Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Nerabezaroaren eta heldutasunaren arteko «linboaz» dakar Julen Apellak bere lehen eleberria

‘Salekako bihotzak’ nobelan Z belaunaldiaren beldurrak, ametsak, harremanak izateko moduak, ezinegonak eta, funtsean, nerabezaroaren urteen eta helduaro «egonkorraren» arteko «linboa» irudikatu du Julen Apella idazle gazteak. Bere lehenengo eleberria Agustin Zubikarai bekari esker argitaratu du.

Julen Apellak, liburua eskutan, Donostian eginiko aurkezpenean.
Julen Apellak, liburua eskutan, Donostian eginiko aurkezpenean. (Andoni Canellada | Foku)

Bere lehenengo eleberria argitaratu berri du Julen Apella idazleak, Elkar argitaletxearen eskutik eta Agustin Zubikarai bekari esker. Gizaldi baten islada izan nahi ez badu ere, ‘Sakelako bihotzak’-en orrialdeetan Z belaunaldiaren beldurrak, ametsak, harremanak izateko ereduak, ezinegonak, errugabetasuna, lan-prekaritatea eta «inkomunikazio» ereduak bildu ditu.

Jokin eta Felix 21 urteko gazteen begietatik kontatzen du, baina hirugarren pertsonan dagoen narratzaile batekin. Pandemiaren eta honen ondorio psikologikoak ere pertsonaia garrantzitsua dira nobelan, 2023an kokatuta dagoelako, «pandemiaren ostean baina normaltasun ia erebatekoa genuenean», azaldu du Apellak ostiral honetan egindako aurkezpenean.

Aurreratu duenez, Jokinek Arte Ederretako gradua ikasi du, karisma handikoa da, kaotikoa, baina pandemian depresioak jota egon ondoren jendea erakartzeko eta liluratzeko gaitasuna alde batera utzi eta «noraezean» dabil. Karrera amaitu ondoren «ez dakielako zer egin» master bat ikasten ari da.

Masterrean Felixekin dago. Lagunaren oso desberdina da, arrazionalagoa, hotza, objektiboa eta «inoiz ez du ezertan destakatu», azaldu du idazleak. Krisialdi une bat bizitzen ari da, Maitane neskalaguna Erasmus bekarekin kanpoan dagoenez, harremana irekitzea erabaki dutelako.

«Askotan irakurleak ez dira protagonistekin identifikatuta sentituko», ohartarazi du Julen Apellak. Hala ere, zineman ‘coming of age’ deritzon azpigeneroaren barruan kokatzen du bere lan hau, «dagoeneko nerabeak ez direnak baina ezta heldu funtzionalak ere».

Emakume bat protagonista bezala jartzeko aukera aintzat hartu zuen Apellak, baina ez egitea erabaki zuen. Alde batetik, bere lehenengo nobelan «erosotasunean» gelditu nahi zuelako eta, bestetik, «ezegikia iruditzen zaidalako nik neuk bizi izan ez ditudan emakumeek bizitzen dituzten arazo estrukturaletan gehiegi sartzea».

Distantziatik

Estiloaz ere asko hausnartu du idazketa prozesuan zehar, «obsesionatu nau». Drama existentzialistarik egin nahi ez zuenez, distantziatik kontatu du belaunaldi honen egunerokotasuna, hirugarren pertsonan aritzen den narratzaile «nahiko distante» batek lagunduta.

Azaldu duenez, protagonisten pentsamenduetan «sartu eta atera» egiten da eta «ez du enpatia gehiegi sentitzen» beraiekiko. Beraz, haien pentsamenduen berri ematen badu ere, zinismotik eta ironiatik egiten du.

Horren bidez, «perspektiba eman» dio istorioari. Pentsamenduak kanpotik aztertzen dituen prisma hartu du, «gure burua kanpotik begiratzeko eta hausnarketa zintzoa egiteko». «Horretarako distantzia ona da», adierazi du. Gainera, narratologiaren arauak jarraitzen ez dituela uste du. Lagun bate irakurri ondoren esandakoarekin laburbildu du eleberriaren mamia: «kostunbrismo ironikoa».