NAIZ

Euskarazko eskaeraren gorakada nabarmena Iruñeko haur eskoletan: %0tik %42ra Mendebaldean

Euskarazko eskaintzaren handitzeak eragin zuzena izan du Iruñeko haur eskoletako matrikulazioetan: euskarazko eskaerak nabarmen igo dira, bereziki Mendebaldean, non iazko %0tik aurten %42,41era pasa diren. Administrazioan Euskaraz taldeak euskarazko murgiltze eredua zabaltzea eskatu du.

Iruñean euskarazko haur eskola gehiago eskatzeko manifestazioa, joan den abenduan.
Iruñean euskarazko haur eskola gehiago eskatzeko manifestazioa, joan den abenduan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Euskarazko eskaintzak gora egin du Iruñeko haur eskoletan, eta horrekin batera, euskarazko eskaerak ere. Haur eskoletako aurrematrikulazioen datuek agerian utzi dute euskararen aldeko joera nabarmena, bereziki Mendebaldea auzoan: iaz eskaerarik ez zegoen (%0), eta aurten, euskarazko eskaintza martxan jarrita, %42,41era igo da.

2025eko abuztuaren 19an Iruñeko Udalak eta irailaren 25ean Nafarroako Gobernuak Administrazioan Euskaraz taldeari emandako datu ofizialetan oinarrituta, azterketak hainbat ondorio utzi ditu mahai gainean: «Iruñeak haur eskola gehiago behar ditu» eta «Iruñeko Udalaren haur eskoletan eskaeren erdiak baino gehiago plazarik gabe geratu ziren».

Horrela uste du Joseba Otano Villanueva Administrazioan Euskaraz taldearen ordezkariak. Azaldu duenez, «auzo batean euskarazko eskaintzarik ez dagoenean, euskarazko eskaera desagertzen da». Adibide gisa aipatu du Mendebaldea auzkoa: «Iaz, euskarazko eskaintzarik gabe, eskaerak % 0 izan ziren. Aurten, euskarazko eskaintzarekin % 42’41 izan dira euskarazko eskaerak. Gaztelaniazko eskaintza lehendik ere bazuen auzoak, auzo guztietan bezala».

Oro har, aurten euskarazko eskaintza gehiago izan da eta horrek «euskarazko eskaeraren gorakada eragin du»: % 19,18 izan zen iaz eta % 25,16 aurten (% 5,98 gehiago). 339 izan ziren iaz eta 691 aurten. «Igoera nabarmena», Administrazioan Euskaraz taldearen ustez.

Euskarazko eskaintza izan duten auzoetan, batez besteko eskaera %40,69koa izan da, iazko datua baino 1,62 puntu handiagoa. Honela banatu da euskarazko eskaera, auzoz auzo: Txantrean, %52,76; Arrosadian, %47,73; Buztintxurin, %43,90; Mendebaldean, %42,41; Alde Zaharrean, %38,54; Lezkairun, %37,14; Sanduzelain, %35,37; eta Arrotxapean, %25,35.

Murgiltze eredua zabaltzeko beharra

Txantrean dago gaur egun euskarazko murgiltze eredua eskaintzen duen haur eskola bakarra, Izartegi Haur Eskola, eta bertan euskarazko eskaerek gehiengo absolutua lortu dute. Datu horrek berresten du eredu horren eraginkortasuna.

Administrazioan Euskaraz taldearen arabera, euskarazko eskaintza auzo gehiagotara hedatu behar da, hau da, Azpilagaña, Donibane, Mendillorri, Bigarren Zabalgunea eta Etxabakoitzera, besteak beste, eta soilik Txantrean daukaten murgiltze eredua «zabaltzea» beharrezkotzat jo du: «Euskara ez da gaur kaleko hizkuntza nagusia Iruñean. Horrexegatik, beharrezkoa da euskararen irakaskuntza baldintza egokietan eskaintzea. Eredu mistoek euskarazko eskaera badagoela erakutsi dute. Baina murgiltze ereduak erakutsia du eredurik eraginkorrena dela euskara barneratzeko. Beraz, euskarazko murgiltze eredua zabaldu egin behar da. Behar diren haur eskola berrietan sarrera erraza izanen luke, borondate politikorik balego».