
Gasteizko lorezainak aurre-akordio batera heldu dira Enviserreko ordezkariekin, eta duela sei hilabete martxan jarritako greba amaitu liteke astearte honetan egingo diren batzarreetan langileek akordioa berretsi ezkero.
ELAtik NAIZi adierazi diotenez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek babesten dute aurre-akordioa. Baina honen eduki zehatza ez da jakinaraziko langileei aurkeztu arte.
Dena den, Rafa Busto batzordeko kidea oso pozik agertu da eta espero du aurre-akordioak langileen abala jasotzea asteazkenean sinatu ahal izateko eta lorezainak hurrengo egunean lanera itzultzea.
Laurogei langileko plantillak martxoaren 26an ekin zion grebari, hitzarmen propioa eskatzeko. Izan ere lorezainen lan-baldintzak estatuko hitzarmenak arautzen ditu, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata ia gainditzen ez duten soldatak ezarriz.
Negoziazioak hileko 25 euro gordin gehiago igotzeko eskaintzarekin hasi ziren, eta ordutik apurka apurka hobetu du enpresak, Gasteizko Udaleko azpikontrata dena.
Zentzu honetan, greban dauden langileek Udala negoziazioan sartzea eskatu dute protestaren hasieratik, baina erakunde horrek beti esan du Enviser enpresaren eta bere langileen arteko lan-gatazka dela.
Ekainaren erdialdean, Lakuak ebazpen bat argitaratu zuen grebarako gutxieneko zerbitzuak ezarriz, Enviserrek eta Udalak egindako eskariari erantzunez.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak kontuan hartu zituen Gasteizko Udaleko eta Suhiltzaileen txostenak, zenbait berdeguneren eta zenbait hiri-bideren egoera «arriskutsua» zela ohartarazten zutenak. Sindikatuak kontra agertu ziren, uste baitzuten agindutko zerbitzuak ez zirel funtsezkoak.
Grebaren eragina nabaria izan da, hala nola udal igerilekuetako berdeguneetan eta Olarizuko parkean, eta Arabako ikastolek aukeratutako kokalekua aldatu behar izan zuten Araba Euskaraz ospatzeko.
Negoziazioak EAEko Lan Harremanen Kontseilura bideratu ziren, ekainaren hasieran. Hilabete geroago, enpresak Lakuak egindako eskaintza onartu zuen, baina langileek atzera bota zuten.
Bitartekaritza-organoan zortzi bilera egin ondoren, aldeek aurre-akordioa lortu dute, eta langileek berretsi egin beharko dute astearte honetan. Egun horretan, ezustekorik ezean, Araban deitu den grebarik luzeenetakoa amaituko da.
Udalaren erantzuna
Beatriz Artolazabal Gasteizko Espazio Publikoko zinegotziak ontzat jo du aurreakordioa, eta iragarri du adostutako neurriak hurrengo kontratuaren baldintza-agirian sartuko direla.
«Espero dugu batzarrak negoziazioaren baldintzak onartzea eta gatazka amaitutzat ematea. Udal gisa, akordiotik eratorritako konpromisoak eta lan-hobekuntzak onartuko ditugu eta 2028an indarrean sartuko den hurrengo pleguan sartuko ditugu», adierazi du.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

La jueza decreta el sobreseimiento de la causa por el pelotazo a Xuhar Pazos
