NAIZ

‘Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak’, zaintza sistema birdefinitzeko liburuxka

‘Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak’ izeneko liburuxka sortu dute Udalbiltzak, Emaginek eta aditu mahai batek. Zaintza sistema birdefinitzeko gakoak jasotzen ditu.

Andoainen aurkeztu dute liburuxka.
Andoainen aurkeztu dute liburuxka. (Iñigo URIZ | FOKU)

Udalbiltzak, Emaginen eta aditu mahai baten laguntzaz, herrietan zaintza sistema eraldatzeko gakoak biltzen dituen liburuxka bat argitaratu du, ‘Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak’ izenpean.

Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egindako agerraldian, Udalbiltzako zuzendari Clara Rougetek adierazi du «egun, ez duela inork zalantzan jartzen errealitate soziodemografiko berri baten aurrean gaudela; eta horrek zaintzaren krisia modu nabarmenean areagotu dezakeela».

Horren aurrean, Udalbiltzako Batzorde Eragilean zaintzaren kontzeptua birdefinitzeko beharra ikusi zen iaz. Emaginekin elkarlanean diseinatu zuen prozesua eta, ahots anitzak behar zituztela ikusita, erronka berriei aurre egiteko aditu eta arituz osatutako mahai bat eratu zuen. Urtebeteko prozesuaren ostean, emaitza ukigarria da jada: zaintza sistema birdefinitzeko gakoak eskaintzen dituen liburuxka hau.

Emagin arduratu da liburuxkaren erredakzioaz, eta agerraldian izandako Ainara Santamariak azaldu ditu argitalpen honen nondik norakoak. «Ezeren aurretik, argitu behar da bertan bildutakoak proiektu zaintzaile posibleak abiatzeko gako batzuk direla; ez da inolaz ere bide baten helmuga, edo prozesu itxi bat», esan du, egungo zaintza erregimena bidegabea dela nabarmenduz, izan ere, «batzuen esplotazioa baliatzen duelako horretarako».

Hain zuzen, sistemaren trantsizio honetan lagungarri izan daitekeen marko bat zehazten du liburuxkak, bi ildo nagusitan bananduta: lehenak herri zaintzailearen marko orokorra definitzen du, ikuspegi teoriko bat emanez; eta bigarrenak, aldiz, eskuhartze posible baterantz joateko gidalerroak eta pausuak zehazten ditu. 

Edukiak partekatzeko jardunaldia

Liburuxkan bildutako ideiak eta edukiak behar bezala aurkeztu asmoz, jardunaldi bat antolatu dute eragileek azaroaren 7an. Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak eman ditu jardunaldi horren inguruko zertzeladak. Hitzordua Donostiako Miramon Teknologia parkeko eraikin nagusian izango da, eta goiz osoa hartuko du, 9.30etatik 15.00etara bitarte. 

Hitzaldi, mahai inguru eta lanketa kolektibo bitartez, herri zaintzailea eraikitzeko eskuhartze posibleak landuko dira egun horretan.