Inspira Bizitzak topaketaren edizio berri bat egin du Kutxa Fundazioak astelehen honetan Donostiako Kursaal jauregian. Gipuzkoako prestakuntza-orientaziorako topaketa nagusia da, eta DBHko 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako erdi-mailako ikasleak hainbat arlotako profesionalekin konektatzen ditu, euren etorkizun akademiko eta profesionalari buruz hausnartzen eta erabakitzen laguntzeko.
2011n Kutxa Fundazioa Inspira Bizitzak proiektuarekin hasi zenetik, gutxi gorabehera 7.500 ikaslek eta 740 profesionalek hartu dute parte. Aurten, lehen aldiz, ekitaldia Kursaalen izan da, eta bertan 1.800 ikasle inguru bildu dira 80 profesional baino gehiagorekin.
Gaurko jardunaldian esparru askotako profesionalek hamar hitzaldi labur eman dituzte. Ondoren, Kubo Handian, nerabeen zalantzak argitzen saiatu dira, «hurbiltasun-giro parte hartzailean».

«Mundu aldakorrean, erronka»
«Mundu aldakor honetan, hezkuntza-ibilbidea erabakitzea erronka handia da gazteentzat. Inspira Bizitzak, hain zuzen ere, behar horri erantzuteko sortu zen, entzute aktibo, truke eta laguntzarako gune bat sortuz. Ikasleek zuzenean galdegin diezaiekete bide profesionala eta akademikoa jada egina dutenei, haien esperientziak, zailtasunak eta ikaskuntzak ezagutzeko», azaldu du Kutxa Fundazioak.
«Inspira Bizitzak programarekin gazteei beren etorkizunari buruzko erabakiak hartzen lagunduko dieten erreferente hurbil eta errealak eskaini nahi dizkiegu. Uste dugu dagoeneko bide hori egin duten profesionalei entzutea funtsezkoa izan daitekeela bidaia honetan inspiratu eta laguntzeko», adierazi du Ander Aizpuruak, Kutxa Fundazioko zuzendariak.
Inspira Bidaiak programaren barruan
Inspira Bizitzak proiektua Kutxa Fundazioaren Inspira Bidaiak programaren barruan kokatzen da, eta horrek nerabezaroa eta gaztaroa gizabanako bakoitzaren etorkizun pertsonalerako bidaia gisa ikusten ditu. Programaren helburua Gipuzkoako gazteei beren grinak eta talentuak ezagutzen eta bideratzen laguntzea da, trantsizio ekosozialean eta gizarte bidezkoago eta jasangarriago baten eraikuntzan inplikatzea sustatuz.
Horretarako, Inspira Bidaiak ekimenak eta jarduerak –gogoeta, hitzaldiak, mentorizazio-saioak, bisitak, ikastaroak edo sariak– eskaintzen ditu, sortzetiko gaitasunak identifikatu eta horiek proiektu esanguratsuetara bideratzea errazten dutenak, kontuan hartuta berehalakotasunaren kulturaren, erreferente-gabeziaren edo arrakala sozioekonomiko, teknologiko eta generokoen berezko zailtasunak.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon
