Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Atzerriko hizkuntzak euskararen gainetik puntuatzeko aukera deuseztatu du Nafarroako Auzitegiak

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak partzialki baliogabetu du Merezimenduen Dekretua, euskararen puntuazioari mugak jartzen dizkiolako, ingelesa, frantsesa edo alemanari inolako murrizketarik ezartzen ez dion bitartean. ELAk eta Steilasek «euskara errespetatzen» duen dekretu berria eskatu dute.

Ostegun honetan ELAren egoitzan eginiko prentsaurrekoa, Nafarroako Auzitegiaren sententzia azaltzeko.
Ostegun honetan ELAren egoitzan eginiko prentsaurrekoa, Nafarroako Auzitegiaren sententzia azaltzeko. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogatzetzat jo ditu herrialdeko administrazio publikoetan lanpostuak eskuratu eta betetzekeo merezimenduen balorazioa arautzen duen 97/2024 Foru Dekretuaren bi artikulu, «euskararen balorazioari muga jartzen diolako, ingeles, frantses eta alemanaren balorazioari inolako mugarik jartzen ez zitzaien bitartean».

ELAren Iruñeko egoitzan eginiko prentsaurrekoan sindikatuko kide den Izai Bujandak eta Steilaseko Ramon Lopezek azaldu dutenez, erabakia ez da irmoa eta Nafarroako Gobernuak helegitea aurkeztu dezake espainiar Auzitegi Gorenean. Hala ere, sindikatuek Maria Chiviteren Exekutiboari «euskara errespetatzen duen» eta herrialdeko lanpostu publiko guztietan euskara merezimendu gisa puntuatzen duen Foru Dekretu berria egiteko eskatu diote.

Zehazki, inpugnatutako dekretuaren 4.1 eta 4.2 artikuluak dira Nafarroako Auzitegiak baliogabetu dituenak, Osasunbideko oposizio lehiaketa eta lekualdatze lehiaketen merezimenduak arautzen zituztenak, hain zuzen.

Sindikatuek gogoratu dutenez, artikulu batean zein bestean euskara jakiteagatik aitortzen zen balorazioari «muga batzuk jartzen zitzaizkion». Aldiz, atzerriko hiru hizkuntzen balorazioa «mugagabea» zen. Hau da, ingelesa, frantsesa eta alemana euskararen gainetik puntuatzeko aukera ematen zuen dekretuak, baita 1986ko Euskararen Legearen arabera euskara ofiziala den eremuetan ere.

ELAk eta Steilasek hainbat arrazoirengatik egin dute dekretuaren aurka, besteak beste, «eremu ez euskaldunean euskara merezimendu gisa desagertzen delako, baina ingelesa, frantsesa eta alemana kontuan har daitezke». Bestalde, «zerbitzu zentralen kontzeptua kentzen delako» eta «eremu mistoko edozein lanpostutarako euskararen gutxieneko balorazioa desagertu delako».

Horretaz gain, departamentu bakotzak tarte zabala duelako interpretazio murriztaileak egiteko, ezabatu delako balorazio orokorra eremu mistoan Osasunbideko lanpostuetarako eta, azkenik, «nabarmen» jaitsi delako udalen autonomia euskara baloratzeko.

«Hizkuntz politika aldatzeko» unea

Sententziak Merezimenduen Dekretua «guztiz murriztailea dela eta euskara gutxiesten duela» erakusten duela uste dute ELAk eta Steilasek. Hala, Nafarroako Gobernuari «hizkuntz politika aldatzeko» exijitu diote.

Sindikatuon ustez, PSNk «euskararen aurkako jarrera inposatzen du» nahiz eta 11 parlamentari besterik ez izan. Horregatik, Exekutiboko kide diren Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeei «eta Gobernua babesten duten EH Bilduri» eskatu diote «bestelako hizkuntz politika baten alde egiteko, euskara Nafarroa osoan eta lanpostu guztietan, gutxienez, merezimendutzat hartzeko».

Ildo horretan, gogoratu dute Gobernu espainolak eta Nafarroako Parlamentuak eskatu dutela euskara hizkuntza ofizial izatea Europar Batasunean. «Hortaz, ez da ulertzen euskararen lurraldean, Nafarroan, euskarari hainbeste traba paratzea euskaldunen hitzkuntza eskubideak etengabe urratzea».

Horregatik, 1986ko Euskararen Legea gainditu behar dela nabarmendu dute, «eskubide urraketari babes juridikoa ematen dion araudia delako». «Euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa guztian, inongo apartheidik gabe. Hori dela eta, ELAk eta Steilasek nafar Gobernuari «euskara errespetatzen duen dekretu berri bat onartzeko» exijitu diote. 

Sententzia honen ondorioetako bat da ezin izango dela inglesa, frantsesa eta alemana baloratu euskararen gainetik, azaldu dute sindikatuetako krdeek. Bestea, hutsune juridiko horren aurrean euskara merezimendu gisa tratatzea administrazioko postuetan.

Dekretuaren nondik norakoak

ELA eta Steilasek dekretuaren kontra egin dute bere osotasunean, euskara mespretxatzen zuelako, baina aipatutako bi artikulu horiek baliogabetu ditu Auzitegiak. 

Sententzia honen ondorioetako bat da ezin izango dela inglesa, frantsesa eta alemana baloratu euskararen gainetik, azaldu dute sindikatuetako kideek. Bestea, hutsune juridiko horren aurrean euskara merezimendu gisa tratatzea administrazioko postuetan.

Izan ere, sindikatu eta eragile askok kritikatu dute 97/2024 dekretua, euskararentzat atzerakoia dela argudiatuz. Araudia epai judizialetara egokitzeko aitzakian, Gobernuak muga zorrotzak ezarri zizkion euskararen balorazioari zonalde euskaldun eta mistoetan, eta baliorik ez euskaldunean.

Aldiz, atzerriko hizkuntzak, hala nola ingelesa edo frantsesa, lurralde osoan puntuatu dira. Horrela, euskarak, Nafarroako hizkuntza historikoa izan arren, garrantzia galdu du meritu gisa ere, gizartean sustrairik ez duten kanpoko hizkuntzen aurrean. Hala, puntu horiek ez ditu baliogabetu, baizik eta atzerriko hizkuntzak euskararen gainetik baloratzeko aukera.

Kontseiluak eta dekretua errekurritu duten sindikatuek salatu dutenez, arauak desberdintasuna instituzionalizatu eta euskaldunen eskubideak higatzen zituen. Zonifikaziotik  asotako desorekak zuzendu beharrean, indartu egiten ditu: euskararen balioa posta-kodera baldintzatzen du, eta herritarren zati handi bat bere hizkuntzan lan egiteko edo arreta jasotzeko benetako eskubiderik gabe mantentzen du.