
Ironiaz jositako nobela dakar Karlos Linazasorok oraingoan ere. ‘Dusseldorfeko txibatoa’ lan berrian Karl protagonistaren eskutik jubilatu aleman baten «karikatura groteskoa» egin du. Estatu espainoleko hegoaldera bizitzera joan denean, bertan finkatutakoa Alemaniako ideia eta bizimoduarekin bat ez datorrenez, legearen betearazle lanetan ibiltzen da, salaketak jartzen.
Ostiral honetan aurkeztu dute Donostian Karlos Linazasorok eta Inazio Mujika Iraola editoreak. Mujikak esan duenez, «esperimentuaren eta parodiaren arteko nahasketa» honek irakurleari barreak aterako dizkio, baina «aldi berean ispilua jartzen digu aurrean, gu ez ote garen salaketak egiten dituen Karl hori».
Eguneroko kontuak dira protagonistaren infernuaren sortzaileak: kaleetako auto gaizki aparkatuak, parkeko iturri kutsatuak, manifestazio zaratatsuak eta auzokideen utzikeria, besteak beste. Editoreak laburbildu duenez, «bere bizitza ‘reality show’ eta farsa baten artekoa da. Kexaz betea eta errepikakorra da bera, bere burua gurpil zoro bat da».
Linazasorok azaldu duenez, Karl «putakume» bat da, «argi eta garbi esateko». Faxista, misoginoa eta arrazista da, baina beste alde batetik «tipo jantzia» ere bai. Asko irakurtzen du eta, literatura irakasle izandakoa denez, filosofiaz eta literaturaz aritzen da Linazasoro liburuaren orrialdeetan.
Lehenengo pertsonan idatzita dago, eta, kapitulo bakoitzean egitekoren bat burutzen duenez, irakurtzeko «oso erraza eta gazte zein helduentzat» aproposa da, idazlearen ustez. Kapituloak laburrak dira, esaldiak motzak, dialogo asko dago eta «gidoi baten itxura» dauka.
Errealitatea
Linazasororen helburuetako bat eleberri honekin errealitateak fikzioa gainditzen duela frogatzea izan da. Aurkezpenean jakinarazi duenez, benetan gertatutako istorio batean oinarritu da Karli bizitza emateko, egunkari baten errekorte batetik abiatuta, zehazki. Bertan, jubilatu ondorengo sei urteetan bere herrian 30.000 salaketa jarri zituen gizon baten berri eman zen. «Sekulako kaosa sortu zuen ezin zituztelako guztiak kudeatu», gaineratu du Linazasorok.
Oraingo honetan helduentzako eleberria aukeratu du, baina haurrentzako eta gazteentzako liburuak, poesia, antzerkia, ipuinak eta beste nobela batzuk idatzi izan ditu filosofian lizentziaduna den Karlos Linazasoro tolosarrak.

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak

Osakidetza ha administrado vacunas caducadas a 253 personas, la mayoría bebés

En la ‘rotonda’ de Europa, Euskal Herria se enfrenta a «una avalancha blanca» de cocaína

