
Brasilen egiten ari diren Challenger Series itzuliko bosgarren txapelketan sei euskal surflari borrokan ari dira lehen mailara igotzeko. Sekulako lana egiten dute, nahiz eta sarritan emaitzak ez diren izaten nahi bezain onak. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da CS mailan emaitza onak lortzea oso zaila dela, munduko surflari hoberenetakoak lehiatzen baitira bertan. Jarraian ikusiko dugun moduan, Annette, Janire, Nadia, Keoni, Adur eta Yagok bide luzea egin behar izan dute CS mailara iristeko.
ANNETTE GONZALEZ ETXABARRI
Iaz CS mailako bi txapelketetan lehiatu zen, baina aurtengoa da egiaz CS zirkuituan lehiatzen den lehen denboraldia. Orain arteko emaitza hoberena Kalifornian lortu du 18 urteko zumaiarrak, hots, hirugarren Huntingtonen.
Gaztea izan arren, ibilbide luze eta oparoa du Annettek. Bi bider izan da Europako Junior txapelduna (2023 eta 2024an), eta QS mailako zenbait txapelketa ere irabazi ditu. Lehen aldiz 2021ean parte hartu zuen WSLko Junior zirkuituan eta 3. postua lortu zuen Capbretonen. 15 urterekin lehen garaipena eskuratu zuen La Torchen. 2023an, ostera, bi garaipen lortu zituen zumaiarrak: bata Frantzian eta bestea Marokon.
QS mailan lehen emaitza esanguratsua 2024an eskuratu zuen, Angelun bigarren geratu zenean. Aurtengo denboraldian jada bi garaipen lortu ditu, Ingalaterran eta Hegoafrikan, eta bigarren postuan da Europako QS rankingean.
JANIRE GONZALEZ ETXABARRI
Lehen aldiz 11 urterekin lehiatu zen Europako Junior txapelketan, 14 urterekin hirugarren geratu zen Portugalen eta 15 urterekin lehen garaipena eskuratu zuen. 2021ean Ferrolen eta Hossegorren irabazi zuen. 2022an eta 2023an ere bi txapelketa irabazi zituen, bata Marokon eta bestea Galizian. Horrela, 2021ean eta 2022an Europako Junior txapelduna izan zen.
Lehen QS txapelketa 2018an egin zuen Zarautzen, 13 urterekin. Baina lehen emaitza esanguratsua 2021ean lortu zuen, bigarren geratu zen Ingalaterran. 2023-2024 denboraldian Pantingo lehiaketa irabazi zuen. Aurten hiru bider geratu da bigarren postuan (Marokon, Ingalaterran eta Frantzian), eta gaur egun 3. postuan da QS rankingean.
NADIA EROSTARBE
Junior kategorian 14 urterekin lehiatzen hasi zen, eta 2015ean bigarren postua eskuratu zuen zarauztarrak Kanariar Uharteetan. 18 urterekin, txapela irabazi zuen Biscarrossen (Frantzia) eta bigarren geratu zen Espinhon (Portugal). Egun 25 urte ditu eta lehen mailan (CT) lehiatu den euskal ordezkari bakarra da.
QS mailan 2016an lehiatzen hasi zen. Lehen emaitza azpimarragarria 2018an lortu zuen, Caparican hirugarren geratu zenean. 2019an mundu osoan zehar bidaiatu zuen eta bi txapelketa irabazi zituen: bata Senegalen eta bestea Txilen.
CS mailan 2021ean hasi zen, baina goia 2023an jo zuen: Saquareman hirugarren, eta Balliton eta Huntingtonen bosgarren geratu zen. 2024an ere emaitza bikainak bildu zituen: Sydneyn eta Huntingtonen hirugarren, eta Gold Coasten bosgarren. Emaitza hauei esker, 2025eko CT zirkuituan lehiatu ahal izan du Erostarbek.
Aurtengo CS denboraldian, ostera, garaipena lortu du Balliton eta bosgarren geratu da Huntingtonen. Egun seigarren postuan da CS rankingean.
ADUR AMATRIAIN
Abenduan 22 urte beteko dituen zarauztarra 2022tik CS zirkuituan lehiatzen ari da, eta orain arteko emaitza onena Ericeiran lortu du, bosgarren postua eskuratuz. Aurrez, ordea, emaitza oso onak lortu zituen Europako QS eta Junior zirkuituetan.
Nerabe zela lehiatzen hasi zen WSLn, baina emaitza hoberenak 18 urterekin lortu zituen; Europako Junior titulua irabazi zuen 2021ean, La Torchen eta Ferrolen lortutako garaipenei esker, eta gainera Pantingo QS txapelketa irabazi zuen.
2022. urtean berriz ere Pantinen irabazi zuen, eta hurrengo bi urteetan ere emaitza onak lortu zituen, adibidez 2. postua Angelun. Ordea, lorpen handiena 2022an CS mailara igotzea izan zen. Ordutik borrokan ari da CTra igotzeko.
YAGO DOMINGUEZ
23 urteko algortarra 2017an hasi zen Europako Junior zirkuituan, eta 2022an Ferrolen txapela irabazi zuen, baina ordurako QS mailan ere aritzen zen. Lehen aldiz 2019an lehiatu zen QS txapelketa batean, Zarautzen, eta ordutik sekulako lana egin du.
2023an hirugarren geratu zen Pantinen. 20242025 denboraldian laugarren geratu zen Angelun, eta bosgarren Ingalaterran. Aurten bosgarren geratu da Portugalen. Lehen urtea du CS itzulian eta, emaitza onik lortu ez duen arren, sekulako maila erakusten ari da.
KEONI LASA
Gaur egun 20 urte dituen zarauztarrak 2022an lortu zituen lehen emaitza gogoangarriak, hirugarren geratu baitzen Galizian egin ziren Europako bi Junior txapelketetan.
QS zirkuituan 2019an hasi zen, baina lehen garaipena 2024an lortu zuen Angelun. Urte berean 3. postuan geratu zen Ingalaterran. Aurtengoa lehen urtea du CS mailan, eta begibistakoa da asko ikasten ari dela. Zer esana emango du datozen urteetan.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»
