«Euskara indartzeko gaitasunean eragin behar da eta, nola ez, atxikimenduan»
Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari gisa bere lehen Nafarroa Oinez jaia biziko du Oier Sanjurjok (Lizarra, 1986). Futbol zelaietatik bulegoetara jauzi egin arren, betiko bidetik jarraituko duela esan du: «Erronkak gustuko ditut, talde lana ere bai, eta ikastolen balioekin bat egiten dut».

Osasunako jokalari gisa 14 denboraldi eta 356 partida jokatu ondoren, zure ibilbidea aski ezaguna da Nafarroako eta Euskal Herriko futbolzaleen artean. Baina ikastolen inguruan egin duzun ibilbidea ez da hain ezaguna izango askorentzat. Zein da zure bizitzan zehar ikastolekin izan duzun harremana?
Harremana txiki-txikitatik erabatekoa izan da. Lizarra Ikastolan burutu nituen ikasketak. Aita irakasle izan da Lizarrako Ikastolan bertan urte mordo batez, eta ama bera, Ikastolako idazkaria. Honekin esan nahi dudana da etxetik bizi izan eta sentitu dudala ikastola baten izaera zein den, eta ikuspegi desberdinetatik, gainera. Aitaren langile dozentearen ikuspegia, amaren langile ez dozentearen ikuspegia, nirea, ikaslearen ikuspegia, eta gaur egun guraso naizen ikuspegitik, alegia.
2025eko martxoan izendatu zintuzten Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari, Elena Zabaletari erreleboa hartuz. Nola izan zen kargurako proposamena eta zerk eraman zintuen baiezkoa ematera?
Beti sentitu dut auzolana gure herriaren bereizgarri moduan eta txikitatik horretan hezi naute. Aurreko ikasturtean, nire semeen San Fermin Ikastolako Artezkaritzan parte hartzen hasi nintzen Euskara batzordean. Bertan, Nafarroako Ikastolen Elkarterako ordezkari izendatu ninduten eta hilabete gutxira, NIEn erreleboa eman behar zenez, kargu hau har nezan planteatu zidaten eta asanbladak izendatu ninduen. Erronkak gustuko ditut, talde lana ere bai, Ikastolen balioekin bat egiten dut... beraz, pausoa eman nuen ilusioz eta nire ekarpena egiteko prestasunez.
«Azken hamarkadotan urratsak egin dira, baina oraindik ere euskarak egoera gutxituan jarraitzen du, eta, beraz, berdintasuna helburu, euskarak neurri bereziak behar ditu»
Lehendakaritza ez ezik, Nafarroako Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Batzorde osoa berritu da aurten. Zein erronka nagusi dituzue etapa berri honetan?
Bai. Artezkaritza Batzordea Nafarroako eskualde ezberdinetako ikastoletako ordezkariek osatzen dute (Sakana, Iparraldea, Erribera, Lizarraldea, Pirinioa, eta Iruñerria) eta azken urtean kargu guztiak berritzea tokatu da, lau urte igaro eta gero.
Ikastolak beti saiatu dira gizartearen behar ezberdinei erantzuten eta gaur egun ere gizarteak baditu erronka berriak. Horiei erantzuteko gogoetak eta egitasmoak lantzen ari gara: inklusiotik ekitatera jauzi egitea; haur eta gazteen euskararen ezagutza eta erabilera indartzea; etorkinak euskarazko ereduetara erakartzea eta hauek gizartean modu egokian integratzea euskaldunduz; digitalizazio eredu orekatu berri bat diseinatzea; pertsona, gizakia, hezkuntzaren erdian jartzen duen eredu bat garatzen joatea eta honetarako diseinatu den tutoretza material berria inplementatzea; irakasleen formakuntzan sakonean eragitea; gure kooperatiba izaera garatzea ikasle, familia eta profesionalekin; jaiotza tasaren beherakadak dakarren egoerari aurre egitea.... Beraz, erronkak ez zaizkigu falta.
Zure bizitza osoan ikastolei lotuta egon ondoren, nola ikusten duzu euskarak eta euskarazko hezkuntzak azken urteetan izan duen bilakaera eta gaur egungo egoera?
Azken hamarkadotan urratsak egin dira, baina oraindik ere euskarak egoera gutxituan jarraitzen du, eta, beraz, berdintasuna helburu, euskarak neurri bereziak behar ditu. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko orduan arrakasta gehien izan duen hezkuntza-eredutik abiatu behar da; hau da, euskara ikas- eta irakas-hizkuntza duen eredutik. Euskara errealitate kultural bati ere lotzen zaionez, ez dago hizkuntza ulertzerik horri lotzen zaion kultura alboratuta. Eta, horregatik, hezkuntza sistemak dagozkion bi eremuetan bermatu behar ditu euskalduntzea eta kulturaren transmisioa: hezkuntza arautuan eta ez-arautuan (aisian eta abarrean).
Soziolinguistika arloko ikertzaileek eta euskalgintzako eragileek sarritan berretsi ohi dute euskara ezagutzan indartsu dagoela, eta erabileran, ordea, ahul. Euskara indartzeko euskararen gaitasunean eragitea ezinbestekoa da eta, nola ez, euskararekiko atxikimenduan ere lan handia egin behar da. Ikastolok atxikimendu eta motibazio horietan topatzen dugu euskararen normalizazioan aurrera egiteko aukera eta palanka garrantzitsu bat.
«Ikastolak beti saiatu dira gizartearen behar ezberdinei erantzuten eta gaur egun ere gizarteak baditu erronka berriak. Horiei erantzuteko gogoetak eta egitasmoak lantzen ari gara»
Gaur, urriaren 19an, Atarrabian ospatuko den Nafarroa Oinez jaiak zein helburu izango ditu?
Urte osoan zehar egin diren jarduerek helburu jakin batzuei erantzun diete. Paz de Ziganda Ikastolak honela definitu ditu:
Ikastola gara. Hezkuntza ereduarekiko nortasuna eta kidetasuna indartzea. Kooperatibismoan eta autonomian oinarritutako hezkuntza-eredu propioa, lidergorako bokazioarekin, une bakoitzean eredu berritzaileenak ezarriz.
Herria gara. Gizarte-ekimen irekia izatea, bere inguruneari lagundu nahi diona (ikastolak herriari) eta inguruko elkarte, erakunde eta bestelako gizarte-eragileekin loturak sendotzeko zubiak ezarri nahi dituena. Gizartea euskalduntzen lagundu, hezkuntza-eredu propioa eta berritzailea eskainiz.
Euskara gara. Euskaraz bizi eta gure kulturaz gozatzera gonbidatu, mundura zabalik; euskara eta euskal kultura zabaltzeko konpromisoa hartuta, euskararen erabilera sustatu, bai komunitatean, bai gizartean oro har. Ekarpena egin euskaraz bizitzea ez dadin amets bat izan, errealitate bat baizik.
Hezkuntza gara. Nafarroa Oinezen, besteak beste, erantzukizun ekologikoa, aniztasunaren integrazioa eta jasangarritasunarekiko konpromisoa landu dira. Gaitasun horiek hezkuntza proiektuaren bidez garatu dira, ikasleak etorkizuneko herritar arduratsuak eta konprometituak izan daitezen.
Sozialak gara. Nafarroa Oinez honen helburua inguruko proiektu sozialetan inbertitzea da, ikastolako familietatik haratago, gizartearen zati batek horietaz gozatzeko aukera izan dezan. Era berean, aniztasunaren eta bizikidetzaren tratamendua aberastu nahi izan da, egungo eta etorkizuneko beharretara egokituz. Aurten pertsonen zaintza eta hazkundea sustatzeko konpromisoa berretsi nahi izan da.
Urtean zehar antolatu dituzuen ekitaldi horiek, beraz, komunitatea egiteko nahian oinarritzen dira?
Nafarroa Oinez guztiek badituzte zenbait egitasmo egonkor: Juul irakurketa kanpaina, Artea Oinez, Txikiak handi, Oinez Basoa (orain Oinez Klima izango dena)... Antolatu diren jarduera guztiek aurreko galderan aipatutako helburuei erantzun nahi izan diete. Komunitate zabal baten parte gara: hamabost ikastola Nafarroan, eta ehun baino gehiago Euskal Herri osoan, elkarrekin ikasiz, pertsona gaituak heziz. Sare horri esker, euskarazko hezkuntza eskaintzen dugu Nafarroako lurralde osoan, muga administratiboetatik haratago.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

