Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

LABek salatu duenez, matrikula bizia Gasteizko bi eskola publikotara bideratu du Lakuak

LABek salatu duenez, ikasturte hasieratik Lakuak 40 ikasletik gora matrikulatu ditu Gasteizko bi eskola publikotan. «Horietako 13, gutxienez, Kristau Eskoletako ikastetxeetara bideratu dituzten arren, ezin izan dira bertan matrikulatu itunpeko ikastetxe horietan kuotak ordaintzea eskatu dietelako».

Irailaren 8an Etxebarrin segregazioaren aurka egindako protesta.
Irailaren 8an Etxebarrin segregazioaren aurka egindako protesta. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

LAB sindikatuak ostiral honetan salatu duenez, Lakuako «Hezkuntza Sailak orain arteko praktika segregatzaileekin jarraitzeko hautua egin du, eta eskola planifikazioan inolako erabakirik hartu gabe zein matrikulan doiketarik egin gabe, ikasturte hasieratik 40 ikasletik gora matrikulatu ditu Gasteizko bi eskola publikotan». 

Ohar batean dioenez, «ikasle horietako 13, gutxienez, Kristau Eskoletako ikastetxeetara bideratu dituzten arren, ezin izan dira bertan matrikulatu itunpeko ikastetxe horietan kuotak ordaintzea eskatu dietelako. Ondorioz, eskola publikoak hartu behar izan ditu, beste behin ere, era masiboan ikasle horiek, eta irakasleek zein hezitzaileek haien onena eman zein baliabide gehiago lortu arren, ikasleen hezkuntza prozesua kaltetu du. Bat-batean berariazko hezkuntza laguntza premiak dituzten ikasle kopuruen pilaketa gertatu da».

«Badirudi, beraz, Hezkuntza Sailak ez daukala hezkuntza politikak aldatzeko inolako borondaterik; egoeraren jakitun izateaz gain, egoeraren diagnostikoa egina baitu tokian toki. Alta, oraindik orain ez du neurri zuzentzailerik ezarri eta ez du inolako jarraipenik egin Kristau Eskola horiek legez debekaturik dituzten derrigorrezko kuota horiek ez inposatzeko eta kobratzeko», gaineratu du.

LABek Hezkuntza Sailari exijitu dio Gasteizko egoeraren aurrean «urgentziazko esku-hartzea egin dezan, Ikuskaritzaren bitartez Kristau Eskolako itunpeko ikastetxe horiei kuoten kobrantza kontrolatzeko eta debekatzeko, eskola planifikazioari lotuta gain-eskaintza mugatzeko eta Hezkuntza Konplexutasun Indize altukoak edo oso altukoak diren ikastetxeetan hezkuntza-laguntza premiak dituzten ikasleen kontzentraziorik ez egiteko, ezta bultzatzeko ere».

Halaber, D eredukoa den eskola publikoaren aldeko «apustu garbia» egin dezan eskatu dio, «hezkuntza-politiken erdigunean berau jarriz eta babestuz». LABek gizarte kohesioa hezkuntza-politiken «printzipio gidari» izan dadila aldarrikatu du, «Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietan egon daitezkeen askotariko errealitateen aurrean, sare ezberdinei eragiten dien errealitatea pixkanaka eraldatzeko».