
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa martxa betean doa. Asteburuan iritsiko da finalaurrekoen geltokira, igandean Zeanurin jokatuko den saioarekin. Bertan arituko dira ondorengo bertsolariak: Aissa Intxausti, Aitor Bizkarra, Bittor Altube, Imanol Uria, Jone Uria eta Oihana Bartra.
Aurtengo berezitasunetako bat finalaurrekoek bi buelta izango dituztela da. Lehen bueltan hiru saio izango dira: Zeanurin urriaren 26an; Abadiñon azaroaren 2an eta Barakaldon azaroaren 9an. Lehen buelta honetan 18 bertsolari arituko dira, 11 aurreko faseetan sailkatu direnak eta zazpi finalaurrekoetara zuzenean pasa direnak. Zazpi horiek finalista izan ziren 2023an, horregatik lortu dute txartel zuzena. Finalisten artean Nerea Ibarzabal da txapelketan ez parte hartzea erabaki duena, aurreko txapelduna hain justu. Ibarzabal finalista izan zen 2022ko Txapelketa Nagusian eta ziurtatuta dauka 2026ko Nagusiko parte hartzea. Segur aski hortik ulertu behar da aurtengo Bizkaikoan atseden hartzeko erabakia. Izan ere, txapelketak exijentzia handiko sasoiak izaten dira bertsolariarentzat. Txapelketa Nagusiko bezperetakoa da Bizkaiko aurtengoa eta horrek ere markatzen du lehiaren arnasa, Nagusirako puntuagarria baita. Bizkaitik 10 bertsolari sailkatuko dira 2026ko Euskal Herriko Txapelketara.
Bi bueltara
Lehen fase horretan arituko diren 18 bertsolari horietatik, 12 puntuazio onenak sailkatuko dira bigarren bueltara. Azken bi finalaurrekoak Bermeon (azaroaren 15) eta Markina-Xemeinen (azaroaren 22) jokatuko dira. Eta bi bueltetako puntuazioak batuta erabakiko da zeintzuk izango diren finalean.
Finala abenduaren 20an jokatuko da. Eta badira nabarmentzeko bi kontu gutxienez. Batetik, Casillan izango da finala. Aurreko Bizkaiko finalak Miribillan jokatu izan dira eta aurten tokia aldatzea erabaki dute antolatzaileek. Eta, bestetik, azken finalaurrekotik finalera bitartean dagoen denbora tartea aipatu behar da, kasik hilabete. Tartean beste kultura hitzordu garrantzitsuak izango dira eta abenduaren 20ra eraman behar izan dute finala. Pentsatzekoa da horrek bertsolarien jarduna baldintzatuko duela, epeak luzatu egiten direlako eta horrek prestaketaren plangintzan eragina izango duelako. Baina orain, seguruen, finalaurrekoen lehen bueltan izango dute burua eta gorputza bertsolariek. Eta gero gerokoak, pausoz pauso egin beharreko bidea baita txapelketakoa.
Nafarroako Txapelketa
Bizkaiko Txapelketa eta Nafarroakoa denboran parean doaz aurten. Igandean bertan jokatuko da Los Arcosen Nafarroakoaren lehen faseko azken saioa. Bertan arituko dira kantuan honako bertsolariak: Ekain Alegre, Joanes Illarregi, Kattin Madariaga, Mikel Lasarte, Saioa Alkaiza eta Xabier Maia. Behin saioa amaituta, hiru finalaurrekoetan parte hartuko duten 18 bertsolarien zerrenda itxiko da.
Nafarroan hiru finalaurreko jokatuko dira, buelta bakarrera. Honakoak dira hitzorduak: Agoitzen azaroaren batean, Leitzan azaroaren 8an eta Tafallan azaroaren 16an. Finala azaroaren 29an jokatuko da Iruñeko Nafarroa Arenan. Hemen ere finalaren toki aldaketa izango da, azken urteetan Anaitasunan izan baita.
Bizkaikoa bezala, Nafarroako txapelketa ere puntuagarria da Txapelketa Nagusiari begira. Orain artean lehen bostak sailkatzen ziren Nagusira. Aurten, bi gehiago izango dira. Guztira zazpi bertsolari sailkatuko dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

