Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Rodrigo Paz Boliviako presidente eta ziklo neoliberal berriaren hasiera

Boliviako hauteskundeek aldaketa politiko sakona ekarri dute. Bigarren itzulian, Rodrigo Paz hautagaiak garaipena lortu du Jorge Tuto Quiroga buru zuen Libre aliantzaren aurrean. Evo Morales hauteskundeetatik kanpo geratu ondoren, herrialdeak hogei urteko ezker gobernuen aroa atzean utzi du.

Rodrigo Pazek hitzaldi bat eman du bere jarraitzaileen aurrean, La Pazeko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliko emaitzen ondoren.
Rodrigo Pazek hitzaldi bat eman du bere jarraitzaileen aurrean, La Pazeko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliko emaitzen ondoren. (Jorge Bernal | AFP)

Boliviak eskuinerako bidea hartu zuen azto. Hauteskundeen bigarren itzulian, Rodrigo Paz Alderdi Demokrata Kristauaren (PDC) hautagaia izan da garailea, botoen %54,5 lortuta; Jorge Tuto Quiroga presidente kontserbadore ohiak gidatutako Libre aliantzak, berriz, %45,5 eskuratu ditu. Evo Morales Auzitegi Gorenaren erabaki baten ondorioz hauteskundeetara aurkezteko ezgaituta, eta hogei urtez ezkerreko gobernuak izan ondoren, Pazek politika neoliberaletan eta merkatu askeko eredu ekonomikoan ikusten du Boliviak bizi duen krisi sakonetik ateratzeko bidea. Emaitzak biraketa ideologiko esanguratsua dakar, eta sustatzaileen arabera, herrialdea modernizatzeko, atzerriko inbertsioa erakartzeko eta atzeraldi ekonomikoa egonkortzeko ziklo berri baten hasiera markatzen du.

«Guztiontzako kapitalismoa» goiburu polemikoaren pean, Pazek «sistema aldatzea» eta, aldi berean, «bertan bizi direnei kalterik ez eragitea» helburu duen proiektu politikoa mahaigaineratu du. Diskurtso horrek itxurazko adostasun orokorra bilatzen du, eta kanpainan argi islatu da: presidente hautatu berriak ideologia kontrajarrietako kontsignak uztartu ditu, pragmatismo politikoko ariketa deigarri batean, askoren ustez oportunismo hutsa dena. Bere mitinetan entzun dira bai «Jainkoa, familia, aberria» lelo kontserbadorea, bai «Beti garaipenerarte» oihu iraultzailea. Estrategia anbiguo horrek babes zabala lortu du, enpresa sektorearen laguntza eta ezker tradizionalarekiko etsita zeuden boto-emaileen arreta bereganatuz.

Lehen itzulian Paz bigarren tokian sailkatu izanak ustekabea eragin zuen bai herrialdean bai nazioarteko komunitatean, aurreikusi ezin zen hauteskunde-egoera baten aurrean. Bere garaipenak ziklo politiko berri bati atea irekitzen dio, azken lau hamarkadetako krisi ekonomikorik larrienetako bati aurre egiteko asmoarekin: BPGaren %2,4ko jaitsiera, urte arteko %20ko inflazioa eta hidrokarburoetan aberatsa den herrialde batean inoiz ikusi gabeko erregaien krisia. Azken hilabeteetan, zerbitzuguneetako ilara luzeak ohiko bihurtu dira. Bigarren itzuliaren aurreko asteetan hornidura egonkortzen hasi bazen ere, hauteskundeen bezperan sistema berriz ere kolapsatu zen.

Norabide berria

Pazen igoerak eragindako harriduraz harago, ez da pertsonai berria politikan. Tarijako diputatu, alkate eta senatari izan da, gas eta petrolio erreserba handiak dituen departamentu batean, eta bertakoa da bere familia ere. Aitona, Victor Paz Estenssoro, eta aita, Jaime Paz Zamora, biak izan ziren herrialdeko presidenteak, zentro-ezkerreko ikuspegi moderatuago batetik. Oraingo presidenteak, ordea, agenda askoz liberalagoa proposatzen du: gastu publikoaren murrizketa sakonak, ekonomiaren formalizazioa eta inbertsio pribatuarentzako ateak zabalduko dituzten erreforma konstituzionalak.

Horrela, Paz Boliviaren norabidea aldatzeko prest dagoen presidente gisa ageri da, eredu ekonomiko argi eta garbi neoliberal baterantz, non ekonomiaren eta kapitalaren pisuak herritarren ahotsa baino indar handiagoa hartzeko arriskua dagoen. Bere agintaldia hasi aurretik ere, tentsio-giroa sumatzen da: alde batetik, hazkunde ekonomikoaren promesetan sinesten dutenak; bestetik, azken bi hamarkadetan lortutako gizarte-eskubideetan atzerapausoak izango ote diren beldur direnak.