«Aitaren pinturak oso forman egoten jarraitzen du, mantentzen du jatorrizko potentzia»
Sei urteren buruan Donostiak hartu du Jose Luis Zumetaren obra. 29 lanek jantzi dituzte Zurriola hiribideko seigarrenean dagoen espazioaren hormak. Olioak eta marrazkiak aurkeztu dira, gehienak orain arte ikusi gabeak. Bizirik eta garaikide ikusten du Usoa Zumetak aitaren obra.

Sei urte ziren Donostian Jose Luis Zumetaren (Usurbil, 1939) artelanik erakusten ez zela. Ekain galeriaren paretetan eskegi zituen marrazkiak azken aldiz. Iritsi da unea. Zurriola hiribideko seigarrenean (orain gutxi arte Kur galeria egon da bertan) usurbildarraren olioek eta tenperaz landutako marrazkiek bizi berria hartu dute. Estudiotik atera eta jendaurrean jartzean hala gertatzen baita.
Erakusketa egitea, zernahi dela ere, berri pozgarria izan ohi da. «Omenaldia edo ospakizun modukoa da erakusketa, poztekoa. Jende asko dator, eurekin aitaren inguruan hitz egiten duzu, anekdota asko gogoratzen dituzte... Izan ere jende asko ezagutzen zuen berak».
Hamabost olio eta marrazki aukeratu ditu Usoa Zumetak, artistaren alaba eta erakusketaren komisarioak. Tamainari dagokionean denetarik aurkituko du bisitariak. «Margoen artean 1 x 1,20 neurrikoa da txikiena eta 4,80 x 2,00 handiena. Hauekin batera hamalau marrazki daude, tenperak», zehaztu du.
Espazioak berak agindu du hein batean artelanen aukeraketan. «Formatu ertain-handia eskatzen du eta irizpideetako bat lanen neurria izan da. Horrez gain, saiatu naiz galeriatan erakutsi ez diren obrak ekartzen. 2015, 2016, 2017, 2018 eta 2020koak daude. Azkena margotu zuen lana ere bai. Eta marrazkiak, batez ere, pandemiak egindakoak». Usurbildarraren eskuek sortutako azken obrak, urte hartako apirilaren 23an hil baitzen.
Erakusketa azaroaren 9ra arte dago zabalik. Hura osatuz, artelanekin batera, bideo bat jarri da ikusgai. Zumeta ikus daiteke irudietan margotze lanetan. «Buklean dago jarrita dago. Bideoa ikusita informazio gehigarria daukazu koadroari begiratzerakoan, garrantzitsua iruditzen zait».
Ez da ohikoa erakusketa batean halakorik aurkitzea. «Zaila izaten da artista lanean ikustea. [irribarrea] Guk, zorionez, dokumentua bagenuen eta bisita gidatuetan eta beti erakusten dut. Monika Zumeta alabak egin zuen. ‘Izenik gabe, 200 x 1,33’ izena jarri zion, bideoan margotzen ikusten den koadroaren formatoarena. Hainbat elkarrizketa txertatzen dira. Orain konprimitu egin dugu eta 15 minutuko bideotxoa osatu. Koadroa hasieratik bukaerara margotzen ikus daiteke aita», kontatu du.
Aita-alabak estudioa partekatu zuten hainbat urtez baina ez pentsa lanean askorik ikusi zuenik. «Nik pintatzen benetan ikusten nuena baina gehiago agertzen du bideoak. Bera margotzen ari zenean inor begira egotea ez zitzaion gehiegi gustatzen eta ez zidan uzten. ‘Segi zurera’, esaten zidan. Behin saioa bukatutakoan bai, galdetzen zidan ‘egindakoa nola ikusten duzu?’», gogoratu du.
«Bera margotzen ari zenean inor begira egotea ez zitzaion gehiegi gustatzen eta ez zidan uzten. ‘Segi zurera’, esaten zidan»
Erakusketa berri batek ematen duen perspektibarekin ezer berririk antzeman duen galdetu diogu. «Obra bat berria da begiratzen duzun aldiro. Beti dago zeozer berria. Bere pinturak oso forman egoten jarraitzen du, mantentzen du jatorrizko potentzia», dio. Bizirik eta garaikide ikusten du Zumetaren lana.
«Kolorea aipatu izan da beti, baina nik duen indarra nabarmenduko nuke. Artista batek bilduma egiten duenean koherentzia izaten du. Kasu honetan, bilduma ezberdinetako lanak aukeratu ditudanez, saiatu naiz kolore aldetik eta beste elementuen aldetik armonia edo oreka mantentzen», azaldu dio NAIZi.
Juanma Arriaga, Kur galeriaren jabeak, Donostia utzi eta Hondarribian espazio berria irekitzea erabaki du eta galeria berriaren arduraduna sartu bitartean denbora tarte bat zegoela baliatu du. Ez da erraza espazioa aurkitzea Donostian. «Ez. Gero eta gutxiago daude galeria irekien formatuan. Batzuetan ordua aurrez hartu behar duzu bisita egin ahal izateko», esan du.
Hiriburuan erakusketa egitearen garrantziaz, zera dio: «Zurriolako espazio honen kokapena ezin hobea da, Kursaalaren parean dago eta jende izugarri piloa pasatzen da aurretik. Hiriak hori du, populazio gehiago dago eta pertsona gehiagorengana iristen zara. Erakusketa ikusteko interesa espreski dutenez gain kalean doazela ezustean topatu egin dutenak ere badatoz».
Zumetaren erakusketa non, bere publiko fidela han. «Inaugurazioan argi geratu zen, bai», dio, eskerronez.
«Saltzea, erabaki zaila»
Erakusketako obrak eros ditzazkete interesatuek. Erabaki erraza ote hilda dagoen egile baten lana salgai jartzea? «Zaila da. Obra asko sortu zuen eta zati bat saldu zuen eta oraindik ere geratzen da eta mugitu beharrean gaude. Badakit gaizki pasako dudala. Baina aldi berean zabaldu beharra dago bere lana. Buruan dauzkat Donostiako zein etxetan dauden aitaren lanak», azaldu du.

Usoa Zumetak urteak daramatza aitaren obra gordetzen, kudeatzen eta katalogatzen. «Hil zenetik ari naiz horretan. Lehen momentutik Diputazioko Ogasun sailak eskatzen dizu patrimonioaren zerrendaren artxiboa aurkeztea. Hortik abiatuta, guk gordeta genuenaz gain katalogoetakoa, salduta obra... biltzen hasi nintzen», kontatu du.
Ikerketa sakona
Bilboko Arte Eder Museoak badu Zumetaren inguruko proiektua esku artean, oraindik hastapenetan dagoena. Denborak esango du zer ematen duen. «Ikerketa luze bat jarriko da abian. Komisario bat izendatuko dute eta urtarriletik aurrera hasiko gara biok elkarlanean, estudioan gordeta dagoen lana eta etxe partikularretan daudenak ikustera. Fundamentuzko katalogoa egitea da helburua, errebisio teorikoa barne. Euskal Herriko eta nazioarteko kontestuan kokatuko du obra. Izan ere, 1989an Jose Luis Merinok egina da gaur egun erreferentziazkoa dena. Geroztik oso literatura kritiko gutxi sortu da aitaren inguruan. Eta bada garaia».
Gaur egungo betaurrekoekin ikustea garrantzitsua da. «Batetik, baliteke garai hartan idatzitakoa beste era batean ikustea. Eta horrek berak perspektiba ematen dizu aurreko lanen errebisioa egiteko eta baita ere azken 30 urteotan egin dena zehatzago aztertzeko aukera ematen dizu».
Aurrera begira ez du baztertzen Bilboko Arte Eder Museoak Jose Luis Zumetari erakusketa handi bat eskaintzea. «Suposatzen dut ikerketaren atzetik erakusketa bat etorriko dela, antologika bat. Logikoena hori da baina garbi utzi nahi dut momentuz ez dagoela ezer zehaztuta».
Katalogoa osatzeko lagungarriak dira erakusketak. «Beti izaten duzu pieza berrien berri. ‘Nik badut etxean koadro bat’, esanez hurbiltzen zaizu norbait. Kasu horietan argazkia bidaltzeko eskatzen diet eta osatzen joaten gara», dio.
«Beti izaten duzu pieza berrien berri. ‘Nik badut etxean koadro bat’, esanez hurbiltzen zaizu norbait»
Momentuz 1.600 lan dituzte zerrendatuta. «Ez dakigu denera zenbat diren. Produkzio handia izan zuen, eta saldu ere asko egin zuen. Norbaitek pentsa lezake milaka lan ditugula gordeta baina ez da horrela, eta horregatik ematen du min saltzeak». Zati bat Usurbilen, Zumeta Arte Estudioan dago gordeta eta zainduta eta gainontzekoa Nafarroan, biltegi batean, gutxienezko kontserbazio baldintzak betez.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

