NAIZ

Urduñako espetxe frankistaren beste lau biktima identifikatu dituzte genetikoki

Gogorak Urduñako espetxe frankistaren beste lau biktima identifikatu ditu genetikoki. Urrats berri horiekin, Urduñako hilerritik ateratako 93 presoren gorpuzkietatik 22 dira jada identifikatutakoak.

Urduñako hilerrianegindako desobiraketa lanen argazkia.
Urduñako hilerrianegindako desobiraketa lanen argazkia. (JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA)

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak genetikoki identifikatu ditu Urduñako espetxe frankistako lau biktimaren gorpuzkiak, herriko hilerritik berreskuratuak. Hauetxek dira: Faustino Aguado Serrano, Tomellosokoa (Ciudad Real); Manuel Guillen Exposito, Badajoz hirikoa; Miguel Fuertes Molina, Mirandillakoa; eta Antonio Monge Crucera, Medellingoa (azken bi hauek ere Badajozeko probintziakoak).

Ohar batean azaldu duenez, datozen asteetan Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua, Alberto Alonso Gogorako zuzendaria eta teknikari bat joango dira bertara, identifikatuen familiekin bildu, gorpuzkiak eman eta ehorzketetan laguntzeko.

Identifikazio berri horiekin, dagoeneko 22 dira identifikatu eta 93ren familiei eman zaizkien gorpuzkiak.

Antonio Monge, «identifikatu gabeko» bat

Azken hilabeteetako identifikazioei esker, harremanak estutu dira beste erkidego batzuetako erakundeekin, bai eta elkarteekin eta familiekin ere. Hori da Monge familiaren kasua. Gogora Institutuarekin harremanetan jarri zen udan, laginak eman eta identifikazio-prozesuari ekiteko, analisi genetikoa eginez. Laginak DNA Bankuan gordetzen diren hezur-hondakinekin erkatuta, identifikatu ahal izan dira.

Antonio Mongeren gorpuzkiak 2014an berreskuratu ziren Urduñako hilerrian, lehenengo kanpainan. Ezin izan zirenez identifikatu, Urduñako kolunbarioan lurperatuak izan ziren 2022an, eta han atseden hartu zuten identifikatuak izan diren arte.

Senideak aurkitzeko, Gogora Institutuak biktimak zein erakundetan bizi ziren edo nondik eraman zituzten aztertzen duten erakundeen, ikerketa-taldeen eta elkarteen laguntza du. Preso horiek hil zirenetik igarotako denborak senideak aurkitzea zailtzen du, eta identifikazio genetikoa ere zailtzen du. Izan ere, hezur-hondarretatik atera daitekeen DNAren kalitateak eta DNA erauzten zaion senidearen ahaidetasun-mailak erabakitzen dute azkenean identifikazio genetikoa lortzea.

Identifikazioaren gakoak: dokumentazioa eta DNA

Joseba Egiguren ikerlari lokalak egindako lanari esker, Gogora Institutuak 225 hildakoren zerrenda bat du, 1937 eta 1941 artean, Urduñako espetxean hil ziren pertsonen izen-abizen eta jatorria dituena. Berreskuratutako gorpuzkiak genetikoki identifikatzeko pertsona horien ondorengoak aurkitu eta haien DNA lagina lortzea da helburua, hezur-hondarretatik ateratakoekin erkatzeko. 

Identifikazio genetikoa posible izan dadin, beharrezkoa da hildako pertsonen ondorengoen DNA laginak berreskuratutako hezur-hondakinetatik ateratako laginekin alderatzea.

Familiei dei egiten zaie Gogora Institutuarekin harremanetan jar daitezen. Gainera, Urduñari buruzko informazio guztia www.labur.eus/orduna helbidean kontsulta daiteke.

1936ko gerran desagertutako pertsonak bilatzeko eta identifikatzeko programaren barruan sartzen dira Urduñako hilerriko 93 biktimak berreskuratzeko lanak eta biktima horiek identifikatzeko
ahaleginak. 

Aranzadi Zientzia Elkartearen eta EHUko Biomics laborategi genetikoaren bitartez egiten da, DNA Bankuko laginak erkatuz identifikazio genetikoa egiteko ardura baitu.