Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Erlijioaren eta maitasunaren ertzak

‘LOS DOMINGOS’
Estatu espainola & Euskal Herria, 2025. 115’. Zuzen eta gidoia: Alauda Ruiz de Azúa. Akt.: Blanca Soroa, Patricia López Arnaiz, Miguel Garcés, Juan Minujín, Nagore Aranburu. Argaz.: Bet Rourich.

'Los domingos' filmeko eszena bat
'Los domingos' filmeko eszena bat (Movistar Plus+)

Orain dela hiru urte ‘Cinco lobitos’ filmarekin Zuzendari Berri Onenaren Goya Saria, Malagako Zinemaldiko Urrezko Biznaga eta Gidoi Onenaren Feroz saria lortu zituen, eta Oscar sarietarako aurre-hautatu zuten. Handik bi urtera iritsi zen ‘Querer’ telesaila; zehaztasun ia kirurgikoz onespenaren eta tratu txarren inguruko erradiografia hipererrealista aparta osatu zuen  Ruiz de Azuak. 

Oraingoan Alauda Ruiz de Azua zinemagile bizkaitarrak, Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi ostean, ‘Los Domingos’ filma estreinatuko du.

Blanca Soroak 17 urteko Ainara gorpuzten du. Ikastetxe erlijioso batean ikasten du, eta, horrez gain, egonaldi laburrak egiten ditu klausurako mojen komentu batean. Ainarak gero eta lotura handiagoa sentitzen du Jainkoarengandik, eta halako batean etxean esango du klausurako moja bilakatu nahi duela. Albisteak ustekabean harrapatuko ditu bai Iñaki aita (Miguel Garces), bai, bereziki, Maite izeba (Patricia Lopez Arnaiz). Biak saiatuko dira erabaki horri aurre egiten: bata nolabaiteko onarpenetik, bestea, berriz, arrazoiaren bidez ilobari erantzunez. 

Istorioaren hazia

Alauda Ruiz de Azuari istorio hau kontatzera bultzatu ziona «duela urte asko, gazteagoa nintzenean, hasi zen istorio bat da. Erlijiozko bokazioa izan zuen neska baten istorioa ikusi nuen. Deigarria egin zitzaidan, nigandik kanpoko zerbait zen eta oso harrigarria iruditu zitzaidan hain gaztea zen norbaitek horrelako erabaki bat hartzea. Egia da jakin-min hori urtetan mantendu nuela eta, denbora asko pasa ondoren, ‘Cinco lobitos’ filmatu eta gero, ekoizleekin hizketan, jakin-min hori nuela aipatu nien eta, jada ikuspegi helduago batetik, agian interesgarria izan litekeela familiatik heltzea, uste baitut –gero egin nuen dokumentazio-ikerketak berretsi zidan– familia batean tirabira asko sor ditzaken erabaki bat dela eta beste gauza askori buruz hitz egiteko balio lezakeena. Konturatu ginen han oso gai interesgarria zegoela atzean eta idazteari ekin nion. Proiektu hau ‘Querer’-ekin batera prestatzen aritu ginen, filmatu eta postprodukzio zen arte», aipatu zuen zuzendariak elkarrizketa batean.