NAIZ

Larrialdietan biztanleria abisatzeko ES-Alert sistema probatu dute Balmasedan

Lakuako Gobernuak prestaturiko ES-Alert sistema probatu du Balmasedan, bertako eta inguruko biztanleriari larrialdi eta hondamendi handiak gertatzean abisuak helarazteko. Gaurko proban abisuak udalerrian zeuden telefono mugikorretara ailegatu dira, txistu baten bidez bizilagunak abisatuz.

 Ricardo Ituarte eta Joseba Zorrilla ES-Alert sistemaren aurkezpenean.
Ricardo Ituarte eta Joseba Zorrilla ES-Alert sistemaren aurkezpenean. (IREKIA)

Balmasedako eta inguruko bizilagunek alerta mezu bat jaso dute ostegun honetan euren telefono mugikorretan. Txistu bat entzun ostean, udalerrian zeudenen pantailak piztu egin dira, alerta mezu bat erakutsiz. Abisua proba bat besterik ez zela adierazi du testuak, benetako arrisku egoera ez zela gertatzen ari argi utziz.

Lakuak larrialdi edo hondamendi handiko kasuetan bizilagunei abisuak emateko ES-Alert sistema probatu egin du honekin. Helburua eremu geografiko horretako biztanleriak 112 SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentrotik bidalitako alertak jasotzen dituela ziurtatzea izan da. 

Ricardo Ituartek, Segurtasuneko sailburuordeak, nabarmendu duenez, «askotan aurre egin beharko diegu gure esku ez dauden fenomenoei, baina guztion esku dago eragindako kalteak, ahalik eta txikienak izatea». Horrela, Ituartek gehitu du ezinbestekoa dela «etengabe eboluzionatzen eta hobetzen ari den larrialdi-sistema bat izatea», izan ere, sistema ahalik eta aktualizatuagoa izateak, egoera ezberdinei erantzun egokia eman ahal izatea bermatuko du.

Azaldu dutenez, horrelako ariketak ES-Alert abisu sistemaren eraginkortasun maila ezagutzeko egingo dituzte, eman daitezken edozein motatako arazoak identifikatzeko eta hauek konpontzeko benetako larrialdi edo hondamendi egoera bat gertatu baino lehen. Horrela, larrialdi handiko egoera bat izanez gero, mezuaren hedapena azkarragoa eta eraginkorragoa izango da, kalte pertsonalak eta materialak murriztuz. 

Horrez gain, Balmasedako Udalak eta bertako Babes Zibileko elkarteak emandako laguntza nabarmendu dute, elkartea mezua Bizkaiko udalerri horretako biztanleen artean modu eraginkorrean zabaldu dela egiaztatzeaz arduratu da eta. 

Abisuaren ibilbidea

Gaurkoan bidali den mezua ibilbide jakin bat jarraitu du Balmasedan eta inguruan zeuden pertsonen mugikorretara ailegatzeko. Europako ES-Alert sistema telefonia mugikorreko sareaz baliatuz eremu zehatz batean barnean dauden gailu ezberdinetara, larrialdi-jakinarazpenak bidaltzeaz arduratzen da. 

Sistemaren helmena ulertzeko, edozein estalduraren gainean funtzionatzen duela ulertu beharra dago. Gainera, mezuak sarea kolapsatuta egon arren, edota erabiltzailea estaldura ematen dion operadorearen sarean abonatuta ez egon arren ailegatzen direla azaldu dute, horrelako abisuak lehentasuna dutela azpimarratuz. 

Mezua 112 SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan idatzi dute eta handik bertan bidali diote biztanleriari larrialdietako teknikariek, ES-Alert tresnak emandako bi kontrol-panel erabiliz. 

112 zerbitzuaren osagarri

Lakuak gogorarazi nahi izan du EAEk 2020tik 112 SOS Deiak aplikazioan integratutako 112 sistema baduela.

Honen bidez, pertsonak dauden lekuaren arabera arrisku-egoeren abisu zehatzak jaso daitezke. Beraz, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiak sustatutako Es-Alert sistemak auto babes erremintak osatuko ditu.