NAIZ

Eroski taldeak %2,9 handitu ditu salmentak lehen seihilekoan eta 31 saltoki berri ireki ditu

Balorazio positiboa egin du Eroski Taldeak 2025eko lehen seihilekoari dagokionez, izan ere, pasa den urteko data berarekin konparatuz %2,9 handitu dira salmentak. 2.949 milioi eurora iritsi dira salmenta gordinak eta guztira 31 saltoki berri ireki ditu.

Lau supermerkatu berri zabaldu ditu Eroski Taldeak 2025eko lehen seihilekoan.
Lau supermerkatu berri zabaldu ditu Eroski Taldeak 2025eko lehen seihilekoan. (Eroski)

Eroski taldeak 2025eko lehen seihilekoko zerga ekitaldia amaituta balorazio positiboa egin du: «Jarduerak hazkunde gogorra izan du eta hobekuntza izan du marjina operatiboetan, kontsumoa egonkorra izan den testuinguru batean», adierazi du ohar baten bidez. 

Taldearen salmenta gordinak 2.949 milioi eurora iritsi dira, hau da, aurreko urteko epe berarekin alderatuta %2,9 handitu dira. Etekin garbia, berriz, 55,5 milioi euroan jarri da, 2024ko lehen seihilekoan baino %10,6 gehiago. 

Izan duten «sustapen politika bizia» azpimarratu dute Eroskitik: «Horri esker, 202 milioi euro baino gehiagoren aurrezpena helarazi die kontsumitzaileei seihilekoan. Hala, indartu egin da bere posizionamendu lehiakorra, etxekoentzat prezioa ona izatea oraindik giltzarri den testuinguru honetan». 

Eta horretarako, marka propioak indartzean egin duen lana txalotu du. «Bezeroen fidelizazioa areagotu da, marka propioaren eskaintza nabarmendu egiten baita kalitate eta prezio aldetik», adierazi du. Hurbileko produktuen alde eginiko apustua berretsi eta, nekazaritzako elikagaiei dagokionez, 2.000 ekoizlerekin kolaboratzen dutela azaldu du: «Horren asmoa da tokian tokiko sektorea bultzatzea eta balio katearen iraunkortasuna indartzea. Eta apustua indartuta aterako da, Eusko Jaurlaritzarekin hurrengo hitzarmena sinatzen denean». Hitzarmenaren helburua tokian tokiko nekazaritzako elikagaien sektorea bultzatea eta balio katearen iraunkortasuna sendotzea dela argitu du.

Digitalizazioan aurrera

Sare komertziala «zabaltzen eta modernizatzen» ari dela ere adierazi du Eroski Taldeak: 31 saltoki berri ireki ditu: 6 propio (4 supermerkatu, cash & carry 1 eta Forum Sport denda 1) eta 25 frankiziatu). Capraboren denda izarra den Bartzelonako L`Illa Diagonal berritu izana azpimarratzekoa dela esan du: «Dendaren kontzeptu berriak aldaketa sakona ekarriko du supermerkatua ulertzeko eran: espazio abegikor, ireki, gastronomiko eta digitalizatua, bezeroak erosi, aurkitu eta goza dezan pentsatua». 

Era berean, Eroskik bere ardatz estrategikoetan «osasuna, iraunkortasuna eta tokiko aberastasuna» dituela ohartarazi du: «Espainiako lehen banaketa kooperatiba gisa duen rola 27.600 profesional baino gehiago, zeinetatik 9.000 aldi berean diren bazkide eta jabe».

Rosa Carabel Eroski Taldeko CEOak kooperatibaren xedea indartzen ari dela onartu du: «Testuingurua zaila izanagatik, lortu dugu salmentak eta etekinak handitzea, elkarrekin konbinatuta bai prezioen lehiakortasuna eta bai elikadura osasungarri, iraunkor eta tokikoarekiko konpromiso sendoa. Gure kooperatibaren xedea indartzeko orduan, funtsezko zutabe dira familiei helarazitako aurrezpena, gure markaren bultzada eta hurbileko ekoizleekiko lankidetza estua».