Aktualitateko erredaktorea

Baionako Aviron, Top14-ko lider berria; ‘Lau Teilatu’ kantuarekin ospatu dute

Baionatarrek ezin hobeto ekin diote aurtengo txapelketari. Izan ere, laugarren garaipena poltsikoratu zuten igandean Tolosaren aurka (40-26) eta lider gisa iritsiko dira seigarren jaurdunaldira.

Pasa den sasoiko partida bat Jean Daugaren.
Pasa den sasoiko partida bat Jean Daugaren. (Guillaume FAUVEAU)

Meritu handiko garaipena lortu zuen igande gauean Baionako Avironek Tolosaren aurka (40-26) eta menderaezin jarraitzen dute etxean. Izan ere, etxean garaile atera dira azken hamazazpi partidetan. Lapurtarrak txapelketako liderrak dira.

Tolosaren bisita jaso zuten baionatarrek Jean Dauger zelaian, ez zen aurkari erraza eta zaletuek bazekiten. Hori dela eta, jokalariek zaletuen berotasuna sentitu zuten partida hasi aurretik. Harmailak bete egin ziren partida hasi zenerako.

Intentsitate handiko partida bizi izan zuten zaletuek. Hasiera ona egin arren, berdinduta iritsi ziren atsedenaldira (16-16). Hobeto ekin zioten kanpotarrek bigarren zatiari eta aurretik jarri ziren (21-26). Azken minutuetan, ordea, hiru saiakera egin ostean, lapurtarrek lortu zuten markagailua iraultzea eta beste garaipen bat poltsikoratzea. 

Ospakizuna zelaitik aldagelara igaro zen, eta ‘Lau Teilatu’ kantuarekin ospatu zuten jokalariek eta taldeko langileek.

Gauzak horrela, lapurtarrek lau garaipen lortu dituzte lehenengo bost jaurdunaldietan: Perpignanen (19-26), Montpellierren (26-23), Toulonen (35-32) eta Tolosaren aurka (40-26). Haatik, Castresen etxean porrota jaso zuten (48-17).

Horrez gain, Joris Segonds baionatarren jokalariak 71 puntu egin ditu lehenengo bost jaurdunaldietan. Inork baino gehiago. Orain, Avironek azken bolada onari jarraipena eman nahi dio larunbatean, Pauren aurka, arratsaldeko 14.30ean. Seigarren postuan dago Paue.