Alokairu (eraikitzaileentzako) eskuragarria
Mariana Mazzucatoren irakaspenei jarraituz, EAJren eta PSEren etxebizitza politikaren oinarrian kolaborazio publiko-pribatu erabat parasitarioa dago. Eraikitzaileei diru publiko parrasta ematen zaiela salatu du, denboran mugatutako alokairu ez hain eskuragarri bat eskaintzearen truke.

Etxebizitza politika sendoa ezin da soilik Administrazio Publikoaren esku hartzetik planteatu. Sektore pribatuaren esperientzia eta gihar ekonomikoa ere beharrezkoak dira, baita hirugarren sektoreko eragileen gizarte saretzea ere. Alegia, kolaborazio publiko-pribatua eta publiko-komunitarioa ondo landu behar dira. Hori bai, Mazzucatok dioen bezala, elkarlan hori ezin da parasitarioa izan. Eta EAJ-PSEren Jaurlaritzaren kolaborazio publiko-pribatuko neurri izarra, «alokairu eskuragarria» izenekoa, erabat parasitarioa da.
Dirutza publikoa ematen baitzaie eraikitzaile pribatuei, itzuli behar ez dutena, haien jabegoko etxebizitzak, babestuak zein libreak, denbora mugatu batez merke samar alokatzearen truke. Alokairua ere haiek kobratuz, jakina. Negozio biribila, eraikitzaileentzat: 45.000 euro ordaintzen dizkiegu denon artean 50 urtez alokairuan jartzen duten etxebizitza bakoitzeko. Eraikuntza kostuen %40 inguru musu truk ordaintzen diegu, bai. Eta epe hori amaitutakoan, etxe horiekin nahi dutena egin dezakete, esaterako saldu, haienak direlako.
Alokairu hori «eskuragarritzat» jotzen du Jaurlaritzak, m2 eraikigarri bakoitzeko 8 eta 8,5 euro arteko prezio maximoa duelako. Baina egin kontuak: 70 m2-ko pisu baten azalera eraikia 90 m2 ingurukoa da, eta, beraz, hilean 765 euro maximotan alokatuko da. Ez da pagotxa. Ez, gutxienez, hainbeste diru publiko horretara bideratu ondoren. Kontuan izan, alokairu sozialaren batez bestekoa hilean 260 eurokoa dela EAEn. Hiru aldiz gutxiago.
«Alokairu eskuragarri» horretara joango den maizterra, gainera, ez da Etxebideren zerrendatik hartuko. Ez behintzat alokairu sozialeko etxeak esleitzeko egiten den moduan, zeinetan diru sarrera txikieneko familiek baremazioan puntu gehiago dauzkaten. Kasu honetan, eraikitzaile gaixoei ez ordaintzeak sorraraz diezazkiekeen maizterrak ez sartzeko, justizia sozialaren logikaren kontra Jaurlaritzari bururatu zaio Etxebideren zerrendako goialdeko eskatzaileak bakarrik hautatzea: 21.000 eurotik gora kobratzen dutenak soilik, Etxebideren zerrendan dauden guztien %12 bakarrik osatzen dutenak.
NEGOZIO BIRIBILA ERAIKITZAILEENTZAT
Kontua, baina, ez da hor bukatzen. EAJ-PSEren kolaborazio publiko-pribatu mota hau oraindik zalantzagarriagoa da. Zeren eta kasu ugaritan eraikitzaileek lursail horiek udalei erosi ondoren eskuratu dituzte. Hori ez zen arazo handi bat 2015eko EAEko Etxebizitza Legea baino lehen, baina orduz geroztik udalek alokairuko etxeak egitera bideratu behar dituzte beren baliabideak, eta, askotan, gehiegitan, hori egin ordez, babes publikoko etxeak egiteko lursailak saltzen dituzte, kaxa egiteko pribatizatuz, eta eraikitzaile erosleek etxe horiek salmentarako egiten dituzte.
Derioko Aldekonen, hain zuzen, Udalak Sukiari bi lursail saldu zizkion 2021ean, 1,7 milioi euroren truke. Eta Sukiak Jaurlaritzaren alokairu eskuragarriko programatik 4 milioi euro lortu ditu 2025ean, bertan babes publikoko 88 etxebizitza 50 urtez alokairu eskuragarrian jartzeko. Udalak sustatu izan balitu, 88 etxe horiek betiko izango ziren alokairu sozialekoak. EUDELeko lehendakaria ere baden alkateak, ordea, erabaki zuen pribatizatzea lursail publiko horiek, 1,7 milioi ingresatuz, eta, ondoren, Jaurlaritzak denon diruarekin 4 milioi eman dizkio eraikitzaileari, alokairu eskuragarri samarrean jar ditzan etxeok, iraungipen datarekin. Ez bururik, ez hankarik.
Modus operandi hori Gasteizen ere garatu da, eskala handiagoan eta ezaugarri are lotsagarriagoekin. Udalak, legeari jarraikiz alokairu babestuko etxeak egin ordez, babes publikoko 402 etxe egiteko hiru lursail publiko saldu zizkien enpresa talde bereko Madeilia eta Mijusar eraikitzaileei 2023an, 8,6 milioi euroren truke; eta, ondoren, 2024-2025ean, Jaurlaritzak 18,1 milioi euro eman dizkie etxeak 50 urtez alokairu «eskuragarrian» jar ditzaten. Salmentak modu zentzudunagoan planteatu ziren, kontratuetan baldintza garrantzitsu bat zehaztu zelako: etxeok alokairukoak izatea, betiko. Alokairu babestukoak, alegia. Lotsagarria dena Jaurlaritzak 18,1 milioi euro eman izana da, inolako beharrik gabe, eraikitzaileek kontratuz jada egin behar zutena bete dezaten, alokairu garestiagoak lortzeko, gainera. Eskandalu bat da.
Alokairu mota hori eskuragarria da, baina ez maizterrentzat, eraikitzaileentzat baizik. Parasitarioa da, ondare publikoa pribatizatzen duelako, eraikitzaileen mozkinak handituz alokairu sozial iraunkorraren kaltetan. Parasitarioa ez den bestelako kolaborazio publiko-pribatu bat behar dugu, etxebizitzaren korapiloa askatuko badugu.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»
