NAIZ

Izaskun Ugarte iheslari ohia zendu da, Mikel Goikoetxea ‘Txapela’-ren alarguna

25 urte zituen Izaskun Ugarte errefuxiatuak, bere aurrean, GALek Mikel Goikoetxea ‘Txapela’ bikotekidea hil zuenean Donibane Lohizunen. Astearte honetan zendu da Bilbon GALeko biktimen familien dolua gorpuztu zuen emakume hura, sufrimenduaren zama bere figura txikian eramango balu bezala.

Izaskun Ugarte, eskuinetik bigarrena, Hodei eta Haize alabekin, iazko urtarrilean, ‘Txapela’ hil zuteneko 40. urteurrenean.
Izaskun Ugarte, eskuinetik bigarrena, Hodei eta Haize alabekin, iazko urtarrilean, ‘Txapela’ hil zuteneko 40. urteurrenean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilbon zendu da, 66 urte zituela, Izaskun Ugarte iheslari ohia.

1983ko abenduaren 28an Mikel Goikoetxea ‘Txapela’ hil zuen GALek bere bi alaba txikien eta Izaskun Ugarte bere bikotekidearen aurrean, Donibane Lohizuneko bere etxearen aurrean. 2018an, Jordi Evoleren ‘Salvados’ saioan, horrela deskribatu zuen unea: «Gure etxeko aparkalekura iritsi ginenean, haurra bere jostailuen saskitxoarekin joan zen eta ni autoaren ondoan nengoen, Mikelen zain eta begira. Bat-batean, ‘klik, klik, klik’ bat bezala entzun nuen barandan jotzen, eta pentsatu nuen salto egindako harritxoak zirela. Bat-batean zaborrak gordetzen ziren guneko atea irekitzen ikusi nuen, tipo beltzaran bat atera zen arma luze batekin eta nola egiten zuen tiro ikusi nuen. Esan nuen: ‘Mikel, Mikel!’ eta ez nuen gehiago ikusi. Lurrean zegoen. Hortik aurrera, ospitalea eta heriotza» 

Adats luzeko emakume gazte hark sufrimenduaren zamari bere figura txikiarekin eusten ziola zirudien, bikotekidearen errautsak itsasoan zabaldu zituenean. Eta gaur egun, lau hamarkada luze pasa direnean, ‘Txapela’ hil zuten tiroen zuloek hor diraute, hil zuten gunean ikusgai, bere heriotza oraindik argitzeke dagoela gogorarazi nahiko balute bezala. 

Atentatua pasa eta hilabete beranduago, Bixente Perurena ‘Peru’ eta Angel Gurmindo ‘Stein’-en gorpuak oraindik lurrean zeudela Hendaiako kale batean, amorruz baina patxadaz jo zuen neska gazte batek CRS poliziengana, 'Egin'-ek kontatzen zuenez. Bazuen galdera bat egiteko: «‘Gutako zenbat hil behar dituzue erreakzionatzen has zaitezten?’. Gazte hura Izaskun Ugarte zen, Mikel Goikoetxea ‘Txapela’-ren bikotekidea, GALek 1984ko otsailaren 8a baino hilabete lehenago hil zuena», irakurri genuen Artefaktuan.

Mikel Goikoetxea 'Txapela' eta Izaskun Ugarte, Valençòlan konfinatuta egon zenean, 1979an. (WIKIMEDIA COMMONS)

2009an, Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean ikusi ahal izan zen hilabete batzuk lehenago estreinatu zen ‘Itsasoaren alaba’ dokumentala. Josu Martinez zuzendariak, kamera hartuta, Haize Goikoetxea Ugarteri lagundu zion bere aitaren arrastoaren bila, memoriaren berreskurapeneko ariketa beharrezko batean.

Iazko urtarrilean Derion izan zen Izaskun Ugarte bere bi alabekin, ‘Txapela’-ren’ erailketatik 40 urte bete zirenean. Han Egiari Zorrek gerra zikinaren dokumentuak desklasifika daitezen eskatu zuen eta Hodei Goikoetxeak aitaren gutun bat irakurri zuen. Honela zioen: «Bide hau hartzea erabaki nuenean, ez zen soilik izan besteak ohartarazteko askatasuna gure esku dagoen utopia dela, baizik eta nik neuk ere horretaz jabetu behar nuela. Kontzientzia hartze hau etengabea da».

‘Salvados’ saioaren elkarrizketa hartan, Rafael Verari zer galdetuko zion itaun zion Jordi Evolek: «Estatuak antolatu izanak Estatuaren hildakoen biktimei justiziarako eskubidea kentzen digu, Estatuak ez baititu bere bitartekoak jarriko hori argitzeko. Uste dut jende dezentek eman liezazkigukeela azalpenak, uste dut Rafael Verak kontu batzuk argitu beharko lizkidakeela; Felipe Gonzalezek uste dut ez duela halakorik egingo, baina gustatuko litzaidake bera parean eduki eta ‘hemen gaude, zu eta ni, eta badakigu, kontaidazu’ esatea. Eta esatea zergatik, nola, norekin eta nor izan zen zehazki. Eta egun horretan esango dut: ‘Bale, hori behar nuen».