Beste behin ere, nazioarteko izaera duen CVCEPhoto mendi jardueren argazki lehiaketa era arrakastatsuan amaitu da. Herenegun Donostian eginiko sari banaketan kalitate handiko irudiak ikusteko parada izan zen. Gala berezia izan zen, gainera. Club Vasco de Camping Elkartearen 75. urteurrena ospatzeaz gain, bat egin zuen beste gala edo festa batekin: Euskal Mendizale Federazioarenarekin.
Argazki lehiaketaren hamaikagarren edizioa iragan da, baina sari banaketak aztarna ederra utzi du. Ez da harritzekoa: 38 herrialdetako 800 irudi jaso dituzte. Denera, 144 egile. Eta ehunka argazki horien artean batek egin du distira gehien: Rainer Eder austriarraren ‘Michelangelo’-k. Hori da azken ekitaldi honetako irabazlea. Bigarrena, berriz, Alex Wides italiarraren ‘Climbing’ argazkia da. Eta hirugarrena, Patricia Valero espainiarraren ‘Bailando en el río’.
Gala horretan aurkeztu zituzten lehenengo hiru sarituen argazkiak, baita finalistenak ere. Horretaz gain, Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako ekimen horretan beste bi irudi saritu ziren. Batetik, Euskal Herriko argazki onenaren saria banatu zen. Aritz Gordo izan da irabazlea ‘Neguko oreka’-rekin. Bestetik, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia kartelaren saria eman zuten. Hori Julia Roger Veyerren ‘The Cave’-k jaso du.
Hamaikagarren edizioaren inguruan antolatzaileek GARAri adierazi diote oso pozik daudela jasotako erantzunarekin: «Duela urte batzuk argazki kopurua mila iruditan egonkortu zen. Pandemiaren aurretik parte hartze handiagoa izaten genuen. 2021ean asko jaitsi zen, baina berriro gora egin zuen eta azken hiru urteotan antzeko kopurua izan dugu. Halere, kalitateari eutsi diogu urtero; puntako argazkilarien partaidetza oso fidela da, eta argazki horietatik beti izaten dira berrehun bat maila handikoak. Horien artean gutxi batzuek maisutasun ikaragarria erakusten dute, baina beti izaten dira, pena handiarekin, saritu gabe geratzen diren argazki oso onak».

Esan bezala, Eder austriarra izan da irabazlea. CVCEPhoton partaide beteranoa eta maiz saritutakoa da, baina aurten gailendu da aurrenekoz ‘Michelangelo’ irudiarekin. Eskaladako argazkia da irabazlea, zuri-beltzean eta paretaren ehundura bereziak harrobi zahar batean egiten dituen marrazkiekin jokatuz egina. Alex Wides italiarrak jaso du bigarren saria ‘Climbing’-ekin, Patagoniako argazki panoramiko izugarriarekin. Eta hirugarren, boulderreko argazki batekin, Patricia Valero espainiarra geratu da; ‘Bailando en el rio’-k basoaren erdian erreka ondoko bazter eder eta baketsu bat erakusten du.
Oso sendo
CVCEPhotoren sari banaketan aurreko edizioetako joera bera ikusi zen. Mendi jarduera du oinarri sendoena, eta eite horrek neurri handi batean izaera berezia ematen dio argazki lehiaketari. Antolatzaileek, behinik behin, onartu digute atal hori oso osasuntsu dagoela: «Mendi jardueren argazkilaritza munduan espezialistak daude, eta haiek guk bezain garbi daukate CVCEPhotoren nortasuna eta egiten dugun apustua zein den. Izugarri eskertzen dute gurea bezalako lehiaketa bat, non protagonismo osoa mendizaletasunak duen eta “mendizaletasuna” kontzeptuan sartzen diren jarduera desberdinek; besteak beste, boulderrak, trail running-ak, skylineak eta dry tooling-ak».
Beste arlo batzuetan bezala, argazkilaritza ere bilakaera izaten ari da eta joera berriak ikusten ari gara. Gai horren inguruan, antolatzaileek esan dute ez dutela ezustekorik izan: «Partaidetza aldetik, bigarren urtez argazkilari txinatarrak saritu ditugu. Hori nahiko berria da eta lehiaketaren ospea nazioartean urrutira iristen den seinale. Edukietan ez da ustekaberik izan; gai ezagunak jorratzen dituzte aurten saritutako argazki guztiek eta gaur egun ez da erraza teknika aldetik edo konposizioan ekarpen harrigarria egiten duen argazkirik topatzea. Duela urte batzuk argiztapen baliabide berriek beren ekarpena egin zuten, edo izarren eta ilargiaren posizioak erakusten dituzten aplikazioek, edo droneek, edo bestelako teknologia lagungarriek. Baina horiek guztiak gaur egun argazkilari askoren errutinan erabat finkatuta daude».
Arestian aipatu bezala, argazki lehiaketaren oinarria mendi jarduera da; bai, horren ingurukoak izan behar dira argazkiak. Beste lehiaketa batzuekin alderatuta, antolatzaileek argi dute nazioarte mailan CVCEPhoton atal hori oso egonkortuta dagoela: «Bai, esan bezala, barneratuta dugu guztiok, partaideek zein antolatzaileek. Mendi jardueren argazkilaritzan munduan dagoen lehiaketa garrantzitsuena dela esan daiteke beldurrik gabe: ospearengatik, parte-hartzaileen kalitatearengatik eta sari ekonomikoengatik. Normalean, lehiaketa hauek mendi elkarteek antolatzen dituzte eta ez da erraza izaten horrelako erronka bati aurre egitea: baliabideak, azpiegiturak, boluntarioak eta diru iturriak lortzea ez da erraza. CVCEPhoto abentura edo natura lehiaketen parean jar dezakegu; horiek atal berezi bat izaten dute mendi jarduerei dedikatuak, baina lehiaketa handiagoak izaten dira eta aurrekontu handiagoa dutenak. Montphoto, Memorial Maria Luisa eta guztien gainetik dagoen RED Bull Illume izaten dira erreferentziak, baina bereziki mendi jarduerakoekin alderatuta, ez dago CVCEPhotoren parekorik. Argazkilari espezialistek gure lehiaketan jasotzen duten protagonismoa aipatutako horien beste atalen artean lausotuta geratzen da».

Hamaikagarren ekitaldiaren ateak itxi eta Donostiako mendi elkarteko antolatzaileak jarri dira dagoeneko hurrengoari begira. Etorkizunerako ez omen dute asmo berezirik: «Bide beretik jarraitzea da geure helburua. Baina norabide berdina izateak ez du esan nahi ibiltariak ere berdinak izango direnik. Antolakuntzan errelebo eske hasiak gara; urte asko dira talde berdinarekin lanean eta, agian, berrikuntza mesedegarria izango litzateke».
Amaitzeko, aurreratu bezala, argazki lehiaketaren sari banaketak beste gala batekin bat egin zuen, hain zuzen ere, Euskal Mendizale Federazioak antolatutakoarekin; «horrek ikusgarriagoa egiteko aukera eman digu, ikusle berriengana ailegatzeko aukera eman baitu. Bide batez, joan den ostiraleko galara hurbiltzerik izan ez zutenek oraindik badute aukera ederra saritutako irudi guztiak Donostiako gune berezi batean ikusteko: Bulebarrean egongo dira. Bai, kalean bertan. Irudiak 2x2 metroko formatuan daude».

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

