«Orain jendeak kontzientzia handiagoa du osasun eta ingurumen gaietan»
Jone Etxeberriak 1993an ekin zion Andoaingo Xixori belar dendaren proiektuari. Hiru hamarkadatan negozioak aldaketa asko ezagutu ditu, batez ere elikagai ekologikoen eskaintzari eta eskariari dagokionez. Orokorrean, orain jendeak osasun eta ingurumen gaietan kontzientzia berezia duela adierazi du.

Hiru hamarkada pasatxo daramatzazu Xixori belar dendarekin. Hasieran Ondarreta kaleko egoitzan, eta gaur egun Txitibar plazako eta Kale Nagusiko dendekin. Zein izan dira nabaritu dituzun aldaketarik handienak?
Batez ere gazte jendeak elikadura zaintzearen alde egin duela eta asko informatzen dela, hona etorri aurretik. Hori alde batetik ondo dago, baina bestetik konturatzen naiz galdera gutxiago egiten dituztela; produktua eskatu, ordaindu eta joan egiten dira. Gainera, zenbait produktu modak bultzatuta erosten dira, eta hori kezkagarria da. Hala ere, orokorrean, orain jendeak kontzientzia handiagoa du osasun eta ingurumen gaietan: plastikozko ontzien arazoarekin kezkatuta dagoen jendeak granelean erosten du, kosmetiko solidoak eskatzen ditu...
Elikadura ekologikoaren eskaintza asko zabaldu da, baina hornitzaileen jatorriari dagokionez, bertako ekoizle ekologiko gehiago dago?
Bai, hor ere aldaketa nabarmena izan da. Gu hasi ginenean, produktu gehienak kanpotik etortzen ziren, baina orain bertako ekoizpena handitu egin da eta saiatzen gara hori eskaintzen, ez bakarrik janariekin, baita kosmetikoekin ere. Orain ekoizleak baditugu Bizkaian, Nafarroan, Araban...
Lehen belar dendetan bakarrik aurkitzen ziren produktuak orain beste leku askotan aurkitzen ditugu.
Orain konpetentzia askoz handiagoa daukagu. Azalera handietan asko zabaldu da elikagai ekologikoen eskaintza, farmazietan ere sendabelarrak saltzen dituzte, eta online salmentak indar handia du gure sektorean. Baina gu pozik gaude bezero batzuk oraindik ere etorri egiten direlako, denda txikiaren aldeko kontzientzia dutelako edo.
Internet bidez saltzen duzue zuek?
Web orrialdea martxan daukagu eta whatsapp bidez jasotako eskariak ere prestatzen ditugu, baina momentuz ez daukagu online salmentarik. Ez dugu baztertzen aukera hori, etorkizuna bide horretatik datorrela argi dagoelako. Baina gaur egun jendea etortzen zaigu, gustura gaude zuzeneko harreman horrekin eta horri eutsi nahi diogu.
Gainera, Euskal Herriko belar denda txiki batzuek marka propioa sortu duzue, ezta?
Bai, hamar belar denda inguruk “Hamarreko” proiektua abiatu genuen; alde batetik, erosketa zentrala bezala lan eginez prezio lehiakorrak eskaintzeko eta, bestetik, guk aukeratutako produktuak bezeroari eskaintzen dion konfiantza eta gertutasuna indartzeko. Etiketak ere euskaraz agertzen dira, eta hori bezeroak asko estimatzen duen gauza da. “Hamarreko” produktuen artean ditugu zerealak, lekaleak, marmeladak... Proiektua handitzen joan da, eta gaur egun 80 bat denda gara Euskal Herria osoan.
Dendatik aparte, espezialisten kontsultak ere eskaintzen dituzue.
Hori beti eskaini izan dugun zerbitzua da. Hasieratik Oscar Castejon mediku naturistaren kontsulta izan dugu, eta azken urteetan Nerea Gil dietistarena ere eskaintzen dugu, baita masaje terapeutikoa ere, Silvia Taboadaren eskutik. Argi daukagu pertsonaren osasuna kontu integrala dela eta, elikadura zaintzen dugun bezala, gorputzaren beste atal batzuk ere zaindu behar ditugula.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

