NAIZ

46 urte Venezuelan eman ostean, bertan hil da Martin San Sebastian iheslari altzotarra

Oraindik iheslari edo deportatu gisa erbestean diren hamazazpi euskal herritarren egoera islatzen duen zorigaiztoko albistea heldu berri da Venezuelatik; bertan hil da Martin San Sebastian altzotarra, Euskal Herrira itzuli ezinik. 70 urte zituelarik zendu da eta 24 zituela alde egin behar izan zuen.

Martin San Sebastian Agirre iheslari altzotarra Venezuelan hil da gaixotasun baten ondorioz, NAIZek baieztatu ahal izan duenez. Bertan egin diote agur ekitaldia, albiste honetan ikusgai dagoen bideoan jasotzen denez, ‘Txoria txori’ abestuz eta txistularien doinuaz, besteak beste.

Oraindik euskal iheslari edo deportatuek jasaten duten egoeraren gogortasuna islatzen du albisteak. Izan ere, 46 urte erbestean pasa ondoren zendu da San Sebastian, Euskal Herrira itzuli ezinean zela. Bizitzaren bi herenak eman ditu Atlantikoz bestaldean.

Altzon jaioa, 12 urte zituela Anoetara bizitzera joan zen senideekin. Mekanikoa ogibidez, lagun eta adiskideen makina bat kotxe konpondu zituen gazte garaitan. 1978an egin zuen ihes Ipar Euskal Herrira eta Kanbon hilabete batzuk pasa ondoren Venezuelara joan zen. Orduan 24 urte baino ez zituen San Sebastianek.

Duela urte batzuk izandako istripu baten ondorioz hanka bat moztu behar izan zioten eta protesi batekin igaro ditu bere bizitzako azken urteak.

46 urte luze hauetan bere gertukoek ez dute berarekin egoteko ia aukerarik izan, NAIZi jakinarazi diotenez. Beraietako batzuek Euskal Herritik alde egin zuenetik ez dute besarkatzerik izan. 

Duela egun gutxi topatutako gaitz baten ondorioz hil da azkenik Martin San Sebastian Agirre eta une latz horietan ere senideak agurtzeko aukerarik ez du izan. Sarritan salatua izan da Auzitegi Nazionalak egoera hauek konpontzen ahalbidetzeko urratsik ez duela ematen, nahiz eta, kasu honetan bezala, ustez leporatzen zaizkionak ia duela mende erdiko akusazioak diren.

Hamazazpi oraindik

2013. urtean Biarritzen Iheslari Politikoen Kolektiboak hartuko konpromisoaren ondorioz, asko dira auzitegien aldetik zailtasun handiak gainditu ostean Euskal Herrira berriz itzuli ahal izan diren errepresaliatuak, hemen bizitzera gelditzeko edota tarteka senideak eta lagunak bisitatu ahal izateko behintzat. 

Hala ere, oraindik Euskal Herritik milaka kilometrotara hiru euskal deportatu eta hamalau erbesteratu daudela egiaztatu ahal izan du NAIZek. Hau guztia ETAk jardun armatua utzi zuenetik 14 urte pasata eta aipatutako urratsetik 12 urteren ostean ari da gertatzen.