NAIZ

Otegik dio Esteban iritsi denetik okerrera egin duela EH Bilduk EAJrekin duen harremanak

Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak adierazi du Aitor Esteban EAJren presidente denetik harremana aldatu egin dela bi alderdien artean, eta ez onerako. «Haren erabakia izan da, eta errespetatzen dugu». Estebanek esan du estatus berriak EH Bilduren, PSEren eta EAJren akordioa behar duela.

Arnaldo Otegi, NAIZ Irratiarekin elkarrizketan.
Arnaldo Otegi, NAIZ Irratiarekin elkarrizketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Berria’ egunkariari emandako elkarrizketan, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak azaldu du Andoni Ortuzarrek EAJren EBBko burua izateari utzi eta kargua Aitor Estebanek hartu duenetik harremana aldatu egin dela bi alderdien artean, eta ez onerako.

«Sei-zazpi urtean aukera izan dugu bokazio eraikitzailea zeukan sekulako harremana egiteko bai Andoni Ortuzarrekin, bai Joseba Aurrekoetxearekin. Hilero, behin edo bitan bildu izan gara. Horrek sortzen du konfiantza bat, eta baita niretzat inportantea den beste gauza bat ere: jakitea bakoitza noraino joateko prest dagoen. Esteban etorri da EBBra, eta erabaki du harreman hori aldatzea. Haren erabakia da, eta errespetatzen dugu», aipatu du Otegik.

Esan duenez, orain jeltzaleek ez dute «inolako borondaterik bokazio eraikitzaile horrekin» harremanari eusteko. Nolanahi ere, EH Bildu jakitun da Euskal Herria osorik hartuta bi alderdi abertzale direla, herri hau abertzaletasunetik egituratzen dutela, eta haien artean akordioak egon behar direla, edo gutxienez elkarlana. Bokazio horrekin mantentzen dute harremana. «Gauzak zailduko ote diren harremana ez bada lehen bezain ona? Bada, bai. Baina, halere, guk aurrera egin behar dugu, herri honek ezin baitu aukerarik galdu».

Falangearen kontzentrazioak

Falangearen manifestazio bat baimentzeaz duen iritzia galdera batekin azaldu du: «Nola baimendu daiteke Gasteizen erdian faxismoaren apologia egiten duen kontzentrazio bat?». Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak esan zuen legezko erakunde bat dela, eta baimena eskatua zuela, baina EH Bilduri harrigarria zaio esatea gauzak ezin direla debekatu. «Gu gobernuan bageunde, hauek ez ziren hona etorriko. Ez dakigu norbaitek eztabaida lokaztu nahi duen, baina uste dugu ez dela onargarria Euskal Herrian Falangearen kontzentrazioak egitea», azpimarratu du.

Istiluekin lotuta, adierazi du hemen egin behar den eztabaida zera dela: «Euskaldunek zer Polizia mota nahi dugun. Garbi utzi nahi baitugu: euskal errepublikan Polizia egongo da. Besterik da zer Polizia mota. Izan ere, foamez zauritutakoen irudiak ikusita, Iñigo Cabacas II eduki genezakeen».

Palestinari elkartasuna adierazteko lanuzteak ardaztu du astea. Horri buruz, Otegik uste du Euskal Herrian halako elkartasun uholde bat izateko hainbat arrazoi daudela. «Lehenik, guk memoria historikoa daukagu, eta badakigu herri baten kontrako sarraskiak zer diren. Bigarrenik, ezkerreko askapen mugimenduak harremana eduki izan du Palestinarekin. Hirugarrenik, genozidio baten inguruan gure jendeak sentsibilitate berezia dauka; eta azkenik, gu ere herri okupatu bat gara, zatitua, ez-onartua eta estatu bat izateko eskubidea duena. Arazo nazionalak lotzen gaitu, eta horri irtenbide demokratiko bat bilatzeko ahaleginak. Horrek guztiak isla bat du gure herrian, eta pozgarria da».

Estatus berria

Bestalde, Aitor Esteban EAJko presidenteak ‘Deia’ egunkariari emandako elkarrizketan irmo defendatu du estatus berriak EAJ, EH Bildu eta PSEren akordioa behar duela. «Bestela ez da akordiorik egongo», ziurtatu du. Eta konfiantza agertu du hiru alderdien borondatean.

Negoziazioari buruz aipatu du koalizio abertzalearen planteamendua mutur batera doala eta ez lituzkeela filtro judizialak pasatuko. Horregatik, «errealistak» izatea aholkatu die, jeltzaleek bezala, proposamen «orekatuago» bat eginez. «Punturen batean elkar topatuko badugu hurbilago egongo da gure proposamenetik Bildurenetik baino».

EBBko buruak argitu du egunerokoan harreman ona dutela jeltzaleek PSErekin eta talkak zarata izan direla beste ezer baino gehiago. Segurtatu duenez, «lehen egunetik» azaldu zioten PSEri lan eskaintza publikoetan euskara blindatzeko asmoa. «PSEren botoarekin egitea gustatuko litzaiguke», aitortu du.

EH Bilduk Ertzaintzaren ekintzak kritikatu izana salatu du. «Ez dute fokua bandaloengan jarri nahi, ezta beren jokaera gaitzetsi ere beti daudela oreka ezegonkor batean». Herritarrak zonalde batzuetan segurtasunagatik kezkatuak daudela onartu du eta lehendakariak adituekin prozesu bat hasi duela jakinarazi du, «Osakidetzarekin egin zen modukoa».