NAIZ

Donostia Kulturak auzo jaiei begirako atal propioa txertatzea eskatu du EH Bilduk

Donostiako auzoetako jai batzordeek festak antolatzeko eta hauek aurrera ateratzeko dituzten zailtasunen berri eman dute EH Bilduren zinegotziek. Hala, EH Bilduk proposamen bat jarri du mahai gainean Donostia Kulturak bere hurrengo Kontseiluan azter dezan.

EH Bilduren prentsaurrekoa, ostiral honetan Donostian.
EH Bilduren prentsaurrekoa, ostiral honetan Donostian. (EH BILDU)

EH Bilduk eskatu du ostiral honetan Donostiako Festak saila eguneratzea, auzoetako jaien azpi atal berezitua eratzeko eta jaiak antolatzeko udal baliabideak eguneratzeko eta handitzeko.

Proposamena landuta, honen berri eman dute agerraldi bateratuan Markel Ormazabal eta Garbiñe Alkiza EH Bilduren zinegotziek auzoetako jai batzordeetako ordezkariekin batera. «Garaia da EAJ-PSEren udal gobernuak baliabideak eguneratzekoeta  auzoek antolatzen dituzten jaien bideragarritasuna ziurtatzeko», aldarrikatu dute.

Markel Ormazabalek adierazi duenez, auzoko jaiak gizarte-kohesiorako aparteko tresnak dira eta, aldi berean, gutxietsi ezin den ekarpen kultural eta ekonomikoa egiten dute: «Auzoak ematen du hiriko bizitzaren neurria eta jaiak dira auzoak bizirik irauteko arrazoietako bat. Auzoko jaiak berdinetik berdinerako jaiak dira, belaunaldi ezberdinak elkartzen ditu, eta horrek auzoan bertan bizitzera gonbidatzen ditu bizilagunak. Funtsezkoak dira auzo-bizitzan».

Donostia Kulturako Festak sailak 30 auzo-jai zerrendatzen ditu. Hau da, auzoak baino festa gehiago dago eta, hala ere, zerrenda hau motz geratzen da.

«Ehunka herritarrek modu boluntarioan eta auzolanean egiten duten lana behar den neurrian errekonozitua ez egoteaz harago», EH Bilduk uste du «gero eta oztopo gehiago jartzen zaizkiela bidean», Ormazabalen hitzetan: «ezinezko administrazio-izapideak, kostuen garestitzea, araudi murriztailea, espazio publikoa erabiltzeko oztopoak... eta abar luze bat. Orain gutxi ospatu diren Intxaurrondoko jaietan, edota Bidebietakoetan adibidez, askotariko arazoak egon direla badakigu».

Txertatzeko berrikuntzak

Gauzak honela, bi dira egin dituzten proposamenak. «Lehena, Donostiako Festak sailean auzo-jaien azpi-atal berezitua eratzea da», aurreratu du Garbiñe Alkizak. Euskal Jaiak, Estropadak, Santo Tomas Feria, Gabonetako kabalkadak, Danborrada, Kaldereroak, Inudeak eta Artzainak, Inauteriak, San Juan Sua, Aste Nagusia... Horretaz gain, Festak sailak auzoetako jaien ospakizuna ere bultzatzen du, besteak beste, jaiak aurrera ateratzeko «beharrezkoak diren udalaren ekarpen eta baimen guztien kudeaketa koordinatuz».

EH Bilduren iritziz, Donostiako auzoetan jai berriak etengabe asmatzen direla eta jai horiek hartu duten garrantzia ikusita, «beharrezkoa da Donostiako Festak saila eguneratu eta egoera berrira berregokitzea»

«Donostiako Festak sailean auzo-jaien azpi-atal berezitua eratzea proposatzen dugu, besteak beste, administrazio-prozedurak eta udal-sailen arteko koordinazioa edo bitartekaritza erraztuko dituena, eta, auzoetako jai batzordeekin harreman iraunkorrean egongo dena, hiri osoaren ikuspegiarekin jardunez. Horretarako, lanaldi osoko teknikari bat eta lanaldi erdiko administrari batekin has liteke, proba gisa, hasiera batean behintzat pertsonala handitu behar izan gabe», zehaztu du Alkizak.

Bigarren proposamena auzo-jaiak antolatzeko udal baliabideak eguneratu eta handitzeari buruzkoa da: «Sailak auzoei eskaintzen dien laguntza ekonomikoa (diru-laguntzak) gaur egungo beharretara egokitzeak ez dakar zailtasun handiagorik. Baina ez da gauza bera gertatzen bestelako baliabideekin, hala nola azpiegiturarekin: mahaiak, aulkiak... Auzoetako jaien kopuruak gora egin duen arren, auzo-jaiak bultzatzeko sailak eskaintzen dituen horrelako bitartekoak apenas aldatu dira. Jai horietan gero eta jende gehiago biltzen da, eta jai-guneetan jartzen diren komun publikoak, adibidez, ez dira nahikoak. Gainera, auzo-jaiek hartu duten dimentsioak eta gizarte aldaketek baliabide berrien beharra azaleratu dute, hala nola, jai- batzordeen jarduera gauzatzeko lokalak edo eraso matxisten aurkako protokolo eta bitartekoak».

Iradokizun hau mahai gainean jarrita, eta Donostia Kulturak bere Kontseiluaren baitan aztertuko duen neurrian, EH Bilduren aldetik esan dute «honek abiapuntua behar duela izan, hau da, aurrera begira jarriko gaituen minimo bat».