Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

55.000 ahotsen oihu bateratu ozena Bilbon: ‘Boikot Israel, Palestina askatu’

Egun berezien ‘usaina’ sumatzen zen goizetik Bilbon. Palestinar koloreez jantzita –banderak, kufiyak..–, Bizkaiko hiriburuan hitzordu historikoek sortzen duten zirraraz bizi da sindikatu gehienek deituriko manifestazioak, hirian egin den handienetarikoak: 55.000 lagun, antolatzaileen esanetan.

Bilbon bildu den jendetza ikusgarria izan da.
Bilbon bildu den jendetza ikusgarria izan da. (Marisol RAMIREZ)

Bilboko Kale Nagusiak ‘palestinar kolorea’ hartu du goizeko hamaiketatik aurrera. Sindikatu gehienek deituta, Palestinaren aldeko lanuztearekin bat eginez, lanpostua edo eskola utzi eta jendeak hiribururantz jo du, kufijak, pankartak eta palestinar banderak hartuta. Asko herrietatik iritsi dira, nahiz eta ez zen erraza gertatu Bilbora gerturatzea, garraioetan zerbitzu minimoak zeudelako. 

Baina palestinarren genozidioaren kontra protestatzeko gogoa antzematen zen, amorrua ere bai, jende artean. Denborak aurrera egin ahala, protestara joateko asmoa zutenek, biltzen hasi eta ‘manifestazio paralelo’ bihurtuta, benetako manifestazioaren abiapuntura jo dute. Irudia, bitxia; aurreikusten zen manifestazio jendetsua izango zela. 

Jesusen Bihotzaren plazatik atera da sindikatu gehienek deituriko manifestazioa –ELA, bere aldetik, PSEren egoitzaren aurrean egin du elkarretaratzea–. LABek, CCOOk, UGTk, ESKek, Steilasek, CGTk, Etxaldek, EHNE-Nafarroak, Solidarik eta Hiruk batu dituzte indarrak Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Horien datuen arabera, Bilbon 55.000 manifestari baino gehiago batu dira. Jendetza, Euskal Herriko jendetsuena, ezbairik gabe. 

«Manifestazio bat baino gehiago, elkarretaratze bat egin beharko dugula ematen du», laburbildu du sindikatu bateko kide batek ekitaldia hastear zela. Izan ere, ez zirudien erraza jendetza hura mugiaraztea. Dena, bidea, espaloiak, atariak... jendez leporaino zeuden. 

Azkenean, palestinar komunitateko ordezkariei lekua egin diete, horiek ireki behar baitzuten martxa palestinar banderarekin; Israelek eraildako kazetarien argazkiak zeramatzaten. Hunkituta ikusi ditugu tarteka, negar-malkoak ezkutatu ezinik.

Ordezkaritza horretan zen Nadia Nemeh Shomaly ere, Bermeoko alkatea. Horien atzetik, sindikatu deitzaileen ordezkaritza zabalak ‘Langileok Palestinarekin’ pankarta zeraman.

Manifestazioa 12.33an abiatu eta, Moyua plazaraino, oihu sendo eta ia bakarra entzun da Bilboko erdialdean: ‘Boikot Israel, Palestina askatu’, alegia. Etengabe eta ozen, adierazgarria zen espaloietan adin guztietako jendea batera lelo bera oihukatzen ikustea. Ia ordubete behar izan du manifestazioaren buruak udaletxeko zubira iristeko. 

Gazatik Euskal Herrira

Udaletxe aurreko zubian bukatu den ekitaldi jendetsua, palestinar ordezkaritzak esker oneko hitzak adierazita: «Eskerrak ematera gatoz –adierazi du taldeko ordezkari batek–, ez gaudelako bakarrik: zuek gurekin zaudete. Borroka berean, lur berean, amets berean, zuek, Euskal Herri askearen seme-alabok, beti egon zarete gurekin plazetan, kaleetan, elkarretaratzeetan eta sentimenduan. Zuen ahotsak burrunba egiten du Euskal Herriko mendietatik Gazako zeruraino, munduari esanez ezin izango dutela askatasunaren garra estali». 

«Askatasunaren garra ez baita itzaliko bizirik gauden bitartean –jarraitu du– eta Gazan eraildako haur bat dagoen bitartean, edo ama negarrez bere martiriaren aurrean, edo etxe bat hondakin bihurtu den bitartean».

«Palestina eta Euskal Herriaren arteko leialtasun ituna berrituko dugu, borrokaren plazetan inoiz falta izan ez den Euskal Herri librearekin. Zuen elkartasuna adierazteaz gain, gezur mediatikoaren aurka, nazioarteko axolagabekeriaren aurka, Gazan sua eta suntsipena eragiten duen sarraskiaren makineriaren aurka borrokatu zaretelako gurekin, Israelek Gazan eta gure herriarengan eragiten duen sarraski honen aurrean borrokatu zaretelako», gehitu du.

‘Internazionala’ palestinar arabieraz kantatuta entzun ondoren, manifestariak Bilboko kaleetan barrena barreiatu dira. Eguna ez baita bertan bukatu; egun luzea izan da ostegunekoa. Eta hitzordu honetara ez da mundu guztia batu, baina mundu bat egon da manifestazioan.