Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Alberto Urtasun alpinista nafarra Indiako Himalaian esploratzen izan da

Hector Sanmiguel burgostarrarekin Zanskarren eginiko espedizioan bost mila metroko bi gailur birjin igo ditu. Alpinistok diote munduko beste mendilerro batzuetan bezala ibar horretako mendien baldintzak asko aldatzen ari direla.

Sanmiguelek eta Urtasunek Zanskarreko ibarrean igo gabe zeuden bi mendi eskalatu dituzte.
Sanmiguelek eta Urtasunek Zanskarreko ibarrean igo gabe zeuden bi mendi eskalatu dituzte. (Alberto Urtasun)

Alberto Urtasun ia urtero ikusten dugu nazioarteko mendilerrotan espedizioak egiten. Indiako Himalaia oso gustuko du, eta mendilerro horretako hainbat bazter bisitatu ditu. Aurten ere ez du hutsik egin; izan ere, alpinista nafarra Zanskar bisitatu du Hector Sanmiguelekin batera. Aurreko espedizio batzuetan bezala, azken honetan ere, esplorazioari indarra eman dio. Eta emaitzak bi mendi birjinetan isla izan du.

Lehenbizikoa, adibidez, izenik jarri ez dioten 5.720 metroko gailur bat izan zen. Sortutako bidea: LimcaDhal (M4+/5, 700 m). Bigarrena, berriz, 5.650 metroko tontorra: One Lakh (75º/IV, 500 m). Emaitza horiekin pozik itzuli dira etxera, baina Urtasunen motxilan kezka batek lekua hartu du: «Indiako Himalaian azken urteotan alpinismoa egitea nahiko nahasia izaten ari da: elur asko galtzen ari dira mendiak. Aurten, gainera, abuztuaren amaieran, montzoiaren amaierarekin batera, fronte hotz batek elur asko utzi zuen. Munduko beste mendilerro batzuetan bezala, Himalaiak ere arazoak ditu elurrarekin, baldintzekin eta klimarekin. Mendi horietan atzera egiten ari da elurra, eta egoera hori eskalatzeko sasoia aldatzen ari da. Indiako Himalaian, adibidez, normalean sasoi egokiena maiatza eta ekaina izaten da».

Kezka hori alde batera utzita, Sanmiguelek eta Urtasunek Zanskarreko haranean eginiko esplorazioaren emaitzen inguruan hitz egingo dugu. Sokada horrek aukeratutako eremua ez da batere ezaguna, eta horregatik esploratzea otu zitzaien. Hain zuzen ere, goi-ibarrean dagoen Umasi La mendigunea. 4.500 metrora kanpaleku nagusia antolatu ondoren, alpinistok helburuak zehazten hasi ziren. Estrategia argi zuten: oinarrizko kanpalekutik irten eta non stop eran eskalada arinak egin.

Bi mendi

Urtasunek adierazi du inguruko mendien informaziorik edo erreferentziarik ez zutela. Igo gabe dauden gailur batzuk aztertu eta lehenbiziko helburuaren bila irten ziren. Alpinista nafarrak dio izenik gabeko 5.750 metroko tontor bat eskalatu zutela: «Hamar orduko jardunean “LimcaDhal” bidea zabaldu genuen. 700 metro eta M4+/5 maila ditu. Iparraldeko isuritik espoloi luze bat jarraitu genuen. Eskalada mistoa nagusi da, eta pare bat luze tekniko gainditu behar izan genituen. Ipar-ekialdean sartu ginen jaitsiera egiteko; hainbat rappel eta sekzio batzuk deseskalatu genituen».

Bigarren irteeran edo helburuan ez zuten zorterik izan. Ibarraren mendebaldean dagoen 5.800 metroko mendi batera abiatu ziren. 500 metro igo eta gero, gailurretik 150 metrora zirela, atzera egin zuten. Alpinista nafarrak aipatu du azken tarte horretan elurra ez zegoela batere sendo eta horregatik erabaki zutela jaistea.

Hirugarren irteeran, aldiz, Sanmiguelek eta Urtasunek berriro arrakasta izan zuten. Haran horretako ekialdean aukera izan zuten orratz ikusgarri bat duen 5.650 metroko mendi bat igotzeko. Horrek ere ez du izenik. One Lakh sortu zuten: 75º/IV eta 500 m. Laugarren eta azken irteera bat egin zuten. 5.700 metroko tontor bat iparraldeko aurpegitik igotzen ari zirela, mendiaren goi aldean erretiratu ziren. Aurreko ekinaldian bezala, elurraren baldintza eskasek errua izan zuten.

Irakurtzen den bezala, bi alpinistok pare bat mendi birjin igo dituzte Zanskarren. Hortaz, esplorazioak emaitza ona izan du. Erabilitako estrategiak ere: «Ibar horretako mendietan etxean bezala jardun dugu. Horrekin esan nahi dut Pirinioetan edo Alpeetan erabiltzen dugun estrategia bera indarrean jarri dugula. Hori da alpinismotik gehien erakartzen diguna. Pena bakarra da arestian aipatu dudan elurraren kontu hori. Kalitateari dagokionez, oso txarra. Iparraldeko isurietan irin modukoarekin topo egin dugu. Hori alde batera utzita, esan behar dut esplorazioan oinarritutako espedizio horretan Hectorrek eta biok asko gozatu dugula».