Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

«Euskara hauspotzen ari garelakoan erdara hauspotzen dugu»

«Euskararen periferia diskurtsoa espainolaren eta frantsesaren periferia da», ohartarazi dute Arnasguneen Konferentzian. «Asimilazio erdalzalean beste pauso bat da». Euskara biziberritzeko estrategian, zenbat eta lurralde euskaldunagoa izan orduan eta arreta bereziagoa jartzea proposatu dute.

Alaitz Aizpuru, Haritz Garmendia eta Mikel Artola hizlariak, aurkezlearekin batera, Arnasguneen Nazioarteko Konferentzian, Azpeitian.
Alaitz Aizpuru, Haritz Garmendia eta Mikel Artola hizlariak, aurkezlearekin batera, Arnasguneen Nazioarteko Konferentzian, Azpeitian. (Jon URBE | FOKU)

Arnasguneen Nazioarteko Konferentzia egin dute ostegun eta ostiral honetan Azpeitian. Bertan bildu dira euskalgintzako aditu eta arituez gain, Serbia, Gales, Eskozia, Italia, Katalunia edota Kanadako lagunak.

‘Euskarak ez du periferiarik zentrorik ez baitauka’ hitzaldi mamitsua egin dute, adibidez, Alaitz Aizpuru eta Haritz Garmendia EHUko irakasle eta ikerlariek eta Mikel Artola bertsolari eta Bertsozale Elkarteko kideak.

Artola hasi da: «Arnasguneek funtsezko papera betetzen dute euskararen etorkizunean, baina ba al da euskalgintzan adostasunik honetan? Gure ustez auzitan dago zenbait diskurtsotan, eta diskurtso horietako bat da euskararen periferia bezala kategorizatu duguna. Diskurtso hori bera problematizatu nahiko genuke».

Galderak luzatzen segitu du: «Euskarak ba al du zentrorik? Ba al du periferiarik? Euskara periferia Paris edo Madrilek bihurtzen dute, baina non du zentroa, nolakoa da? Zentroari bere boterea eta hegemonia kentzea da xedea, zentroa eraistea, baina behin eraitsita, zein da euskararen periferien diskurtsoen hurrengo xedea?».

«Euskaldunok mendeetan bizi dugun testuinguru gordin honetan, normalizaziotik ezin urrutiago, euskarak ba al du hegemonia politiko, sozial, kulturala duen gunerik? Zein da?».

Etxekalte

Euskararen periferiaren diskurtso horrek euskarari fabore baino kalte gehiago egiten diolakoan daude. «Etxekaltetzat» izendatu dute, euskalgintza indartu beharrean erdalgintza indartzen duelakoan. Beren ustez, larriena da kulturgintzan, hezkuntzan zein pentsalaritzan dabiltzanen aho eta idatzietan ari dela diskurtso hau indarra hartzen. «Euskalgintzako erreferente ia guztietan dabil diskurtso hau erosoegi».

Zapalkuntza kontuan izan gabe

Euskararen periferia diskurtsoaren lau ezaugarri aletu ditu Garmendiak. Lehenik, diskurtso askotarikoa eta nahasia dela erran du. «Nahasi egiten ditu bi adierak: Euskal Herria periferia da eta Euskal Herriak periferiak ditu. Esaldi berean zapalkuntza batetik besterako saltoak egiten dira doiketarik egin gabe».

Bigarrenik, hizkuntzaren bueltan, baina hizkuntzan ardaztu gabeko diskurtsoa da. Justizia soziala da zigilua, berez oso ona da, arazoa da ez dela euskaran ardazten eta horrek eragiten du, nahi gabe askotan, euskara hizkuntzaz haragoko tenken gudu zelai bihurtzea. Ez du kontuan hartzen izan duen atzerakada, nazio zatitua dela gurea. Ez dago hizkuntza komunitate zapaldua izan garenaren memoriaren transmisiorik ere.

«Nola egin egungo errealitatearen analisi zuzena zapalkuntza kontuan izan gabe? Ez da Euskal Herriko testuinguru soziolinguistiko eta kulturalaren aniztasuna maila berean jasotzen, aipatu gabe pasatzen da erdal testuingurua dela nagusi. Euskal komunitatearen ikuspuntua galdu da, ondorioz, ez dago ikuspegi integralik. Banakakoetatik abiatutako diskurtsoa da, baita kolektibotasunaz dihardutenean ere».

Arnasguneak jo puntuan?

Periferia hauek badute jo puntuan duten zentro bat. Bueltan-bueltan indartzen duten ideia da euskararen arnasguneak euskararen zentroak direla. «Baina Errezil, Arantza edota Aramaio hegemonia eta pribilejio ideiekin erlazionatzen dituzue?», galdetu du Garmendiak. «Ez da inoiz esan arnasguneak zentro direnik, euskararen iraupenerako zentralak direla baizik, eta ez da gauza bera. Hizkuntza bat hilko ez bada, komunitate trinkotu bat behar du. Hori horrela izanda, euskaraz eta euskaratik eraturiko unibertsitate bat behar duela ere ezbaian jarri behar al dugu?».

Laugarrenik, diskurtso honek aurreiritzi linguistiko-kultural kolonialak indartzen dituela jakinarazi du. «Azkenaldian gaindituta zeuden mamu zaharrak magalean darabilzkigu. Adibidez, arnasguneetan identitatearen ulerkera esentzialista dute, erraz, natural, ahaleginik gabe bizi dira euskaraz, eta hortik kanpo dago benetako erresistentzia eta borroka».

Euskalgintzaz mozorrotuta

Aizpuruk jarraitu du: «Zein da diskurtsoaren helburua euskararekiko? Euskalduntasunean sakontzea ala espainoletik eta frantsesetik gertuago dagoen euskaltasuna sortzea du jomuga? Arnasguneen eremua zabaltzea eta indartzea ala arnasgunerik gabeko Euskal Herria? Euskararen periferia deitutako hori euskararen periferia da ala pentsamendu ‘vascoari’, ‘basque’-ari buruz ari gara?».

Beren ustez, euskararen periferia diskurtsoa espainolaren eta frantsesaren periferia da. «Nahita ala nahi gabe asimilazio erdalzalearen prozesuan beste pauso bat da. Euskalgintzaren helburuekiko aurrera egitea baino atzera egitea dakar. Ez litzateke euskalgintzaz mozorrotu beharko».

Azaldu duenez, diskurtsoa euskaran ardaztua balego, ezaguna litzateke euskara ez dela inoiz aginte botere baten hizkuntza benetakoa izan, euskalduna atzo eta gaur bigarren mailako hiritarra dela. «Hau ahaztu egiten zaigu. Euskaldunoi ez zaigu hiritartasun edo herritartasunik aitortzen euskaldun gisa».

«Diskurtsoa euskaran ardaztua balego, erraz ikusiko litzateke euskaldun berri gehienak erdaldun zaharrak direla, gehienak erdara hegemoniko batean. Euskaldunei ez genieke oso edo oso-oso euskaldun deituko, ez genieke subjektutasuna eta zilegitasuna kenduko euskaldun elebidunen faboretan, ez genieke hauei izaera orekatua aitortuko eta aldiz euskara nagusi dutenei izaera markatuegia. Euskal Herria aldarrikatuko genuke. Nor dagoen zentroan eta nor periferian ez litzateke banatzen gaituen gai bat izango».

Aizpuruk adierazi duenez, arazo larria dugu, gure ikuspuntu propioa beharko lukeena guztiz lausotua dabilkigulako. «Diskurtso hauek kasu askotan asmo onez ari den jendeak esanak dira. Horrek erakusten digu gure arazo estrukturalaren neurria, gure baitan dugun erdalkeriaren tamaina, sumatu ere egiten ez duguna, ustez euskara hauspotzen ari garelakoan erdara hauspotzen jartzen gaituen hori».

Erdalgintzaren euskalgintza existitzen al den planteatu du horrekin lotuta.

Aitortu du diskurtsoak bere baitan komunitate gisa aintzat hartu behar ditugun aldarriak ere gordetzen dituela. Ez dituzte horiek ezbaian jartzen, baina modu honetan eraikita ez digutela balio argitu du.

Izan ere, erran duenez, diskurtso honek ez ditu hizkuntza zapaldu baten errealitatea eta barne logikak argitzen. Ez da kontzeptualki tresna ona. «Banatu egiten gaitu, komunitate izaera zartatzen digu. Eta arrazionalitate moderno inperialistaren gakoetatik pentsatzera garamatza».

Horren aitzinean, aldarrikatu du presazkoa eta derrigorrezkoa zaigula euskararen adierazle, kategoria, kontzeptualizazio eta begirada propioak identifikatzea, sortzea, elikatzea eta zabaltzea; konplexutasunetik eta konplexurik gabe euskal diskurtsoak garatzea; komunitate gisa ikuspuntu dekolonial zorrotza eta aberatsa; eta formakuntza soziolinguistiko sendoa.

Estrategia proposamen bat

Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerlariak, bere aldetik, gogoeta batzuk egin ditu euskararen indarberritzerako lurralde estrategia bati begira. Doktore tesian arnasguneek betetzen dituzten funtzioak bereziki landu dituen adituak erronka bat jarri du mahai gainean: «Efizientziaren eta inpaktuaren neurketa hizkuntza gutxituen indarberritzean». Ezaguna da 1960 inguruan sortu zen olatuari esker euskarak atzera egiteko joera zuenean aurrerapauso handiak eman dituela. Baita azken urteetan geldialdi batean sartuak gaudela eta zerbait egiten ez badugu perspektibak ez direla onak ere. «Esnatzea da lehen pausoa. Bigarrena, euskara lehentasunetara ekartzea bai maila pertsonalean eta bai politikoan. Baliabide gehiago eskaintzea. Eta, horrez gain, beharrezkoa da efizienteago eta inpaktu gehiagoz lan egitea».

Bada ardatz onartu bat indarberritze-prozesuan: lehentasuna belaunaldi berriak berriak dira, efizienteagoa baita haurrengan inbertitzea. Fruituak eman dituen irizpide bat izan da.

Iurrebasoren proposamena da lurraldea ere ardatz izatea. Gurean badaude zonalde euskaldunagoak eta erdaldunagoak, eta bere iritziz irizpide adostua izan beharko litzateke zenbat eta zonalde euskaldunagoa izan lehentasun handiagoa edukitzea bertan egiten den lanak.

Zergatik? ‘Euskalduntzearen inpaktua lurraldean’ ikerketaren emaitzak azaldu ditu. Jatorriz erdaldunak ziren hiztunek euskara ikasteak zer inpaktu eduki duen lurralde euskaldunagoetan eta erdaldunagoetan ikertu du. 285.000 euskaldun berri daude Hegoaldean (euskaldunen %38). Bostetik lau euskararen erabilera %20ra iristen ez den lurraldeetan bizi dira. Erdararen nagusitasun ez erabateko udalerrietan bizi dira nagusiki euskaraz aritzen diren euskaldun berrien %19,8. %33,9 nagusitasun argitrik gabeko udalerrietan. %43,6 arnasgune erasanetan (euskararen erabilera %60-80) eta %47,6 arnasgune beteetan (%80tik gorako erabilera).

Zazpi aldiz gehiago erabiltzen du arnasgune beteko euskaldun berriak euskara erdara nagusi den eremuko euskaldun berriak baino. Iruñean, Gasteizen eta Bilbon batez beste %13ko erabilpena dute. Aldiz, arnasguneetan euskararen erabilerak erdararena gainditzen du.

Bost edo sei aldiz gehiago erabiltzen dute euskara arnasguneetako hiztunek erdara nagusi den eremuetakoek baino.

Inpaktua aldakorra da

Ondorioz, euskaldun berrien erabilera aldakorra da nagusitasun-eremuen arabera, eta alde horiek handiak dira. Beraz, euskalduntzearen inpaktua aldakorra da (bost edo sei aldiz handiagoak). Hipotesi bat eman du ikerlariak: efizientziaren ikuspegitik aldeak bost edo sei baino handiagoak izango dira.

«Zein inplikazio ditu esku hartzeari begira euskalduntzearen inpaktu aldakorrak? Kontuan hartu behar litzateke fenomeno hori hizkuntza-politiketan?», galdetu du, eta istorio baten bidez eman du erantzuna.

Urruneko herri batean gosete handia zuten. Nekazariak ziren. Lursail ezberdinak zituzten, neurri eta ezaugarri ezberdinekoak, baina ohitura zuten zeuzkaten haziak modu homogeneoan zabaltzeko. Azken bi-hiru uztetan jabetu dira lurralde batean fruitu gehiago ateratzen direla besteetan baino, lurrik emankorrenetan bost edo sei aldiz gehiago lurrik eskasenetan baino. Gaur bildu dira eta erabaki behar dute haziak nola banatuko dituzten. Zein izango litzateke erabakia?

Zenbat eta euskaldunago, arreta bereziagoa

Lurralde estrategian arnasguneak funtsezko dira Iurrebasok aldarrikatu duenez. Euskalduntzearen inpaktua aldakorra da eta espazioak elkar eraginean daude, hau da, zonalde euskaldunetatik beste lurraldeetara zabaltzen da euskara.

Bost irizpide eman ditu: «Lurralde eremu guztietan eragin behar da; esku-hartze molde ezberdinduak-egokituak egin behar dira lurraldean; ingurune euskaldunagoei motore-lidergo-aitzindaritza papera aitortu behar zaie; arreta berezia jarri behar zaie eremu euskaldunenei (oinarrizko printzipioa honakoa litzateke: zenbat eta lurralde euskaldunagoa, orduan eta arreta bereziagoa); eta zonalde euskaldunagoak gainerako eremuen euskalduntzerako baliabide eraginkor(ago) bihurtu behar dira».

Eremu euskaldunagoetan eragiteko hiru norabide orokor marraztu ditu: «Politika integraletara jauzi egitea; hizkuntza politika aurreratuagoak lantzea; eta hiztunen kontzientzia linguistikoa eta ahalduntzea sakontzea».