NAIZ

Unai Elorriaga, Karmele Mitxelena eta Maite Rosende, aurtengo lehen Euskadi Literatura sarituak

Unai Elorriagak irabazi du Euskarazko Literaturaren Euskadi Literatura Saria, ‘Francesco Pasqualeren bosgarren arima’ lanarekin. Halaber, Karmele Mitxelena (‘Aitona Floren’) eta Maite Rosende (‘Traba’) ere saritu dituzte.

Aurtengo saridunak Ibone Bengoetxea sailburuarekin.
Aurtengo saridunak Ibone Bengoetxea sailburuarekin. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Unai Elorriagaren ‘Francesco Pasqualeren bosgarren arima’ liburuak irabazi du aurtengo Euskadi Literatura Saria, Euskarazko Literaturaren modalitatean. Beste bi saritu ere iragarri dituzte, Karmele Mitxelena Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren atalean eta Maite Rosende Literatur Lanaren Ilustrazioan. Ibone Bengoetxea Lakuako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak astelehen honetan Bilboko Bidebarrieta liburutegian ezagutzera eman ditu aurtengo lehen hiru saridunen izenak.

Epaimahaiak azpimarratu duenez, ‘Francesco Pasqualeren bosgarren arima’ lanak «apustu literario sendoa egiten du, nobelaren eta narrazio liburuaren artean mugituz eta puzzle handi eta iradokitzaile bat osatuz». Liburuan protagonistaren inguruko hainbat narrazio harilkatu ditu Elorriagak, XX. mendeko Europa ekialdeko idazle zenbaiten estiloan, eta kontakizunak Italia hegoaldetik Euskal Herrira doan bitartean pertsonaia bizidunen bizipen eta istorio askotarikoak jasotzen ditu, gordintasunari ihes egin gabe. Idazleak baliabide narratibo ugari modu eraginkorrean erabiltzen ditu, eta irakurketa aktiboa eskatzen du liburuak, irakurlearen esku geratuz hariak jostea eta elipsiak betetzea.

Bestalde, Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako saria Karmele Mitxelenari eman diote, ‘Aitona Floren’ lanagatik. Epaimahaiaren arabera, liburu horrek «dramarik gabe, oso hurbileko kontakizun batean heriotza eta dolua lantzen ditu, haur protagonistaren ahotsetik abiatuta, monologo erabatekoa eta zuzena eraikiz». Pertsonaia kopuru txiki eta zertzelada arinetan oinarritutako eraikuntza kontakizunaren arintasunak «intimitatea eta hausnarketarako bidea bermatzen» duela ere gaineratu dute. «Liburu honek barne-hizketaren erabilera bereziki nabarmentzen du, gizarte isolatuago batean horren garrantzia eta beharra adieraziz», goraipatu du epaimahaiak.

Literatur Lanaren Ilustrazioa kategorian, berriz, Maite Rosendek jaso du saria ‘Traba’ «proposamen ausartagatik». «Oinarrizko hiru koloreez gain, beltza eta morea erabilita, album bizia eta erritmikoa sortu du, irudi kaotikotik lasaiagora salto eginez eta lerro berezi garbi batekin. Testuak eta irudiak maisuki bat egin dute, eta liburuaren kutsu espresionista publiko guztiarentzat egokia da, zintzoa, zuzena eta bizipozerako dei egiten duena», baloratu du epaimahaiak.

Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu. Falta diren lau sariak –Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz– datorren astean iragarriko dira. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta 4.000 euro gehiago lan saritua beste hizkuntza batean argitaratuz gero. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 26ean izango da Donostiako San Telmo Museoan.