
Barrundiako Udalak sustatuta, Patioko Benta espazio berriak zabaldu zituen ateak ekainean, eskualdeko produktuei balioa emateko eta sustatzeko asmoz. Diziplina anitz batzen dira bertan, eta turismoari zuzendutako erreferentziazko puntu gisa hasi du ibilbidea. Eskualdean bizi edo lana egin, edo hura ezagutzera gerturatzen direnek, Patioko Benta ezagutzea ezinbestekoa izango da.
Udalak Patioko Benta esparrua eskuratu zuen, 1940ko hamarkadara arte komertziora zuzenduta zegoena eta toki estrategiko batean kokatuta dagoena -N-I errepideko bazter batean, Garaiorako bidegurutzean-, eta eraberritu egin du. 910.000 euroko inbertsioa izan du lehen fasean, eta Next Generation funts europarrekin finantzatua izan da, Arabako Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren laguntzarekin. Jatetxea bada, baina baita denda eta informazio puntua ere. Bigarren fase batean ekitaldi desberdinetarako erabili ahal izango den areto bat prestatuko dute, egun biltegia dena.
Barrundiako alkate Igor Medina Isasaren hitzetan, «eskualde mailan, Arabako Lautadan dagoen honelako proiektu bakarra da, alegia, landa eremuko merkataritza-gunea», non bertako ekoizleek euren produktuak eskain ditzaketen.
Patioko Benta ez da bakarrik eraikin bat, baizik eta nekazaritza munduaren aldeko apustu sendo bat, eskualdeari komunitatea eraikitzen laguntzeko, eta bertako ekonomiari eta ongizateari bultzada bat emateko. «Helburua beti izan da ekoizleen eta beren produktuen balioa nabarmentzea, eta udalerriko zein eskualdeko bizilagunen eskura jartzea. Horretarako digitalizazio inbertsio handia egin da, market-place bat sortuz pertsona orok Internet bidez erosi edo produktuak eskuratu ahal izateko, eta eraikinean bertan dagoen ahalmendun armairuetan jasotzea, behin erosketa eta ordainketa burutu ostean», azaldu du alkateak.
JATETXEA ETA EKONOMATOA
Patioko Bentaren alde garrantzitsu bat da. Tokiko ekoizleen bidez, eskualdeko lurrak emandako produktuak erabiltzen ditu lehengai gisa, plater bakoitza mimoz prestatuz.
Razioak, entsaladak, pizzak eta etxeko postreak eskaintzen dituzte, prezio oso lehiakorretan. Horiek prestatzeko, tokiko produktuak erabiltzen dituzte, zero kilometrokoak, euren kalitatea bermatzeko eta tokiko ekonomiari laguntzeko. Hain justu, bertako ekoizle eta ekintzaileen ahalegin kolektiboari esker sortu da Patioko Benta.
Jatetxeaz gain, bisitariek ere primerako produktu horiek zuzenean eros ditzakete eta etxera eraman OKT ekonomatoan. Hor daude salgai tokiko ekoizleen produktu fresko eta tradizionalak, hala nola frutak, barazkiak, hestebeteak, haragia, gazta eta esnekiak, kontserbak, lekaleak, olioa, artisautzak... «Showroom espazio bat dago ekoizleak beraien produktu berriak aurkez ditzaten, dastaketa desberdinak antolatuz, hitzalditxoak edo dena delakoa, erakustoki fisiko bat bailitzan», azaldu digu Medina Isasak.
Horrez gain, eskualdea ezagutzeko informazioa eskaintzen da Patiko Bentan, turismo bulegoa ere badelako. Hala, elizak, baselizak, gazteluak, dorretxeak, errotak, menhirrak edota latsarriak non dauden eta haien historia zein den azalduko da, horiek bisitatu ahal izateko, eta eskualdea bizirik mantentzeko.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

El primer festival Aske pone la banda sonora a una Euskal Herria libre

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial
