahal izateko, urriaren 3an, 18:00etatik hasi eta urriaren 4ko 08:00etara Otalora eta Zarugalde kaleetako zirkulazioa moztu egingo da. Herribusa ere ez da igaroko itxitako eremutik; eta ordu tarte horretan San Frantziskoko biribilgunean eta Muxibarrekoan izango ditu behin-behineko geralekuak. TAO sistema ere bertan behera geratuko da Maritxu Kajoi egunean.

Informazio honen babesleak: Agirre Etxe Coviran, Aldedi ferreteria, Larrinetxe jatetxea.