
Azkenaldian ohi bezala, Javi Zabalaren partidak eduki du emoziorako tarterik. Bideratuta zeukan dema kasik okertu egin zaio, pasa den astean Bakaikoaren aurka gertatu bide beretik, baina azkenean lortu du 22ra iristea, Peña II.a erabat hustuta utzita.
Tolosarrak 18-17an lortu du partidako lehendabiziko abantaila, une oro korrontearen kontra lehiatu ostean (1-5, 2-7, 5-10...). Errioxarrak kantxan ezartzen duen ekaitza, gainera, askotan gobernaezina izaten da, baita berarentzat ere, 12-16an erakutsi duen legez. Abantaila ederrak izan ditu Zabalak, partidari erritmo bizia eman eta Peña II.a bere etxean deseroso sentiarazteraino.
Lehen atsedenaldi luzera sei tantoko abantailarekin iritsi da (6-12) baina nabaritu da burua ez zeukala erabat argi, aurreko asteetako mamuek, nolabait, hor segitzen zutela. Bitartean, Peña II.ak ofizioa atera du eta 5-1eko partzialarekin, markagailua estutzera iritsi da (11-13). «Ongi defendatu du abiadura jartzen nuenean», adierazi du Zabalak berak. Hala ere, jarraikortasuna falta izan zaio eta Zabalak berriro ere tarteak irekitzeko baliatu du.
Gogortasun gehiago
Bigarren erdian, oro har, tantoak are gehiago gogortu dira. 11-16koan, esaterako, 39 pilotakada jo dituzte, batak bestea alde batetik bestera mugituz, zein lehendabizi akitu zain. Zabalak eskuratu du tantoa baina nekea bientzako izan da. Ezker horman ongi sartu ez eta Peña II.ak sakea berreskuratu du, partidako lehen berdinketara bidean jartzeko 16-16.
«Segi mozten, eta gero ezkerrarekin nahi duzuna egin», esan dio tolosarrari bere botiloreak. Halere, une erabakigarrienetan huts egin du gipuzkoarrak eta horrek eman dio hauspoa Zabalari, mamuen artean itsutu aurretik. 16ko berdinketarekin txapara bota du Peña II.ak eta 18-17 aurretik jartzea lortu badu ere, abantailak ez du inolako jarraipenik izan: 18-21eraino eskapatu da Zabala. «18-18ko berdinketan oso aurrean eduki dut aukera bat, behera bota dudana. Iruditzen zait, bera ni baino askoz gehiago izan dela partida guztian, baina lanarekin eutsi egin diodala», onartu du Baikoko aurrelariak, ETBko kameren aurrean.
Hala ere, 18ko berdinketatik aurrera, eta baita 18-21eko aitzin ere, sufrimendurako tarterik egon da Beotibar pilotalekuan. Hainbeste, Zabalaren aitak piskologo rola hartu behar izan duela, ezinbestean. «Ez dugu bururik galdu behar, burua galtzen badugu partidak ihes egingo digu», esan dio semeari, Peña II.ak lehen abantaila lortu duenean.
Diskurtsoa errepikatu behar izan du 20-21eko markagailuarekin, pasa den astean Bakaikoaren aurka jokatutako partidaren traza guztia hartu baitu norgehiagokak. 19-21ekoan Peña II.ak ongi ireki du zabalera eta 20-21ekoan sakez lekuz kanpo harrapatu du Zabala.
Azken tanto sufrituan, Peña II.ak berriro ere sekulako defentsa erakutsi du, Zabalaren mentalitatean min egiteko bezalakoa baina azkenean, errioxarrak ongi errematatu du tantoa, Lau eta Erdiko honetan lehen aldiz 22ra iristeko.
Modu honetan, A multzoa gori-gorian dago. Peña II.ak ere aukerak ditu finalerdietara sailkatzeko, baldin eta Zabalak Altuna III.aren aurka galduko balu: «Inor baino pertsona hobea da fidatzeko», esan zuen tolosarrak, etxean galtzearren penatuta.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
