
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak manifestazioa deitu du azaroaren 29an Bilbon, eskola publikoaren alde, eskola-segregazioari aurre egiteko asmoz. Plataformak deialdia Ordizian iragartzea erabaki du, «dugun eskola-segregazio nabarmenaren adibide argia delako».
Salatu dutenez, «Ordiziako bi ikastetxeen artean, bat publikoa eta bestea kontzertatua, dagoen desoreka erabatekoa da». Hala, adierazi duenez, «Behar sozialak dituzten ikasle edo familia ia guztiak Eskola Publikoan daude, baita atzerritar jatorriko ikasleen %87 ere, eta horrek «ikasleen familien jatorriaren, euskara ezagutzaren eta egoera sozioekonomikoaren araberako matrikulazio desoreka larria» dakar.
Ildo horretan, Ordizia «Hezkuntza Sailaren utzikeria eta arazoa konpontzeko borondate ezaren isla ezin hobea» dela deitoratu dute. 2019an, Arartekoak ebazpen bat eman zuen Hezkuntza Sailari gomendatzeko neurriak har zitzala bi ikastetxeen arteko oreka handiagoa lortzeko ikasleen banaketan.
Hala ere, Arartekoak ekaineko txosten batean ondorioztatzen duenez, «Ordizian dagoen arazoaren aurrean, (Hezkuntza Sailak) ez du neurri zuzentzaile nahikorik hartu» eta «herriko funts publikoekin sostengatutako bi ikastetxeetan orekarik eza nabarmenak jarraitzen du ikasleen banaketan».
«Eskola-segregazioa da gure sistemaren arazo estrukturala eta ezaugarri lotsagarriena», adierazi zuten. Lakuako gobernuak, bitartean, segregazioaren kontra, ‘Eskola bikaina denontzat’ «izen ponposoa duen mahaia» osatu du eragile ezberdinekin, «berriro ere, Hezkuntzako Legea sortzeko egin zuen bezala, partaidetza oso desorekatuarekin», aipatu du plataformak zehaztuz irakaskuntza publikoko gehiengo sindikala osatzen duten bi sindikatuk parte ez hartzea erabaki dutela.
Era berean, Hezkuntzari aurpegiratu diote banatu den txostena «orain arte Sailak hartutako neurriak goraipatzen» dituela, eta neurri horiek «egoera zaurgarrienean dauden ikasleengan» jartzen dutela fokoa, «segregazioaren sortzaileak balira bezala, eta ikasle horiek sakabanatzeari ekiten» diotela, haien eskubideak urratuz.
Hala, uste dute urte hauetan hartu diren neurriek «ez dute ezertarako balio izan,ez diotelako heldu benetako arazoari, gure sistema duala segregatzaileari, hain zuzen ere. Ordizian ikastetxe bakarra balitz, ez litzateke segregaziorik egongo», ziurtatu dute.
Borondate politikoa
Eskola-segregazioari aurre egiteko, «benetako borondate politikoa beharko litzateke neurri eraginkorrak abian jartzeko, hala nola, plazak planifikatzeko eta esleitzeko prozesuetan sare publikoa lehenestea, giza baliabideen eta baliabide materialen hornidura handitzea bertan guztiontzako bikaintasuna eta euskalduntzea bermatzeko, sare pribatuaren plazen gaineskaintza eta kontzertazioa pixkanaka murriztea, eta hala nahi duten ikastetxeentzat publifikazio-bideak irekitzea», argi du Euskal Eskola Publikoaz Harrok.
Hori dela eta, «familia gehienak eskola inklusibo, plural eta euskaldun bakarrera, eskola publikora, zuzenduko dituzten politikak» eskatu dituzte, «ezinezkoa da pertsona aske eta berdinen gizarte bat lortzea berdintasunean oinarritutako hezkuntzarik gabe».
Horrez gain, salatu dute ezinezkoa dela «berdintasunean heztea oraindik ere diru publikoz sostengatutako sare pribatuak mantenduz, betiere eskola publikoaren kaltetan, hezkuntza pribatua berdintasunaren eta askatasunaren balioetatik urruntzen baita, beti».
Horregatik, arlo publikoaren alde dauden pertsona guztiak mobilizatzeko deia egin dute. Hitzordua, azaroaren 29an, 17.30etan, Bilbon izango da.

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción
