«Azoketan ez dituzu bakarrik elikagaiak saltzen, komunitatea sortzen duzu»
Gaur egun gero eta jende gehiago ari da jaten dituen produktuei buruzko nondik norakoak ezagutu nahian. Orain 15 urte Gorka Irazabalek Goreko sortu zuen, lurra maitasunez landu eta kontsumitzaileekiko harremana kontu handiz zaintzen duen proiektua.

Nola hasi zineten barazkigintza ekologikoaren proiektuarekin? Zein izan zen Gorekoren jatorria?
Gurasoek naturarekiko maitasuna helarazi zidaten, txiki-txikitatik, baina nekazaritzarekiko neure istorioa, berez, 2008. urtean hasi zen. Metalgintzaren arloko enpresa batean lan egiten nuen, baina krisialdia heldu zen. Amets bat nerabilen gogoan aspalditik: lurra landu, neuk ekoitzitakoaz elikatu, bizi osasungarriagoa eraman, naturarekin harreman estuan... Derioko Nekazari Eskolan trebatu nintzen. Gero, proiektu bat prestatu, laguntzak eskatu, eta lur sail batzuk alokatu nituen. Honela jaio zen Goreko.
Zein motatako produktuak lantzen dituzue gaur egun?
Pausoz pauso, lan gogorra eginez, Goreko Euskal Herriko nekazaritza ekologikoa lantzen duen ustiategi handienetarikoa bilakatu da. Kimikorik eta pestizidarik erabili gabe dihardugu, eta ongarri organikoak besterik ez ditugu erabiltzen. Gure lehentasuna ez da asko ekoiztea. Garrantzi handia ematen diegu kalitateari, zaporeari eta osasunari. Urtean 60 fruitu eta barazki mota baino gehiago lantzen ditugu: tomateak, piperrak, kalabazinak, letxugak, babarrunak, meloiak, sandiak, porruak... Dena berdea, dena ekologikoa. Halaber, kontserbak egiteko ahaleginetan hasi gara, lurrarekin izaten dugun maitasun berarekin.
Zein da azokek zuen proiektuan betetzen duten papera?
Funtsezkoak dira. Euskadiko ia azoka guztietan parte hartu dugu: Elorrio, Plentzia, Ordizia... Eta sarituak izan gara ia leku guztietan. Adibidez, joan den urtean Gernikan barazkien saria jaso genuen. Salmenta zuzena ezinbestekoa izan da guretzat hasiera-hasieratik. Jendea entzuteko aukera izatea, zer nahi duten jakitea... etengabeko ikaskuntza da. Azoketan ez dituzu bakarrik elikagaiak saltzen, komunitatea sortzen duzu.
Hala ere, aurten azoketara joateari utzi diozue...
Bai, aurten atsedenalditxo bat hartzea erabaki dugu. Hamabost urtez jo eta ke aritu gara, atsedenik hartu gabe, eta orain berrikuntzak sartzeko ordua iritsi zaigu: ureztatze sistema berria ezartzen ari gara, produktu lerro berriak garatzen, gure kontserbak profesionalizatzen... Arnasa pixka bat hartu behar genuen. Baina hau ez da agurra. Berriro itzuliko gara plazara, inolako zalantzarik gabe.
Hamabost urte hauetan asko aldatu al dira azokak?
Bai, ikaragarri aldatu dira. Baina, azokak baino, zer motatako bezeroak dituzten eta kontsumitzeko modua izan dira benetan aldatu direnak. Azoketan oraindik barazkiak eta betiko produktuak daude, baina gaur egun gehien saltzen dena «folklorea» da: txakolina, gazta, bizkotxa... Nekazari eta kontsumitzailearen arteko topagunea baino, azokak festa bat bilakatu zaizkigu, nolabaiteko «postureoa», hain zuzen.
Azokek eta nekazaritza ekologikoak badute etorkizunik?
Bai, bada gai honekin kontzientziatutako jende asko, eta gure artean beti egongo da lekua azokentzat. Pertsona gero eta gehiagok jakin nahi dute jaten dutenaren nondik norakoa. Bizitza zentzudun eta jasangarriago baten aldeko joera dago gazteen artean. Osasunari, jasangarritasunari eta giza tratuari lehentasuna ematen dion jendea dagoen bitartean, azokek bizirik iraungo dute.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon
