NAIZ

Olatzagutiko Cementos Portland lantegian hondakinak erretzeko saiakera salatu dute

Olatzagutian dagoen Cementos Portland Valderrivas lantegi zaharrean hondakinak erretzeko egindako saiakera salatu du Sakana Bizirik plataformak, «lurraldearen eta osasun kolektiboaren aurkako eraso berri bat» delakoan. Duela urte batzuk atzera bota zuten erabakia da.

Sakana Bizirik plataformak ostegun honetan eskainitako prentsaurrekoa.
Sakana Bizirik plataformak ostegun honetan eskainitako prentsaurrekoa. (SAKANA BIZIRIK)

Sakana Bizirik lurraldearen defentsarako plataformak salatu duenez, Olatzagutiko Cementos Portland Valderrivas lantegian hondakinak erretzeko saiakera bat egin dute eta «lurraldearen eta osasun kolektiboaren aurkako eraso berri bat da».

Hala azaldu dute plataformako kideek ostegun honetan Altsasun egindako prentsaurreko batean. Diotenez, «hondakinen balorizazioa» deritzon prozesu hau «negozio zikin berri bat besterik ez da, hondakinen arazoa korporazio handientzako onura iturri bihurtzeko beste modu bat, herriaren osasunaren eta ingurumenaren orekaren kontura».

Plataformak gogorarazi duenez, duela urte batzuk Altsasuko, Sakanako eta inguruko herrietako herritarrek hau egitea «irmoki baztertu zuten jada». Baita udalek, mankomunitateek, sindikatuek, kolektibo sozialek eta alderdi guztietako talde politikoek ere. Horrek mobilizazioa piztu zuen bailaran eta enpresak asmoa bertan behera uztea lortu zuten.

Oraingoan, Portlanden jabea den Carlos Slim enpresaburuaren eskutik etorri da erabakia, «Nafarroako Gobernuaren baimen ulergaitzarekin» batera. «Kapitalak ez du mugarik ezagutzen: botere guztia eta prepotentzia inposatzen saiatzen da berriro, herritarren eskubideak eta gaixitasunik eta kutsadurarik gabe bizitzeko gure komunitateen itxaropena alde batera utzita», deitoratu dute.

Gaineratu dutenez, enpresaren jabe berriek «irabaziak handitzea besterik ez dute bilatzen, gure herriak hondakin industrialen zabortegi bihurtuta ere».

«Estrategia globala»

Sakanako bailaran Abiadura Handiko Trena (AHT), goi-tentsioko linea, desindustrializazio progresiboa eta ekonomia lokalaren abandonua bizi dutela salatu dute. Beraz, Olatzagutiko hau «ez da gertaera isolatu bat, kapitalismoaren estrategia globat baten parte» baizik.

«Lehen inork ez zuen nahi bere lurraldean erraustegirik (Tafallako PSOEk erakutsi zuen bezala), orain Olaztiko zementu fabrikan ezkutatu nahi dute, beste izen baten pean, baina ondorio berdinekin edo are okerragoekin, zementu fabrika bat ez baitago inoiz horretarako prestatuta», adierazi dute.

«Berehalako» baliogabetzea

Horrela, emandako baimenak «berehala» baliogabetzea eskatu dute, «benetan jasangarriak diren politikak martxan jartzeko». Hondakinen ekoizpena murrizteko eta berrerabilera eta kontsumo arduratsua sustatzeko neurriak, alegia.

Nafarroako Gobernuari eta eremu guztietako udal ordezkariei «jarrera argia eta koherentea» har dezatela eskatu duete, «ez daitezela bihur eredu kapitalista harrapariaren konplize, eta babestu dezatela herriaren nahia: bizitza, lurra eta gure herrien etorkizuna babestea, edozein interesen gainetik».