
KUTXABANK ARASKI 58 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 55
«Sufrimenduari zentzua aurkitzen badiozu, gozamen bihurtzen da azkenerako», dio Dusko Ivanovicek, eta Montenegroko entrenatzaileari hitza hartuta, sufrimenduaren bidetik irabazi ditu Kutxabank Araskik Emakumeen Endesa Ligako aurreneko bi jardunaldiak. Perfumerias Avenidari 57-56 irabazi zion joan zen asteburuan eta denboraldiko aurreneko euskal derbia bide berberetik, akaso alde handixeagoarekin, atera du Lointek Gernika Bizkaiaren aurka. Ez dute neurketa biek hainbeste antzekotasun, azken emaitza estua, markagailu baxua eta gasteiztarren garaipenaz gain, ez dela gutxi.
Lointek Gernika Bizkaiak izan du berdinketa erdiesteko aukeratxoa, nolanahi. Emily Bessoir alemaniarrak ez ditu alperrik 17 puntu sartu, tartean hiru hiruko, baina ezin izan du nahi bezain eroso egin jaurtiketa, aurkari bat gainean zuelako; izan ere, Esther Castedo antolatzailea izan da Lucas Fernandezek aukeratu duen jokalaria luzapena bilatzeko, baina Montse Brotons Kutxabank Araskiko pibot katalanak bikain defenditu du Castedo, eta honek ezin izan du Bessoir bilatu baino aukerarik izaten jarraitzeko. Bizkaitarren zoritxarrerako, alemaniarrak ez du asmatu eta azken errebotea eskuratu ostean, sufrimenduari gozamena aurkitu diote gasteiztarrek. Mendizorrotzan berriz ere «Flying Free» dantzatu ahal izan dute jokalariek eta zaleek, ondorioz.
Aurreneko laurdenean indartsu atera da Lointek Gernika Bizkaia, nahiz eta Angela Salvadores ez den derbi hau jokatzeko sasoian iritsi. Esther Castedoren eskutik abantaila hartu du talde bizkaitarrak, eta jaurtiketetan kale eginda ere, erasoko errebotean min handia eman du Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldeak. Hain zuzen, Nola Morro pibota azken orduan jokatu gabe geratu da arazo fisikoen erruz eta horrek indar handia kendu dio talde gasteiztarrari uztaipena. Erasoan, aldiz, Mama Dembeleren jaurtiketarako gabeziei etekina atera die Lointek Gernikak. Antolatzaile espainiarra jokalari ona da, defentsa lanetan batik bat, baina urrutiko jaurtiketan asko du ikasteko.
Made Urietaren zorionerako, Lahtinen finlandiarrak atera dizkio eltzetik babak aurreneko erdian, bere hirukoek arnasa eman dio talde talde arabarrari. Horrez gain, Araskiren defentsa aldaketei esker, nahiz eta Bessoirren puntuak ere jaso, gernikarren iturria itxi dute. Ondorioz, atsedenaldira markagailua pare-parean dela iritsi da derbia: 26-28 bizkaitarren alde.
Baliabideak aurkituz
Aldageletatik bueltan hartu du aurrea markagailuan Kutxabank Araskik. Lahtinenek aurreneko laurdenetako etorria galdu badu ere, Mireya Sanz gaztea eta Dominique Toussaint azaldu dira puntuak sartzeko. Horrez gain, arabarren zonakako defentsari erantzun ezinik geratu dira hirugarren laurden horretan bizkaitarrak, azken laurdenera derbia 44-38 iritsi delarik derbia.
Azken laurdenaren hasieran Ane Olaeta zein Emily Bessoirren hirukoek berriz ere parekatu dute Mendizorrotzako partida. Araskiri dagokionez, berriz, kanpotik asmatu ezinik geratu dira, baina uztaipean Isabela Jourdain pibot kubatarrak nahikoa puntu saskiratu ditu Araski beti aurretik izateko.
Azken segundoetan defentsa lana hobeto egin du Araskik eta jaurtiketa libreetan, nahiz eta Dominique Toussaintek partida erabakitzeko aukera garbi bat pasatzen utzi, Sami Hill kapitainak, Perfumerias Avenidaren aurka gertatu bezala, jaurtiketa libreen marratik ez du kalerik egin.
14 segundo izan ditu Lointek Gernika Bizkaiak derbia luzapenera bidaltzeko, baina Araskiren defentsak Bessoirren hiruko zail bat baino ez dio botatzen laga talde bizkaitarrari, eta alemaniarrak ezin izan du hirukoa sartu. Sufrimenduaren osteko gozamena arabarrek eraman dute.
IDK Euskotren, galtzaile Valentzian
Duintasun handiz lehiatu du IDK Euskotrenek, bestalde, Valentzia Basketen kantxan. Aurreneko erdiaren amaieran 29-28 baino ez zen galtzen ari eta hirugarren laurdenaren erdialdean 37-41 aurreratu da Azu Muguruzaren taldea, baina valentziarren erreakzioaren ostean 69-54 galtzaile atera dira donostiarrak.
Awa Fam Gernikako jokalari ohia uztaipetik eta Hind Ben Abdelkader antolatzaileak kanpotik zapuztu dituzte talde gipuzkoarraren aukerak. errebotean nagusi izan dira doniostiarrak, baina 13 hiruko saiakeratik bat baino ez dute sartu. Valentzia Basketek, bestalde, ez du askoz portzentaia hoberik izan jaurtiketetan, baina gipuzkoarrak faltaz josi ditu eta jaurtiketa libreen marratik osatu dute osterantzean lortu ez duten puntu kopurua.
Paige Robinson eta Khadija Fayeren puntuei esker ondo lehiatu dira Azu Muguruzarenak, baina neurketa luze egin zaio azkenerako IDK Euskotreni, eta Emakumeen Endesa Ligakoi egungo txapeldunak bere legea ezarri du azkenean.
FITXA TEKNIKOA
ARASKI: Sami Hill (7), Quinn Dornstauder (2), Dominique Toussaint (7), Isabela Jourdain (11) eta Mama Dembele –hasierako bostekoa–, Alyssa Lawrence (6), Montse Brotons (4) Lotta Lahtinen (16) eta Mireya Sanz (5).
GERNIKA: Esther Castedo (13), Masa Jankovic (9), Joy Adams (9), Emily Bessoir (17) eta Laura Westerik –hasierako bostekoa–, Ane Olaeta (7), Sarah Polleros eta Esther Matarranz.
Partzialak: 18-18, 8-10, 18-10, 14-17.
Epaileak: Checa, Acevedo eta Garcia Santos. Egotzitakorik gabe.
Gorabeherak: Emakumeen Endesa Ligako bigarren jardunaldia, Mendizorrotza kiroldegian jokatua.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

