Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Elkarrizketa
Ane Azkona
Athleticeko jokalaria

«Jokoa hobetu behar dugu, baina batez ere lehen garaipena lortu»

San Mamesen hartuko du Athleticek igande honetan Real Madrilen bisita (17.00). Katedralaren magiak eta aurkariak sortzen duen motibazioak lagunduta, lehen garaipena ospatu ahal izatea espero du Anek Azkonak (Antsoain, 1998), denboraldi hasiera kaskarraren «dinamika aldatzeko».

Ane Azkona, San Mameseko zelaian.
Ane Azkona, San Mameseko zelaian. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES)

Udan lesionatuta, txapelketa abian  zela egin behar izan du denboraldiaurrea. Ez da hori gertatu zaion zuri-gorri bakarra; izan ere, hori da Athleticen denboraldi hasiera txarraren gakoetako bat.

Uda zaila izan bada ere, ez dakit zazpigarren jardunaldira partidarik irabazi gabe iristea espero zenuten.

Ez, inork ez zuen espero. Eta emaitza falta hori zama bihurtzen doa eta dena zailtzen du. Aldi berean, azpimarragarria da taldea sendo mantendu dela. Gauzak gaizki doazenean oso erraza da errua beste bati botatzea, baina hori ez da gertatu, elkarrekin egon gara eta hori baloratu behar dugu.

Tamalez, ez da zelaian islatu. Ez emaitzetan, ez eta eskas samarra izan den jokoan ere.

Gure artean ere hitz egin dugu, staffarekin, ideia berriak transmititu nahi izan dizkigute, gure interpretazioa ere asko jartzen dute jokoan... Agian intentsitatea falta izan zaigu, gure grina. Eta, gainera, emaitzek laguntzen ez badute, konfiantza galtzen joaten zara. Iaz, adibidez, hasieran ez genuen oso ondo jokatu baina puntuak ateratzen genituen. Futbolean asko hitz egiten dugu dinamikez, eta horrela da.

Taldea ez dago ohituta hain behean egotera. Egungo jokalarietatik Irene Oguiza eta zu bakarrik egon zineten behin jaitsiera postuetan. Hori ere nabaritzen da?

Gure gazte asko beti goiko postuetan egon dira. Eta, gainera, askok gauza handiak lortu dituzte Espainiako selekzioekin. Nabaritzen da ez daudela ohituta. Etorkizunean esperientzia honek balioko die, aurrekoak niretzat baliagarriak diren bezala. Beteranoenek transmititzen diegu lanean lasai jarraitu behar dugula, ezin garela deskonektatu, eta, entzuten digute eta gure esperientziaren bidez ere ikasten dutela uste dut.

Are gogorragoa egiten ari da, ez delako espero zen egoera. Taldearen helburua ez da mailari eusteko borrokan aritzea.

Ez. Bi urte on egin ditugu eta espektatibak hor goian daude. Amorrua ematen dizu, “egin dezakegu eta ez gara egiten ari” pentsatzen duzulako. Taldea, staffa aldatu den arren, ia berdina da. Argi daukagu Liga gero eta lehiakorragoa dela, baina badakigu hobeto egin dezakegula, eta uste dut pausoak ematen ari garela. Orain emaitza onak behar ditugu aurrera egiten jarraitzeko.

«Helburua ez da» esan dut, baina «helburua ez zen» esan beharko nuke? Dagoeneko egutegiaren bosten bat bete dugu eta taldea jaitsieratik puntu bakarrera dago eta Europatik bederatzira.

Bai, gure helburua goian egotea da. Horretarako, batez ere erregulartasuna behar da eta gu oraindik aurreko fase batean gaude, dinamika aldatzean kontzentratuta. Aldeak handiak direla dirudi, baina oraindik bizpahiru emaitza onekin jauzi handia egin dezakegu. Horregatik, gure lehentasuna dinamika aldatzea da.

Lehen urratsa egin omen duzue. Oso partida ona jokatu zenuten joan den astean Atleticoren kontra.

Lehen urratsa Espanyolen kontra egin genuela esango nuke, baina egia da orain arteko partidarik onena izan dela azkena. Jende askok esan zuen “Atletico ez da fin ibili” eta gure gazte batzuek ere esaten zuten “ez dute beren eguna izan”. Bueno, ez dute beren eguna izan guk gauzak oso ondo egin ditugulako; gure lana baloratu beharko dugu, berdinketa ez zen kasualitatez iritsi. Hala ere, jokoa hobetu behar dugu eta, batez ere lehen garaipena lortu, ondoren dena errazagoa egingo baitzaigu.

Zergatik ez Real Madrilen kontra?

Zergatik ez? Askotan, aurkari handien aurka beste puntu batekin zelairatzen zara. Ez luke horrela izan behar, beti entxufatuta zelairatu behar zara, baina gertatzen da. Alde horretatik, ona izan daiteke Real Madrilen aurka jokatzea, intentsitate puntu estra hori izateko, asko ematen baitigu. Espero dut San Mamesen gaudela ere nabaritzea, gure jendearekin, gure jokoan aurrera egiten jarraitzea eta horrek guztiak lehen garaipena ematea.

Azken finean, hori da axola duena, puntuak eskuratzea, asko eta lehenbailehen.

Bai, taldean ere komentatzen dugu. Bi partida ditugu geldialdiaren aurretik eta helburua biak irabaztea da, geldialdira beste postu batean eta sentsazio horiekin joateak asko emango digulako.