
Batez ere lehiaketak alde batera utzi zituenetik, Eneko Carretero ‘berri’ bat ikusten ari gara. Betidanik soka izan du lagun, baina aipatu ditugun eskalada lehiak, nolabait, helburu nagusietan behar bezala aritzeko ‘oztopo’ izan dira. Azkenaldiotan, gogor estutzeaz gain, oso gustura dabil proiektu ezberdinetan.
Joan den martxoan, adibidez, emaitza bikaina lortu zuen “White zombie” (8c, Baltzola) flash eran sinatuta. Horrek, jakina, ate asko zabaltzen zizkion proiektu askoz ere gogorragoak probatzeko. Bai, 8c estilo horretan egiteak argi eta garbi utzi zion oraindik maila gorenean urrats garrantzitsu gehiago egiteko aukera ematen diola.
Halere, eskalatzaile gipuzkoarra ez zen itsutu, eta era egoki batean ibilbide zuhurra eraman du aurrera. 8c batzuk egin eta gero, 8c+ zailtasuneko lehen bidea iritsi zitzaion: “Chambao” (Baltzola). Ondoren, bere historiarengatik ilusio handia egin zion “Honky Mix” (8c+, Araotz). Presarik gabe, baina norabide logikoan, Carreterok beste ‘muga’ bat hautsi eta bederatzigarren esferan sartzeko aukera izan du.
Joan den astean, “Celedon “ (9a) kateatu zuen. Hots, Ilarduian maila horretan klasikoa bihurtu den ibilbidea. Duela hilabete bat gutxi gorabehera zumaiarrak eskalada alderdi hori lehen aldiz bisitatu zuen. Lagun batzuek erakutsi zioten Ilarduiak duen erakusleihoa, eta lehen bisita horretan “Celedon”-ek dituen bi zatietako goiko partea, “Activos toxicos” (8c), bigarren ekinaldian egin zuen.
Carreterok NAIZi aurreratu dio horrek motibatu zuela beheko zatia, “Celedon txiki” (8c+), probatzera: «Hirugarren egunean atera nuen. Ondoren, oso agerikoa den prozesuan buru belarri sartu nintzen. Hots, bi zati horiek lotzea zen nire hurrengo erronka: “Celedon” bere osotasunean. Adibidez, lehen saialdian azken zintan erori nintzen. Aurrera jarraitu, ekinaldi gehiago egin eta joan den astean helburu hori biribiltzea erdietsi nuen. Bi zatiak oso ezberdinak dira. Lehenbizikoan erresistentzia erabat nagusi da. Ez dizu uzten atseden hartzea, oin txarrak ditu, oso tentsoa da… Ondoren, 8c mailako bigarren zatian sartu aurretik, atseden hartzeko leku on bat dago. Bigarren zati hori eroria duen plaka bat da erregeleta onekin. Blokezko azken sekzioan asko estutu behar da; zazpì-zortzi mugimendu ditu. Oro har, “Celedon”-en estiloa gustuko dut».
Oinarri sendoa
Arestian aipatu dugun prozesu logiko horrek Carretero eraman du bederatzigarren esferan sartzea. “Celedon”-ekin beste urrats egin du, baina protagonistak berak onartu digunez ez da itsutu maila horrekin: «9a aspalditik nuen buruan. Halere, inoiz ez naiz helburu horietan saiatu. Zer edo zer probatu dut, baina inolako asmo sendorik gabe. Eta hori azalduko dut. Nolabait esateko, muga mental bat zen; errespetu asko ematen zidan. Helburu zehatz batean lan asko egin eta ez lortzea zama zen. Porrotari beldur nion. Presio hori ahalik eta era egokienean kudeatzea zen zuzenena. Banekien aldez aurretik eginiko 8c eta 8c+ mailako bideekin oinarri sendoa nuela. Horrek guztiak “Celedon”-en sartzea konfiantza eman zidan. Eta horregatik neure buruari esan nion maila horri ekiteko une aproposa zela. Fisikoki eta mentalki prest nengoen. Aipatu dudan muga hori nuenez, “Celedon”-ekin zama bat gainetik kendu dut. Inoiz ez lortzearen mamu horrek pisu asko izan du».
Maila zehatz bat lortu eta hurrengora igarotzen saiatzea eskalatzaileen helburua da. Carreterok sasoia eta burua bikain lerrokatu ditu, eta azken hilabeteotan muga batzuk oso azkar hautsi ditu. Martxotik hona: “White zombie” flash eran, 8c mailako beste bide batzuk, 8c+ zailtasuneko lehenak eta orain “Celedon”-ekin lehenbiziko 9a.
Bederatzigarren esferan arrakasta izan berri du Carreterok, eta oso motibatua ikusi dugu etorkizunari begira. Zuhurtasuna izango du bidelagun; izan ere, “Celedon”-en lortutako arrakastak ez du itsutu. Hortaz, orain arte bezala jarraituko du: «Azken hilabeteotan bezala, oinarria sendotzen saiatuko naiz. Motibatzen nauten 9a mailako bide batzuk baditut. 9a+ mailako pare bat bide ere. Baina hori datorren urterako utziko dut. Maila hori ez dut inoiz probatu, baina motibatzen nau. Baten batek ere esan dit 9b hor dagoela. Ufa, hori gehiegi da. Jorge Diaz-Rullo lagunak esan dit maila horrek denbora asko eskatzen duela. Nik lagunekin eta etxean egon nahi dut. Eta ez nau batere motibatzen Herrialde Katalanetara joan eta han denbora asko igarotzeak. Euskal Herrian egongo balira, bada, tira. Alabaina, ate horiek ez ditut ixten. Orain lan nahikoa dut 9a mailan oinarria sendotzen. Etxean proiektu batzuk ditut eta horietan motibatzen saiatuko naiz».

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
