
Astearte arratsalde honetan aurkeztu da Gross Erremonte Jaialdiaren edizio berria Galarreta Jai Alai pilotalekuan, eta bertan azaldu dira larunbat honetan jokatuko den txapelketa express-aren xehetasun guztiak.
Aurkezpeneko mahaian parte hartu dute Andoni Galdos, Gross garagardotegiaren ordezkari eta jaialdiaren babesle nagusia; Xabier Gonzalez, Oriamendi enpresako gerentea; eta Aritz Juanenea, Buruz Buruko txapeldun berria. Haiekin batera, ekitaldiari babesa emanez, beste protagonista batzuk izan dira: Endika Barrenetxea, Aimar Jabalera, Ivan Larrañaga, Ander Goikoetxea eta Kemen Aldabe.
Xabier Gonzalezek azaldu duenez, jaialdi hau «formatu bereziko» txapelketa izango da, egun bakarrean jokatuko diren bi finalerdiko eta final batekin. Pilotalekuko ateak 16.00etan irekiko dira, eta lehia 17.00etatik aurrera hasiko da.
Lehen finalerdia Jabalera eta Barrenetxea IV.ak jokatuko dute Goikoetxea V.a eta Larrañagaren aurka. Irabazleek zuzenean lortuko dute finalerako txartela. Bigarren finalerdian, berriz, Aldabe eta Juanenea arituko dira Ezkurra II.a eta Azpiroz bikotearen aurka, duela bi urteko Gross txapelketako irabazleak. Bi norgehiagoka hauetako irabazleek jokatuko dute eguneko finala.
Partidak set formatuan jokatuko dira: lehen bi setak 10 tantora izango dira, eta bana berdinduz gero, hirugarren set erabakigarria jokatuko da, 5 tantora.
Garagardoa, musika eta festa giroa
Andoni Galdos Gross garagardotegiaren sortzaile eta jaialdiaren arima nagusiak hitza hartu du ondoren. Bere hitzetan, «arratsaldeko jaialdia erremontetik harago doa: kultur, gastronomia eta musika festa bat izango da».
Izan ere, «Gross Erremonte Jaialdia ez da soilik kirol ekitaldi bat, baizik eta esperientzia oso bat: erremontea, musika eta gastronomia uztartzen dituena. Oriamendik gustura antolatzen du halako ekitaldi berritzailea».
Hala, partiden bitartean zozketak eta sorpresak egongo dira, eta gainera, Baga Biga, Meta Edabeak eta Pagoaga garagardotegiak ere izango dira gonbidatu.
Lehiak amaitutakoan, food truck-ek afaria eskainiko dute pilotaleku inguruan, eta 21.00etatik 00.00etara DJ saioak izango dira, festa giroari jarraipena emanez. Galdosek iragarri du, gainera, «sorpresa ikusgarri» bat izango dela gau partean.
Aritz Juanenea egungo txapelduna pozik agertu da formatu honetako jaialdiarekin: «Txapelketa express hau une ezin hobean dator, udako Buruz Burukoaren ondoren eta bikoteen txapelketaren atarian. Pilotariontzat momentu fisiko eta tekniko bikaina da, eta maila oso altuko norgehiagokak espero ditut».

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
