
Zahartzaroaz maiz mintzatu da Arantxa Urretabizkaia. Eman ditu hitzaldiak, galdetu diote elkarrizketetan eta nobela formatuan ere idatzi du aferaz. Orain, hainbat urtetan pilatutako jakintza eta galderak Pamielaren eskutik argitaratu duen ‘Zahartzaroaren maparen bila’ liburuan jaso ditu Urretabizkaiak. «Hau ez da saiakera akademiko bat, ez da soziologia, ez da autolaguntza, hausnarketa bat baino ez da», azaldu du Donostiako Udal Liburutegi Zaharrean egin duen aurkezpenean.
Lander Majuelo Pamielako editorea izan du lagun aurkezpenean. Urretabizkaiak liburuan hizketagai izan duen auzia esaldi bakarrean laburtu du, «zahartzaroa aldatu da». Izan ere, azaldu du bizitza luzatu eta bizi kalitatea hobetu izanaren ondorioz norbanakoari eskaintzen zaizkiola «bi hamarkada gizartean parte hartzeko».
Hain zuzen ere, horren inguruan hausnartu du Urretabizkaiak liburuan, zahartzaroa bizitzeko era desberdinez. Anekdota bat baliatu du idazleak argitaratu berri duen lanaren nondik norakoak azaltzeko. Gogora ekarri du Pedro Miguel Etxenikek ematen duen erantzuna galdetzen diotenean zenbat denbora eman duen hitzaldi jakin bat prestatzen: «‘Berrogei urte’ esaten du, bada, liburu honekin berdin».
«Zahartzaroaren bila ez daukagu maparik, eta mapa hori ez dugu egingo ez nik ez ni baino argiagoa den beste norbaitek, belaunaldi baten lana da»
Idazleak gogora ekarri du bera zahartzen hasi zenean ikusi zuela zahartzeko modu tradizionala desagertu zela, eta orduan hasi zela horren inguruan hizketan eta idazten. Harridura sortu zion, hain zuzen ere, berak gaiaz esaten zuenak sortzen zuen harridura. Orduan otu zitzaion hitzaldietan, elkarrizketetan eta abarrean esan eta planteatu dituenak «txukundu» eta argitaratzea.
Horrela ondu du ‘Zahartzaroaren maparen bila’. Bilaketa da mahaigaineratu duena, izan ere, idazlearen hitzetan, «zahartzaroaren bila ez daukagu maparik, eta mapa hori ez dugu egingo ez nik ez ni baino argiagoa den beste norbaitek, belaunaldi baten lana da». Hori dela eta, aferaren inguruan eztabaidatzeko gonbita luzatu du Urretabizkaiak.
Aukeratzeko gaitasunak desberdintzen omen du gaur egungo zahartzaroa aurreko belaunaldiei egokitu zaienetik. «Guk aukeratu dezakegu nola zahartu, aurrekoek ezin zuten aukeratu», adierazi du idazleak.
Azaldu duenez, oro har, adineko jendea deskantsatzen edo nahiago duena egiten egon ohi da, «baina, erabakiak hartzen diren lekutik urruti». Azpimarratu du horren erantzukizuna ez dela bakarrik erakundeena, norbanakoek ere badutela berea: «Guk sortu behar ditugu espazio horiek, erakundeak atzetik datoz».
Liburuaren irakurle potentzialen inguruan galdetuta, erantzun du ez duela uste adin tarte jakin bati zuzendutako liburua denik. Esan du bera irakurle denean ez dela ispilu funtzioa beteko duten liburuen bila joaten eta, beraz, pentsatzen duela bere irakurleei ere berdin gertatuko zaiela. «Hori bai, argitaletxeari eskatu nion letra handi xamarra jartzeko», zehaztu du.
Izan ere, zahartzaroari buruzko liburua da idatzi duena, baina ez «buruak edo gorputz osoak kale egin ondorengo zaharrei buruzkoa», baizik eta «muga guztiak kontuan izanda» ere, haien buruaren jabe izan nahi eta horretarako aukera duten zaharrei buruzkoa.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

«Dirigiremos Venezuela hasta que haya una transición», proclama Trump tras secuestrar a Maduro

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

