
Aste honetan egitekoa zen Josu Urrutikoetxearen aurkako epaiketa Parisen, baina Justiziak izendatutako mediku batek egiaztatutako osasun arazoen ondorioz, arrisku kardiobaskularren eraginez zehazki, epaiketa atzeratzea erabaki dute. 2026ko apirilaren 9an eta 10ean egingo da, printzipioz, Parisen.
Pariseko Apelazio Auzitegiak prozesua atzeratzea erabaki du ostegun honetan, bezperan Urrutikoetxearen medikuak hala eskatuta. Azterketa egin zion Auzitegiko medikuak ondorioztatu du, aurrekariak ikusita, «ez dela zentzuzkoa» Donibane Lohizunetik frantziar hiriburura joatea epaiketara. Urrutikoetxeak hipertentsio arazoak dituela egiaztatu baitzuen.
Isabelle Schoonwater epaimahaiko presidenteak onartu du epaiketa honek «atzerapen handia» izan duela, eta atzerapenari buruzko informea irakurtzean adierazi duenez, Urrutikoetxea berriro aztertuko du auzitegiko mediku berak egun batzuk lehenago, Parisera joan daitekeen ala ez aztertzeko; eta bestela, prozesua bideokonferentziaz jarraitu ahal izango lukeen baloratzeko.
Aukera hori Laurent Pasquet-Marinacce defentsako abokatuak baztertu nahi izan zuen, hori ez dela legezkoa argudiatuz. Naïma Rudolf fiskalak azpimarratu zuenez, «uneren batean Urrutikoetxea jaunak agerraldia egin behar du», eta horrelako epaiketa batek arrisku kardiobaskularra areagotu diezaiokela aipatzen duen argudioari, «edozein audientziak antsietatea» sortzen duela erantzun zion.
Etorkizuna jokoan
Pasquet-Marinaccek azpimarratu du defentsak epaiketan lauzpabost lekukok deklaratzea nahi duela, tartean Jesus Eguiguren PSEko kidea, Gerry Kelly Ipar Irlandako politikari eta IRAko kide ohia, edo Brian Currin abokatu hegoafrikarra, apartheidari amaiera eman zion bake prozesuan inplikatua.
Sumario hau, 2002tik 2005era ETArekin ustez izandako inplikazioari buruzkoa da, Urrutikoetxeak frantziar Estatuan irekita duen azkena. Urrutikoetxearen etorkizuna zein izango den zehaztuko du epaiketa honen emaitzak. Auzitegi Nazionalak 1987an Guardia Zibilak Zaragozan zuen kuartelaren aurkako atentatu batengatik epaitu nahi du; fiskaltzak 2.000 urtetik gorako kartzela-zigorra eskatu du berarentzat.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
