
‘Dena zulo bera zen’ (Susa) izenburua du Eider Rodriguezen bosgarren ipuin liburuak. Duela zortzi urte argitaratu zuen azkena, ‘Bihotz handiegia’, eta ostiral honetan Donostian egin duen aurkezpenean aitortu duenez, gogo handia zuen fikziora eta ipuinetara itzultzeko, hor aurkitzen baitu umetatik bilatzen duena: «Literaturaren indar eraldatzailea eta sorkuntzaren intentsitatea».
Sei ipuin ondu ditu oreretarrak eta bakoitzak bere «mundu eta atmosfera» propioa du. ‘Kanikula’ da lehenengoa eta bertan 54 urteko emakume bat da protagonista, bikotekidearekin ohikerian oinarritutako harreman bat duena eta «maitasunaren egia gordinari aurre egin behar diona» kanikularen erdian.
‘Itsasoak eta hondakinak’-en bi neska gazte eta «etxe baten hezurdura» dira protagonistak, adiskidetasuna ardatz dela; ‘Zuloa’ izenburukoan lana galdu duen emakume bat topatuko dugu; ‘Ahate bihotz’ izenekoan klase diferentzia azaleratuko da; ‘Urpekaria’ ipuinean «hezur bat puskatuko duen norbaiten eta hezur hautsi horren arteko dialogoa» dakarkigu, eta ‘Kraterra’ izenburukoan hilzorian den pertsona baten azken orduen lekuko izango gara.
Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak nabarmendu duenez, Rodriguezek «mundu bat» eraikitzen du ipuin bakoitzean, «ia nobela batek bezainbeste xehetasun biltzen dituen mundu bat».
Idazleak berak azaldu du errelato bakoitzak gabezia batekin duela zerikusia eta gabezia horren bueltan «jaiotzen, gertatzen eta hiltzen» direla, «fantasmak bizi eta elkartzen diren zulo horren inguruan».
«Ziurtasun batzuk, asko, galdu diren garaian» kokatu ditu ipuinok. «Mundu osoan gertatu den zerbait da, zertidunbreak desagertu egin dira baina Euskal Herrian galera hauek forma jakin batzuk hartu dituzte: nekearekin eta noraezarekin zer egin; mina eta haserrea nora jaurti; ilusioa, fedea, nori eman ez dakien pertsonez inguratuta bizi gara», eta gauza bera gertatzen zaie ipuinotako pertsonaiei. Bere ustez, pertsonaia horiek beste geografia batean «diferenteak lirateke».
«Miniaturazko bizitzak, miniaturazko herrian»
Rodriguezek «zulotxoaren ertzetan haztaka» jarri ditu ipuinen protagonistak, «gabezia horretan xerka, batzuk lotsati, beste batzuk lotsagabe». Bilaketa horretan «zerbait aurkituko dute edo zerbaiten bristada: berotasun apur bat, rebelazio tonto bat, zorion izpi bat, indar alimaleko bat...».
Pertsonaiengan gehiago sakonduz, esan du ez direla «gauza handi eta ikusgarrien zale, miniaturazkoak baitira, miniaturazko bizitzak dituzte, miniaturazko herri batean eta miniaturako hizkuntza daukate». Haien eguneroko errutinan aurkeztu ditu –«egunero jaikitzen dira eta munduari zerbait emanez oheratzen»–, eta beren «handitasuna eta misterioa» horretan datzala erantsi du.
Izan ere, idazlearentzat «misterio handia» da jendea nola dabilen egunero «mundu honi tiraka, arrastaka bada ere». «Gogor pentsatzen badut ez dut ulertzen nola garen gai inperioari eusteko», egin du gogoeta. Eta horregatik pertsonaien egunerokotasuna «thriller baten moduan» kontatzen ahalegindu da, «normaltasun nahiaren azpian ezkutatzen den ezinegona» azaleratuz.
«Gehienek ez dakite zer desio duten, zerk ematen dien beldur, eta hori jakin gabe segitzen dute egunero aurrera, hutsik egin gabe, belar artifizialezko alfonbra erraldoi honen pean usteltze egoeran dagoen mundu bati loturik», hausnartu du.
‘Bihotz handiegia’ ipuineko pertsonaiak
Aitortu duenez, ‘Kanikula’ izan da idazterakoan gehien disfrutatu duen ipuina, luzeragatik eta pertsonaiak aurretik ere «ondo» ezagutzen zituelako. Izan ere, kontakizun horretan duela zortzi urte idatzi zuen ‘Bihotz handiegia’ ipuineko bi pertsonaiak, Ixabel eta Iñaki, «errekuperatu» ditu, denborak nola zeharkatu dituen ikusteko. «Oso plazer emangarria» izan da ariketa hori, bere hitzetan.
Eider Rodriguezek esan duenez, fikzioan topatzen du istorioak kontatzeko behar duen «lurra» eta ipuinak dira «egiaren ingurumarian egon ohi den tentsiora hurbiltzeko nik daukadan tresnarik zorrotzena. Pertsonaietako batek dioen bezala, niri egia interesatzen zait. Batzuek filosofia daukate, beste batzuek zientzia, historia, psikologia, erlijioa... nik ipuinak».
Azala, ezinezko paisajea
Liburuaren azala Arrate Rodriguezek egin du, idazlearen ahizpak, jolas moduko bat proposatuz. Bertan aurkitu daitezke ipuinetako detaileak. «Ezinezko paisaje bat margotu du, Euskal Herria bezain ezinezkoa, non ipuin guztiek bat egiten duten instante batez», esan du Eiderrek.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

